2010(e)ko azaroaren 29(a), astelehena

Raoui


“Kontuz, kutxa hori zabaltzen baduzu ez diozu inoiz imajinatzeari utziko”. Ezkutuko istorioak. Ahmed Zusra

Souad Massi kantari argeliarrak kantatzen du “Has zaitez “bazen behin”/ eskaini ametsak./ Has zaitez “bazen behin”./ Gutako bakoitzak badu istorio bat bihotzaren sakonean”. “Raoui” kanta da, “Kontalaria”. Kantariak kontalari bati eskatzen dio ipuin bat konta dezan, haur denboretara eraman gaitzan, ipuinetan galtzeko. Eta haur denbora oroimenaren denbora da, istorioen denbora. Heldutakoan istorio horietara joko dugu, gure oroimena bizirik iraun araziz, berkontatze horretan gu geu ere bizirik jarraituko dugulakoan. Argeliako basamortuko hondarretan zenbat istorio eta misterio gordeko ote dira? “Mintza zaitez paradisuaz eta infernuaz/, inoiz hegan egin gabeko txoriaz./ Emaiguzu bizitzaren zergatia”


Amazonia oihanean barrena ibiltzen bazara zaratak, animalia harrigarriak imajinatuko dituzu. Mombe’uha-k, kontalariak, kontatzen du. Paraguay ibaitik behera ur gezetako izurdea dabil. Brasildik dator bere kolore arrosaz urak tindatzen. Boto arrosa da; ibaiko izurdea. Gau festan agertuko da, pertsona bihurturik, dotore, ezpata gerritik zintzilik; bere begirada liluragarri horri ezingo dio inork muzinik egin… Goizaldearekin uretan barrena desagertuko da. Oroimenean geratuko da kontakizun hau, aspaldian entzun duenaren gogoan. Oroimenak, ibaiko boto beltzak bezala, Tucuxi-k, unerik itogarrienetan salbatu egingo baitu.

Mongoliako estepa amaigabeetan zaldi trosten oihartzuna, Ekuadorreko kitxuaren doinua, Errumaniako janariaren goxoa. Zenbat oroimen ez ote dira sartuko mundua zeharkatuko duen maleta baten barnean. Hura zabaltzerakoan, oroimenak uholde baten antzera zabalduko dira entzun nahi duenaren gogora. Eta uholde horretan oroimen berriak sortuko dira, beste maleta batzuk, beste bidaiak, eta berriro beste kontakizunak, eta munduari bira emango dioten hamaika kontakizun aspaldikoak. Eta gero tangoa entzuten da: “Vivir, con el alma aferrada a un dulce recuerdo,que lloro otra vez”. Zer balio dute ordea oroimenek besteei eskaini ezean? Zer balio du munduaren beste aldera abiatzea hutsik badaramagu ekipaia? Zer dugu eskaintzeko eta zer jasotzeko? Bizitza bidaia luzea dela diote, baina bidaiak hustu egin ditugu. Bidaiatzea kontsumo ekintza bihurtu dugu. Mundua ezagutzea, kotxe berria, edo telebista aurreratuena, edo konputagailu arinena edukitzea bezala da, bidaiatzea. Ezinbestekoa modernitatean egoteko, aurreratua izateko. Nola izan egungo pertsona, bidaiatua izan gabe? Bidaiatu behar dugu, edonora, azkar, berehala. Mundua korritu behar dugu, eta ez dugu astirik zoko guztiak ezagutzeko, argazki guztiak egiteko, hondartza guztietan bainatzeko, mendi guztiak igotzeko, basamortu guztiak lasterka pasatzeko. Presa dugu bidaiatzeko. Eta maletak daramazkigu jakin gabe zer daramagun barruan, eta zer ekarriko dugu bueltan, baina maleta ederrak ditugu. Zer oroimen aterako ditugu gure maletetatik? Zer izango dugu kontatzeko mundu hain zoragarri, liluragarri eta bidaiagarri horren gainean?

Behar dugu besteak entzun; kontatzekoa dutena entzun, patxadaz. Urrutiko lurraldeetakoen berri ezagutu. Mundua lurralde liluragarria da, gure irudimenean zabaltzen dena. Bidaiatzerakoan maleta bete ilusio izan ohi dugu. Ilusio horiek, han, urrutian, distantzia imajinario horretan, partekatu nahiko ditugu, eta itzultzean beste ilusioekin beterik ekarri fardela. Ikasi dugunarekin, eskaini digutenarekin. Eta han, urrutian, orain gure oroimenean dirauen lurralde hartan, utzi dugunarekin gure oroimen imajinario osatuko dute. Eta kontatuko dute. Eta kontatuko dugu. Eta mundu imajinario anitzak sortuko dira, etengabe bidaiatzen dabiltzanak. Gure baitan besterik ez bada. Zergatik orduan ixten dizkiegu ateak? Zergatik kanporatzen ditugu? Zergatik ekipaiarik gabeko bidaietara kondenatzen ditugu? Zergatik euren bidaiak migrazioak dira eta gureak abenturak? Zergatik mugarik gabeko mundua aldarrikatzen dugu, gure etxean hesiak altxatuz? Zeren beldur gara? Agian beldurra ematen digu euren maletak zabaltzerakoan geure imajinazioa txikitan irudikatutako lurralde harrigarri eta misteriotsuetan bidaiatzea. Askatasunez bidaiatzen genuen aspaldiko garai haiek.

Konta zuri kontatu bezala,/ez gehitu, ez kendu./Kontuz, oroimen bat dago./Konta ezazu, gure errealitatea ahaztu arazi./Gal gaitezen “bazen behin” horretan

2010(e)ko urriaren 12(a), asteartea

Ipuin denboraldi berria Logroñon


Hasi da ipuin denboraldi berria Logroñoko La Luna tabernan. Alde zaharreko Breton de los Herreros kalean dagoen ostatu hau ezinbesteko erreferentzia bihurtu da penintsulan ipuin kontagintzan. Bertatik pasa ohi dira, seguraski, ipuin kontalari esanguratsuenak. Ostegunero biltzen den giroa eta ipuinekiko zaletasuna ahozko narrazioari bestelako irudia ematen dio. Ahal izanez gero gerturatu.
OStegunero, 21,30 etan, CAFÉ DE LA LUNA. Bretón de los Herreros. Logroño.

14/10/2010 SOLEDAD FELLOZA. URUGUAY
21/10/2010 ÑAQUE DE BRUNO Y GAMBA. MADRID
28/10/2010 TRIOJANOS (Carlos, Dani y Amaya.) LA RIOJA
04/11/2010 ITZIAR REKALDE. ARABA-BERMEO
11/11/2010 COMPAÑÍA EL PATIO (Juli e Izaskun). LOGROÑO - VIANA
18/11/2010 JOXEMARI CARRERE. GIPUZKOA
24/11/2010 NICOLAS BUENAVENTURA. COLOMBIA - FRANCE
Este día será miércoles, por ver a Nicolas merece la pena el cambio.
02/12/2010 HECTOR URIEN. SALAMANCA
16/12/2010 EDU. LOGROÑO

2010(e)ko urriaren 9(a), larunbata

Erotika eta ahozko literatura tradizionala

Beste leku askotan bezala, gure herriko zumardiko banku batean idatzita dago: “¡Follar es guay!”, alegia, jotzea ederra dela. Ezin dugu jakin idatzi duena neska edo mutila den, baina, idazkeragatik, gaztea dela iragarri dezakegu. Historia aurreko aurkikuntzen artean, hainbat koba zuloetan aurkitutako emakumeen gorputzak irudikatzen dituzten margoak topatu dituzte, zentzu sentsuala, edo behintzat sexuala adierazten omen dutenak. Harriz egindako emakumeak ere aurkitu izan dira, beti ere gorputzaren sexualitatea goraipatuz. Greziarren edo erromatarren margo zein mosaiko askotan agertzen diren eszenak nahiko adierazgarriak dira. Aristofanes antzerkigile greziarrak ere Emakumeen asanblada antzerki lanean emakumeen sexu greba agertzen du. Erdi aroko eraikin erlijioso atari askotako irudi batzuk ere ez dira makalak. Edo Indiakoetan. Eta horrela jarrai dezakegu, gure herriko bankuko aldarrikapenera heldu arte. Izan ere sexualitatea, pertsonen arteko harreman gisa hartuta, jende humanoak bere izatearen kontzientzia duenetik, adierazpen sortzailearen ardatzetako bat izan da. Jakina, ez dugu konparatuko bankuko grafittia aipatu beste adierazpen artistikoekin, baina guztiek badute zerbait komuna, hau da, sexualitatearen gaineko ikuspegia besteei azaldu beharra. Azalpen hori nola ematen den izango da bereizten dituena. Bankukoa aldarrikapen hutsa dirudi, edo agian harreman sexualen edertasuna ezagutu berri duen norbaiten oihua munduari. Beste kasuetan sexualitatearen agerpen horri gehitzen zaio modu artistikoan azaldu nahi izatea. Ez da nahikoa sexu harremanak, edo gorputz agerpenak egitea, ezinbestekoa da hori sormen prozesu baten bitartez erakustea. Eta sormena tarteko, irudimena nagusi. Irudimen horretatik hainbat mito eta istorio sortuko ziren sexu harremanen azaltzeko eta, zergatik ez, ulertzeko.

Eros Afroditaren sortzea ospatzeko festan ernaldu zuten. Ama Penia izan zen, txirotasunaren jainkosa. Festara gonbidatuta egon arren bere pobreziaz lotsatuta Olinpoko lorategietan gelditu zen bertara sartu gabe. Bere egoera nola hobe zezakeen pentsatzen ari zela, lo gelditu zen. Porosek, aberastasunaren jainkoak, sekulako mozkorraldia hartu zuen. Bere baitara etortzeko nahian, lorategietara abiatu zen, txoko batean lo geldituz, Peniatik gertu. Peniak. horretaz oharturik aukera ederra ikusi zuen bere pobrezia arintzeko. Haren ondora joan eta maitasun jolasetan aritu zen, Porosentzat ametsen munduan besterik gertatu ez zirenak. Elkartze horretatik sortu omen zen Eros. Afroditaren egunean ernaldua zelako edertasunarekin maiteminduta zegoen. Pobrezia eta aberastasunaren semea izanik, beti aberats eta era berean pobre bizi izan zen, beti ezin ase.[1]

Kultura bakoitzak bere modura azaldu izan ohi ditu gai honi buruzko kezkak, galderak eta jokaerak. Horretarako ipuinak tresna bikainak bihurtu ziren. Irakasbideak izateaz gain denbora-pasa ederrak bilakatu ziren, beti ere bizi ziren jendartearen ezaugarriak kontuan hartuz, errealitatean oinarrituz fantastikaren zein irudimenaren eremutan murgilduz. Istorio horien bitartez sexualitatearen hainbat eredu eta ikuspegi transmitituko dira, komunitatearen irudimenean sexu harremanen ikuspegi komuna, edo antzekoa behintzat garatuz. Afrikako hegoaldean bizi den ¡xun herrian istorio ederra kontatzen dute nondik gatozen azaltzeko.

Badirudi hasieran gizona eta emakumea ez zirela elkarrekin bizi. Behin biak topatu eta emakumeak bere txabolara gonbidatu zuen gizona. Han baratzeko fruitu goxoak eskaini zizkion, eta edabe eztia luzatu zion, gizona emakumearekin ez zedin. Eta gau horretan berarekin lo egiten gonbidatu zuen, baina ez besterik. Hurrengo egunean, urrutiko zuhaitz batera eraman zuen gizona. Arbola hartan zulo bat zegoen. Emakumeak zakila zuloan sartzeko eskatu zion gizonari. Eta mugitzeko gero. Emakumea gizonaren atzean jarri zen eta indarrik gabe zegoenean bere besoetan jaso zuen. Eta etxera eraman zuen. Emakumeak eskatu zion gau horretan elkarrekin oheratzeko, elkarri lotuak aurpegia aurpegiaren kontra. Eta gizonaren gozotasuna emakumearen barnean sartu zen; eta emakumearen gozotasuna gizonarengan. Hau izan zen lehenengo aldia. Gizona eta emakumea elkarrekin jarri ziren bizitzen goxotasunean.Goxotasun hartatik omen gatoz denak.

Ez dakit nolakoak izango diren ¡xun-darren artean sexu harremanen eta beren tabuen(izango dituztenak ere jakina) gainean duten iritzia, baina txikitan ikasitako Eba eta Adan ipuinarekin konparatuz gero, alde apur bat ikusten diot. Hemen, behintzat, emakumearen fruitu eskaintzak goxotasunera eramaten ditu. Gure bertsioan, aldiz…, tira, uste dut guztiok dakigula. Ipuin honetan , amaiera heldu eta segur aski despistatu samar eta liluratuak egongo gara, izan ere, ez baitakigu munduaren hasierako istorio hau erotikoa den ala mitikoa. Baina, zer axola?, istorio eder bat entzun dugu, horixe da interesgarriena. Dena dela, ezinbesteko galdera egingo diogu gure buruari, alegia, zer kontatu nahi zaigu ipuin honekin, hasierako sexu harremanak?, gizon eta emakumeen arteko harremanak nolakoak ziren munduaren hasieran?, nolakoak izan behar diren? Erantzunaren bilaketa horrek bultzatuko gaitu gogoeta egitera, gure harremanen eredua nolakoa den eta zer nahiago dugun. Garrantzitsuena bide hori hartzea izango da, erantzuna bera baino gehiago. Baina benetan istorioarekin gozatu nahi badugu aurreiritziak alde batera utzi beharko ditugu, edo saiatu behintzat. Gure jendartea nolakoa den eta bertan sexuen arteko harremanak nola garatzen diren zer ikusi izango du horretan; era berean sexu harremanen gaineko heziketa eta irizpideak erantzunaren baitan izango dira, ezkutuan edo modu inkontzientean. Jakina, ipuin bera entzunez, modu ezberdinean jasoko da ¡ixunen herrian eta gure artean; agian, berean harridurarik ez du eragingo eta “normalagoa” ikusiko da istorio hau. Gurean, berriz baldintzatuta egongo da ipuin tradizionalen gainean dagoen iritziaz eta sexu harremanak horrela agertzeaz. Irakurketa, edo kasu honetan entzuketa, bakarra ez dagoenez ate guztiak zabalik daude, pertsona bakoitzak berea izango duelarik.

Erotikotasuna ahozko narrazio tradizionalean

Ikuspegi ezberdinak izan arren, ezberdintasunak ez daude hain aldenduak. Munduko kultura guztietan agertzen dira sexua harremanak ipuinetan. Normala da, izan ere sexualitatea pertsonen ezinbesteko ezaugarrietako bat baita. Normala da beraz, hori ere adierazpen sortzaileetan azaltzea. Askotan agerpen horiek modu gordinean emango dira, bestetan munduaren misterioekin lotuak, afrikar ipuinean bezala (nondik gatoz?). Baina denetan pertsonen arteko harremanak nola ematen diren edo nolakoak izan beharko liratekeen azalduz, zuzenean edo zeharka.

Izan ere, esan al daiteke sexu harremanen aipamenak egiten dituzten kontu zaharrak ipuin erotikoak direnik? Nago erotikotasunaren kontzeptua, jendarte modernoetan ulertzen dugun moduan, berri samarra dela. Ahoz aho transmititu den literaturan sexu kontuak bere horretan agertuko dira, erotikoak diren ala ez asko inportatzeke. Ez dut uste ipuin bat kontatzen hasiko zena esango zuenik “ipuin erotiko bat kontatuko dizuet”, aitzitik, gehiago sinesten dut esango zuela “Orain jakingo duzue zer gertatu zitzaion halakori”, eta horrekin batera konplizitate keinu bat egongo zen. Bai, jakina, hau espekulatzea da, baina esan nahi dudana zera da, istorio erotikoa, alegia, entzuleen libidoa gori-gori jartzeko kontakizun bat baino, sexu harremanak tarteko gertatutakoa kontatuko zuen. Eta ipuin guztietan bezala, bere baitan irakaspen bat edo gogoetarako bidea izango du. Baina baita ere trufarako eta txantxetarako aukera.

Bazen behin baserritar bat oso pobrea. Bere familia hartzeko gela bat besterik ez zeukan, eta ohe bat bere emaztea eta bi semeak oheratzeko. Inauterietako gau batean emaztea hain sutsuki hartzen du ohea lau hanketan dardaka hasi dela. Hainbestekoak ziren astinduak seme gazteena ohetik behera erortzen dela. Ohera altxatzen dute atzera, eta senar emazteak uste dutenean haurrak lo daudela, berriro ekiten diote. Orduan anaia zaharrenak gazteena poliki esnatu esanez: “Heldu hadi, txiki! Berriro badoaz eta.[2]

Akitanian gertatu arren segur aski, gurean gerta zitekeen eta ipuin fantastiko bat baino pasadizoa den hau entzundakoan, ezinbesteko izango dugu imajinatzea zer nolako txortaldia burutzen ari ziren, eta zein egoeran gainera. Beharbada dugun erotikotasunaren irudiarekin ez da inondik inora etorriko pasartea, baina sexu harremanen jolasean ikusten badugu gertaera, irudikatzen badugu ohe horretan suertatzen ari den egoera beste era batera ikusiko dugu eta irudimenaren jolasean sartuko gara, definizioen beharrik izan gabe. Izan ere garrantzitsua da ipuin hauek ematen ziren testuinguruan irudikatzea. Erotikotasuna ez da aurpegi bakarreko prisma. Kultura bakoitzak iruditegi ezberdina osatuko du eta batentzat pitokeria handia izango dena, beste batentzat, aldiz, sekulako erakargarritasuna izango du. Eta hala ere pertsona guztiak prisma bertsuan egongo dira. Badago amazonako indigenen istorio bitxia. Gizon batek sekulako zakil luzea omen zeukan. Nesken atzetik ibiltzeko ez omen zuen bere hamakatik altxatu beharrik ere, bere zakil luze horrek jarraitzen baitzien errekan bainatzen zeudela, edo lur azpitik, ihes egin nahi bazuten. Baina pasarterik onena ipuina kontatzen ari den emakume indigenak amaiera gisa ematen duen azalpena da:

Ai, Tampot gure artean biziko balitz, zuek entzuten ari zareten emakumeak, hain ederrak, Tampotek hain gustukoak zituen errebuelta horiekin, hain pottokak berak maite zituen bezala, ez zizuen segundo bakar batean ere bakerik emango, maitasuna egin beharko zenukete atsedenik gabe. Bere begi luzearekin zelatatuko zintuzkete, ezpainak milizkatuko lizkizueke, ernaturik, irribarre handi batean zabalduko zenituzketen arte…[3]

Mintza al gaitezke, ordea, erotikotasunaz narrazio hauen aurrean? Erotikotasuna kontzeptuaren definizio ahalik eta zehatzena beharko genuke horretarako; baina, halakorik egin genezake jakin gabe zergatik eta zein helbururekin sortu ziren ipuin zaharrak? Erotikaren ideia ez ote da sortu beste eremutan eta jendarte modernoetan? Ez ote dator, narrazioaz ari garelarik, idatzitako literaturaren sailkatze batetik? Nago horrek, hots, erotikaren definitze beharrak, ez duela uste dugun bezain beste garrantzia ahozko tradizio narratiboan. Izan ere, zer bilatzen du narrazio erotiko batek? Irakurlearen edo entzulearen barne sua pizte? Edo txortamina piztea? Zer aldea legoke idazle batek narrazio erotiko bat sortzea erabakitzen duenean eta sexu harremanak aipatzen duen ahozko narrazio tradizional bat kontatzearen artean? Ez nintzateke ni ausartuko erantzun zehatz bat ematen, baina beharbada ez hainbeste. Nire ustez lotzen dituena intentzionalitatea da, sexua eta honek ekartzen dituen jokoak, harremanak eta gogoetak hizpide hartzea, zuzenean edo zeharka. Guk ipuin erotikoak deitzen diegun horiek, ahozko tradizioan “nagusien” ipuinak lirateke; nahiz eta hainbat kulturetan sexu harremanak aipatzen dituzten ipuinak haurrak ere entzule gisa izan. Literatura idatziaren eta ahozkoaren artean ematen den ezberdintasun nagusienetako markatuko du hemen ere erotikotasunaren pertzepzio hori. Literatura idatzia egile baten sormena izan ohi da, hau da, pertsona batek irudimena eta idatz teknikak erabiliz, narrazio bat sortzen du. Ahozko tradizioan ez dago egile ezagunik, esan daiteke kontalari bakoitzean sortzen eta hazten dela narrazio hori eta entzuleekin zein garaiekin duen interakzioan eboluzionatu. Lehenengo kasuan erotikotasuna alde bakarretik azalduko da; bigarrenean, aldiz, komunitatearen ikuspegia nagusituko da, Peter Burke-k seinalatzen digun bezala: Indibiduoa asma zezakeen, baina ahozko kultura batean, Cecil Sharp-ek berresan duen bezala. “komunitatea zen aukeratzen zuena”. Indibiduo batek asmatzen zituen berrikuntzak edo aldaerak, komunitatearen gustuekin bat bazetorren, imitatuak izango ziren, eta tradizioaren stock komuna emendatzera igaroko ziren[4]. Hortaz kultur transmisio bat ere emango da eta narrazioa horretarako tresna izango da. Sexu harremanen alde hezitzailea agertuko da batzuetan, bestetan aldiz transgresio tresna izango da, jendartearen arau moralak ezartzen dituztenak kritikatuz, barreak funtzio katartikoa betetzen duelarik.

Sinesgabe bat hileta erlijioso batera doalarik, agertzen da, gainontzekoak bezala, eskaintzara. Sos bat uzten du meza-mutilak luzatzen dion platerean, baina gurutzea eskaintzen dion apaizari esaten dio:

-Nik, ordaindu egiten dut, baina ez dut musurik ematen.

-Nik, ordea – erantzuten dio apaizak goxoki-, musua ematen dut, baina ez dut ordaintzen.[5]

Narratzailea eta entzulearen artean elkar onarpena egon beharko du ulermena izateko, alegia, narratzaileak ezagutzen du bere entzulea eta harreman kodeak, eta era berean entzulea narratzailea euren komunitateko partaide gisa ezagutzen du. Kodeak ezagutuz gero horiekin jolas daiteke, kritikatzeko edo transmisio lana egiteko. Mijail Bajtinek, Erdi Aroko Europako herri kultura aztertuz dioskun gisan Hizlaria solidarioa da ikuslearekin, ez da aurka jartzen ezta hezitzaile moduan aritzen, ez du akusatzen ezta izutzen, aitzitik berarekin egiten du barre.[6] Modu honetan bakarrik uler daiteke, hain barnekoak eta korapilatsuak diren pertsonen sexu harremanen gainean istorioak kontatzerakoan, aipatu stock horretan sartzea. Eta irudimena errealitatea konjuratzeko biderik aberasgarrienetakoa ikusiko da. Irudimena eta jolasa, hara hemen sexu harremanen bi ardatz, ipuinetan bezala, liluragarriak.

Erotikaren irudimena, sormen jolasgarria

Irudimena jolas bat den bezala, erotika ere jolasa da. Eta sormena. Esparru horretan hartzen du interesa. Tradiziotik (edo, beharbada, tradizioetatik esan beharko genuke), jaso ditugun istorioak jolasak dira. Jolas egiten dute sexu harremanek gugan sortzen dituzten interesekin eta kezkekin, eta jolas hori sormenaren bitartez azaltzen da. Era berean, jasotzailearen aldetik arreta intelektuala eskatu ohi dute. Sormen prozesu horrek eskatuko du,jakina, kontatu nahi den istorioa egitura bat izatea. Egitura horrek, ahozko narrazio tradizionalaz ari garenez, ekintzetan oinarrituko da, deskripzioetan baino gehiago, arintasunaren mesedetan. Agian erotikotasuna zizan dezakegun irudia eta herri ipuinetan agertzen diren egoerak ez daude hain aldenduak. Sexu harremanen osasuna, esan dugu, irudimenaren erabileran eta jolasean aurki dezakegu. Erakargarritasuna, bizigarria, lilura, xarma ipuinen osagarriak diren moduan, maitasun jolasetan ere ez dira makalak. Izan ere antzekotasun honetan egongo da bilatu nahiko genukeen erotikotasuna. Narratzaileak erritmoekin jolastuko du kontakizunean, mintzoaren musika baten bila ariko da, entzuleari eskaintzen ari zaion irudimenezko mundu hori beregan har dezan, bere mundua sortuz era berean. Narratzaileak esango dio, hasierako emakumeak gizonari esan zion moduan “Zatoz, badut zerbait interesgarri zuretzat. Gera zaitez nire etxean, lo egin ezazu nirekin, eta ametsak banatuko ditugu”.

Horretarako ordea, bazterrean utzi beharko ditugu aurre iritziak, tabuak, ideia finkoak, ortodoxia eta gogoa askatu, dena posible dela sinistu eta epaile papera ahaztu. Inork ez dizu eskatuko ados egoteko, baina ezta ere kontra egoteko, aitzitik, ipuinaren barnean sartu eta gertatzen ari dena biziz, bizitza ulertzen saiatu, bere itzalak eta argiekin. Sexu harremanak askatasunik gabe kale egiten duten bezala, ipuinak askatasuna behar du. Ipuina erotikoa bihurtu nahi badugu, bien arteko jolasa bihurtu beharko dugu, kontatzailea eta entzulearen artekoa alegia. Ahozko tradizio narratibotik datozkigun ipuinak ikasbidea dira egungo narratiba, ahozkoa zein idatzizkoa lantzeko eta garatzeko orduan. Kontakizun erotikoak ez dira gaurko asmakizunak, aspaldi zaharrean bezala, gaur egun ardatz berdinean baitabiltza itzulika. Egungo sormen lana badu zer ikasi mundu sortzaile horretatik; ez ordea, garai bateko munduen miresmen errepika egiteko, pertsonen arteko harremanen alde fantastikoa eta liluragarria irudikatzeko baizik, fantastikaren alde jostagarriarekin gozatuz. Eta honetan garaiak ez dira hainbeste aldatu. Behin lagun batek istorio harrigarria kontatu zidan, neronek konta nezan. Afrikako kontu zaharra da eta, beste askok bezala, oinarrizko galdera bati erantzuten dio. Entzun ezazue, benetan baliagarriak diren ezagutzak jakin nahi badituzue behintzat. Ipuina galdera batekin hasten da:

Ba ote dakizue zergatik sartzen den zakila aluaren barnean eta barrabilak ez?

Hasiera zaharrean mundua antolatu gabe omen zegoen oraindik. Gauza asko oraindik beren lekua eta funtzio zeintzuk ote ziren jakin gabe zeuden. Eta halaxe zebiltzan zakila, alua eta barrabilak, beren izatearen arrazoiaren bila, alegia. Munduan gora eta behera zebiltzan elkarrekin. Halako batean basamortu zabal batean sartu ziren. Joan eta joan, eta joan, eta hondarra baino ez zuten ikusten. Orduan gosea izan zuten, baina ezer ez, hondarra alde guztietatik. Orduan arbola bat ikusi zuten urrutian. Gerturatu eta fruitu arbola zela ikusi zuten. Lehenengoa igotzen Zakila izan zen. Goian zegoela, jan eta jan, Aluak esan zion ea fruta pixka bat botako ote zion, ezin baitzuen igo. Eta Zakilak, noski, fruta ematen zion goitik behera. Barrabila ere igo ziren, eta hauek ere fruta eta fruta jan. Aluak eskaera bera egin omen zien. Baina Barrabilek ez zuten banatu izan nahi arbolaren eskaintza. Azkenean, denak aseta, bidaiarekin jarraitu zuten. Ibili eta ibili ziren, euren izatearen arrazoiaren bila. Halako batean sekulako ekaitza bota zuen, haizea eta euria erasoka. Goitik behera blai, Zakila Aluarengana hurbildu zen eta, aterpe eske, ea bere barnean sartzen utziko ote zion, galdetu zion. “Bai, jakina -erantzun zion Aluak-, zu ondo portatu zara nirekin eta nire barnean sar zaitezke”. Barrabilak ere, kontu berdinarekin etorri omen ziren, baina Aluaren erantzuna bestelakoa izan zen: “Ez, ez; zuek oso gaizki portatu zarete nirekin fruta elkarrekin partitu gabe. Gera zaitezte kanpoan!”. Eta hauxe duzue arrazoia, zergatik zakila aluaren barnean sartzen den eta barrabilak ez.

Eta, zuek ez dakit, baina nik barre ederrak egin nituen, kezka handi bat argitzeaz gain.


Euskal Idazleen Elkarteko Hegats, 44zenb, aldizkarian argitaratua.

[1] GOÑI Carlos. Cuéntame un mito. Ariel, Bartzelona 2001.

[2] PERBOSC Antonin. Contes Licencieux de l’Aquitaine. Garae Hesiode

[3] MINDLIN Betty y narradores indígenas. Relatos eróticos indígenas. El Aleph Bartzelona 2005

[4] BURKE Peter. La cultura popular en la Europa Moderna. Alianza. Madril 1991. 175-176 orrial.

[5] PERBOSC Antonin. Contes Licencieux de l’Aquitaine. Garae Hesiode

[6] BAJTIN Mijail. La cultura popular en la Edad Media y en el Renacimiento. Alianza. Madril 1998. 151 orrial.

2010(e)ko urriaren 4(a), astelehena

Kontalaritza zer ote

Ipuin kontalaritzan dugun noiztenkako eztabaida da ea gurea antzerkia ote den edo beste zerbait. Izan ere, definizioen jendarte honetan ezinbestekoa da norbere jardunaren nondik norakoak ahalik eta zehatzen azaltzea. Literatur generoak, musika estiloak, antzerki ikuspegiak, dena sailkatzen da eta definitu. Behar al du, baina, sormenak halako sailkapen sukarrik? Sortzaileak behar al du? Nago gehiago dela merkatuaren arrazoia, hemen ere, gailentzen dena. Eta merkatua, kulturan ere, antolamendua behar du (nahiz eta azken boladan ikusi antolamendu hori sasikoa izan). Ipuin kontalaritza antzerkitik bereizteko kezka, kultur merkatu horretan izen propioaren beharrak bultzatu du hein handi batean. Kontalaritzaren nondik norakoak zertan diren azaldu beharra. Sormen ekintza berezkoa dela aldarrikatu. Hain ezberdinak ote dira ordea, antzerkia eta kontalaritza?

Badira liburuak ikasbideak direnak, etengabe beraiengana ekartzen zaituztenak zalantzak argitzen lagun. Dario Fo antzerkigile italiarrak “Mannuale Minimo dell’attore” idatzi. Antzerkizalearentzat ezinbesteko liburua. Liburuan barrena antzerkiaren oraingo eta aspaldiko kontuak haizatzen ditu. Horien artean, Kontrarreforma garaiko testu bat aipatzen du, Carlo Borromeo Kardinalaren laguntzailea zen Ottolellik esandakoa komikoei buruz: “(…)komikoek ez dituzte errepresentazio guztietan komedia berriaren hitz berberak esaten, aldioro asmatzen dute, muina ikasiz, atal txikietan eta une zehatzetan, ondoren modu inprobisatuan errezitatuz, modu librean, naturalean eta graziosoan trebatuz. Publikoan lortzen duten efektua sekulako parte hartzearena da, modu natural horrek grinak, emozioak, eragiten ditu, arrisku handikoak direnak zentzuen eta lizunkeriaren moralik gabeko festaren goresmena baitira, jokabide onekoen kontrakoak, jendartearen arau santuen oldartzeari deiak, behe jendearen artean nahasmen handia sortzen dituztenak”. Tira, ez dut uste tipo honen iritziz komedianteak eta kontalariak ama ezberdineko semeak izango zirenik. Hala ere, ipuin kontalaritza zertan den, nondik nora jotzen duen jakiteko modurik errazena kontalariak ikustea da, ezagutzea. Bertan ikus ahal izango dugu delako Ottolelli hark arrazoia ote zuen.


ARGIA aldizkarian argitaratutako artikulua

2010(e)ko irailaren 27(a), astelehena

Kontalarien V Festa Bermeo

Kontalarien Festaren biharamuna


Eguraldia mehatxuan zebilen arren ederto pasa zen Bermeon bosgarren Euskal kontalarien Festa. Larunbatean euria, sirimiria eta haizea bazebilen ere, Klaustroaren aterpean eman genituen ipuinak. Aurten ipuinak helduentzat ere badirela aldarrikatu nahi izan genuen, eta primerako erantzuna izan genuen. Lehenengo olatua ederki hartu genuen. Euskal Herritik kanpoko gonbidatua ere izan genuen. Alberto Sebastian
kantabriarrak istorio bat eskaini zigun, nonbait Pasaia Donibaneko festan primeran pasa eta berriro bisitatu nahi izan gintuen. Datorren urtetan ez litzateke ideia txarra kontalari gonbidatuaren figura jartzea, kanpoko kontalari lagunak euren istorioak eskaini diezaguten, eta konpainia batez ere.
Igandean eguzkia ageri zen tarteka, hodei ilunak dena dela mehatxuka ibili ziren goiz osoan, baina ez ziren ausartu festa ederra zapuzten. Bermeoko txistulari eta irrintzilariekin hasi genuen eguna eta handik aurrera txoko ezberdinetan euskal kontalariok geure ipuinak barreiatu genituen. Ipuinen kontsultorioan eta Ipuinen orakuluan norbanakoentzat ziren ipuinak oparitzen ziren. Eta igandea izanik ezin txikiteoa utzi, txakolina errege; beraz ipuin poteoa ere izan zen, txistulariak alaiturik. Eta amaitzeko bazkari polita parte hartutakoen artean. Bermeotarrek egindako harrera eskertzea baino ez zaigu
geratzen, ipuinak ez baitira ezer entzun nahi duenik ez bada. Izan ere Festaren helburuetako bat ipuin kontalaritzaren mundua aireatzea baita, eta hainbat proposamen ezberdin daudela, kontalari bakoitzeko bat. Kaleetan, herri baten txoko ezberdinetan kontuak topatzea gure kaleei galtzen ari diren bizitza apur bat ematea baino ez
da. Kaleak, plazak, kantoiak imajinatu egin behar diraere, imajinarioaren sortzaile eta
suspertzaile izan behar dute. Eta herritarrak ipuin horren parte bihurtu.
Sorginen ipuinetan bezala, sasi guztien gainetik , eta laino guztien azpitik, aurtengo festa antolatu izan genuen. Izan ere, goraipatu ohi da ipuinen garrantzia kulturaren lurralde zabalean; gero ordea, trabak eta zailtasunak ez dira gutxi. Baliabide gutxi, hedabide askoren "ahaztura", ezezagutza. Baina bosgarren aldiz ospatutako ipuinaren festa hau, aldi oro, erakutsi du ipuingintza bizirik dirauela, proposamen interesgarriekin, jendearen arreta izaten dutenak. Agian, trabarik handiena, ipuin kontalaritzaren gainean dagoen ezezagutza izango da, batez ere helduen arloan. Pausoka, pauso txikiak, erakusten ari gara ipuin kontaketak bere lekua duela Euskal Herriko kultur bizitzan. Datorren urtean Araba aldera joko dugu, seigarren urtez euskaldun guztiak gonbidatuz, une batez sikiera, ipuinekin asteburu bat pasatzera.













2010(e)ko irailaren 16(a), osteguna

Laura gogoan


Jakizue, erle maiteok, ezer ez dela gehiago,
bil ezazue argizaria
bidea ilun ez dadin
beldurtu ez gaitezen bidean aurrera
argia behar baitugu.

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula,
ilargiaren distira ez baita nahikoa guretzat,
bila itzazue mendirik ederrenetako
lorerik usaintsuenak
liluragarrienak
zelai zabaletan hazten diren lili
koloretsuenak
argi alaia eta lurrintsua behar baitugu

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula,
ez itzazue ahaztu baina
kale zokoetan
porlanaren zirrikituetan
leku ilunetan
hazten diren lore umilak
nahi dugun argizaria
horien antza behar du ere
argia harroa izan ez dadin

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula
zuen laguntza ezinbestekoa zaigu
bihotza ilun ez dadin
elkar ikus gaitezen
zuek ere etxekoak zarete
horregatik zuengana etorri gara
laguntza eske
argitasuna izan dezagun.

2010(e)ko irailaren 15(a), asteazkena

Kontalarien V Festa Bermion


Hemen da berriro Euskal Herriko Kontalarien Festa. Boskarrenez bilduko gara hainbat euskal kontalari euskal kontalaritza zertan den erakusteko. Eta horretarako bururatzen zaigun modurik onena geure lana nondik nora den eskaintzea da. Urtero herri ezberdina aukeratzen dugu hitzaren festa ospatzeko. aurten berriro Bizkaia aldera itzuli garelarik, Bermeora. Irailaren azken asteburuan, 25-26, kostaldeko herriaren zokoak ipuinez jantziko ditugu. Larunbatean arratsaldeko 8etan Klaustroan izango da helduentzako saioa; aurten helduentzako kontakizunari indarra eman nahi izan baitiogu, ipuinak entzutea haurren gauza bakarrik ez dela erakusteko. Bertan laupabost kontalarik, proposamen ezberdinen erakusketa egingo dute.
Igandean eguerdiko 11etan Udaleko Balkoitik emango zaio hasiera festari. Eta hortik aurrera txoko ezberdinetan topatuko du bertaratzen denak era guztietako ipuinik, arratsaldeko 3rak arte.
Kontalariekin batera hortxe izango dira ere Bermioko txistulariak, trikitilariak, irrintzilariak, dantzariak eta beste hainbeste herritar, herri osoaren festa izatea nahi baitugu. Asteburu ederra izango delarik zalantzarik ez. Proposamen liluragarria benetan, mundu guztiari luzatzen dioguna. Aukera ezin hobea Euskal Herrian ipuin kontalaritza nola dagoen eta zein eskaintzak egiten dituen. Gurean ipuinak zien ahozkotasunak izan duten, eta duten, garrantzia goraipatzeko ere bada festa hau, izan ere ipuinak, leiendak, istorioak, gure kulturaren parte handia izan baitira, euskal imajinario propio bat sortuz, munduko edozein kulturaren antza. Egun Euskal kontalaritza mugimendua Europan ematen den mugimenduaren partea da eta ikusi besterik ez dago hainbat euskal kontalarik gure mugetatik kanpo egiten dituzten saioak. Bermeoko festa urrats bat da mugimendu horren indartzean.
Bermeo euskal ipuinaren festa bihurtuko da, aurretik Getxo, Aramaio, Pasaia Donibane eta Etxalar izan ziren moduan. Aukera eder hau nork galdu?


2010(e)ko irailaren 1(a), asteazkena

Greba egiteko arrazoiak

Ez gara luzatuko hemen krisi ekonomikoaren nondik norakoak azaltzen, argi daudela
uste baitut. Horren aurrean nolako erantzuna eta jarrera behar den askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait azaltzea. Izan ere, halako egoeren aurrean inpotentzia izan ohi da nagusi, batez ere gaurko egunetan. Kapitalismoak halako eraso bortitz eta bihozgabearen aurrean egia da zaila dela erantzun eraginkor eta bateratua ematea; baina, zer egin bestela? Norberak bere lepoa nola edo hala zaindu? Ekaitza noizbait baretuko ote denaren itxaropenaz biziraun? Amorrua taberna zuloan aldarrikatu, urdailean zuloa ez sortzearren? Hamaika arrazoi topa dezakegu mundua hankaz gora jartzeko eta era berean etxean telebista aurrean gelditzeko; gauza da hutsean pasa behar ote dugun ezarri diguten krisi deabruzko hau.
Krisi egoerei aurre egiteko langile mugimenduaren mobilizazioak izan ohi dira erantzunaren seinale. Dena dela, ezin dugu ahaztu krisiek ez dutela bakarrik langileen egoeran eragiten, jendarte osoan baizik, beraz erantzuna jendarte osoarena beharko luke izan. Eta jendarte horren parte izanik arte eszenikoetan gabiltzanok zer esan izango dugu. Krisiak sektore produktibo eta finantzieroetan eragiten omen du, beraz arlo horren inguruan eman ohi dira erantzunak; zer gertatzen da ordea sormen artistikoaren eremuan? Kultur langileak non sartuko ote ditugu krisi honetan? Edo mundutik aparte dagoen jende "etereoa" al da? Jakina ezetz, are gehiago, krisi honek izugarriko triskantza egiten ari da arte eszenikoetan, antzerkigintzan batez ere. Baina badirudi isilean eramaten den eritasuna dela. Aktoreen artean berez bizi den prekarietatea, izugarrizko larritasunean sartu da. Lanik ez, diru sarrerak urriak edo inongoak, eta, gainera, babes sozial hutsarekin. Hori gutxi balitz, urtetan lortu ahal izan diren lan baldintzen hobekuntza kaskartzen ari dira, bai soldata aldetik zein bestelako baldintzetan. Ipuin kontalaritzan ere berdintsu. Ematen ari den egoera ikusita esan dezakegu antzerkigintza Euskal Herrian inoiz bizi duen krisirik larrienetakoan dagoela. Konpainiak desagertzen, programazioak hustutzen, ikusentzunetan lanik ez... Etorkizuna ilun ageri da.
Krisiaren eraginez arte eszenikoek bizi duten egoera honen aurrean ezin isilik egon. Bizirautearen kontua da, ez bakarrik horretan diharduten pertsonena bakarrik, baian baita ere kultura berarentzat. Halako unea, dena dela, ezin hobea dela, orain arte eman den kulturgintzaren eredua zalantzan jartzeko. Merkantilismo hutsunean antolatu den kultur egitura beste bide batzuetatik eramatea ezinbestekoa zaigu. Sortzaileen babesa derrigorrezkoa da hain goraipatua den kultura erakuslehio hutsa izan ez dadin. Eta horretako bertan gabiltzanok, krisia jasaten dugunok mugitzea baino ez zaigu gelditzen. Gure ahotsa altxatu, gure arrazoiak ezagutarazi, gure egoera erakutsi, guk ere krisiaren ondorioak jasaten ditugun langileak garela aldarrikatu. Makina bat arrazoi greba egiteko.






2010(e)ko abuztuaren 13(a), ostirala

Kontu Kantoi Altxerrin


Urte beteko atzerapenarekin, baina, azkenean, Kontu Kantoi taldeko Beak bere gustuko ipuin "indigenistak" aurkeztu ahal izan zituen, iaz, osasun arazoak zirela ezin izan baitzuen. Donostiako Altxerri tabernan eskaini zizkigun Afrikako, Ameriketako eta berak asmatutako ipuinak. Ohikoa duen ironiarekin munduaren eta pertsona humanoen arteko harremanen antolamenduaren gaineko istorioek gogoetarako bidea eskaintzen zuten (bestela zertarako kontatu ipuinak?). Hasi baino lehen iruditzen zuenaren kontra, lokala bete egin zen eta bertatutakoek une goxoa pasa genuen. Beak zuzeneko komunikazioa lortu zuen ikusleekin, kontaketa elkarrizketa bihurtuz (hitzen gainetik bestelako komunikazioak egon baitaude, guztiok dakigun bezala)
Ez da ohikoa Donostian helduentzako ipuin saioak antolatzea (Donostian ere ez). Baina emanaldi honetan frogatu zen badaudela ipuin kontaketak gogoko dituzten ikusleak. Eta askotan uste denaren kontra, ikusle euskaldunak. Gertatzen dena zera da, ez badira halako saioak antolatzen nola jakin interesa dagoen?
Haurrekin gehiegi identifikatzen den jardun artistiko honek ezinbestekoa du helduentzat saioak antolatzea; besterik ez bada, ipuinak gustukoak duen publiko horri aukera emateko. Kontu Kantoiren saioak erakutsi zuen Donostian (Donostian ere) badagoela helduentzako ipuin kontaketa saioak euskaraz antolatzeko bidea. Seguraski bertaratutako gehienak gustura agertuko lirateke antzeko beste saiora. Ez dezaten beste urte bete itxoin, Udaleko Berdintasun Sailak kulturen arteko harremanak urteroko jardunaldi hauek berriro antolatu arte.

2010(e)ko abuztuaren 12(a), osteguna

Fais la fête


Viens, fais la fête

Viens dancer toujours
Célébrer l'amour

La Fête. Rodrigo Leão

Baltsa entzuten da kaleetan. Bi dantzari elkarri lotuak, euren gorputzak kiribiltzen, harrien gainean badoaz. Jendeen artetik badoaz, kale estuetan barrena; horma zaharretan etzan eta jarraitzen dute. Musikariak teilatuetatik teilatuetara doaz, kantaria dantzarien gainetik airean doa. Musika leihoetatik sartzen da, sukaldean pausatu une batez, janariekin nahasi, eta badoa: “Viens, fais la fête/Viens dancer toujours/ Célébrer l'amour”. Sartzen da logelan dagoen gaixoaren azalean. Arkupetako zuloetatik bidaiatzen du. Eta dantzariak irristatzen dira izkinez izkina. Kilima leunek hartzen dituzte jendeen barneak. Elkarrengandik hurbiltzen dira.Séche tes larmes/Regarde autour de toi/Souris a n'importe quoi”. Eta dantza amaiezin batean jartzen da mundu guztia. Baltsa dabil airean, gorputzetan, arimetan. Une batez kaleak festa bihurtzen dira. Jendea dantzan. Doinua gorputzetan haragitzen. Kantaria airean: “Suis les mots du poète/ Prends la vie/ Fais la fête”

Italo Calvino idazle italiarrak Hiri Ikusezinak liburua idatzi zuen. Irudimenezko hiriak. Marco Polok Kublai Jan enperadoreari azaltzen dizkio bere bidaietan ezagututako hiri harrigarriak. “Zer dira hiriak guretzat?” -galdetzen du Calvinok, liburuaren hitzaurrean- “Uste dut hiriekiko maitasun poema antzeko bat idatzi dudala, hiri bezala bizitzea gero eta zailagoa diren honetan. Agian bizimodu urbanoaren krisi batera heltzen ari gara eta Hiri Ikusezinak amets bat da hiri ikusezinen bihotzetik sortzen”. Beharbada gutako bakoitzak hiri ikusezin bat dauka bere gogoan, non tarteka biltzen den, bizimodu ikusezin bat egin asmoz. Eta batzuetan hiri ikusezin hori imajinatzen dugu ibiltzen ditugun kaleetan. Xabier P. Do Campo idazle galiziarrak Bidaia Imajinarioen liburuan, gure barneko bidaiak aintzat hartuta, hamaika lurralde eta hiri bisita arazten digu. Bidaiak horiek norberak bere barrua ezagutzeko aitzakiak dira. “Horregatik, bidaiariak egiten dituen bideak, ezagutzara eta edertasunera daramaten bideak dira, gaiztakeria eta miseriatik hainbestetan erreskatatu behar den edertasun hori”. Hiri bat bide bat da bere baitan, hiritar bakoitzak bere egunerokotasunean egiten duen bidea. Imajinatzen den hiriak bidaia imajinarioa behar du ezinbestean. Bizi ditugun kaleak, plazak, eraikinak, imajinazioaren galbahetik pasaraztean, hiri ikusezina gure barnean osatzen joango da. Hiritar ikusezinak kale ikusezinetan ibilaldi imajinarioak egiten. Ikusezintasun horretan agertzen gara besteen artean. Imajinarioan desagertu, berrituak agertzeko atzera.

Hiritartasuna, zibismoa, aipatzen da azken aldian herri zein hiri askoren agintarien aldetik. Zuzentasunaren izenean, errespetuaren izenean. Nor jarriko da horren kontra? Jakina, guztiok nahiko genuke gure herriak elkar bizitza orekatuaren eremuak izatea, non norberaren askatasuna guztion askatasuna den. Oreka hori ordea, legedia eskutan ezarri ohi da, inongo elkarrizketarik gabe, inongo kontsentsurik gabe, hiri ikuspegi norabide bakarrekoaren haritik. Hiri aseptikoak eraikitzen dira, isiltasunezko hiriak. Segurtasunaren izenean grabatzen gaituzte, kontrolatzen, isilarazten. Beldurraren hiriak asmatzen dira, beldurra baita egungo jendartean sartzen gaituzten bizikidetza, beldurra langabeziari, beldurra kanpokoari, beldurra pobreziari, beldurra bakardadeari. Eta kontsumoaren hiriak asmatzen dituzte, hiri kontsumituak, neonezko zoriontasuna, aisialdi eta komertzio guneetan seguruak senti gaitezen. Publizisten eskutan usten dugu imajinatzearen lana. Gauza iragankorretan bilatzen dugu ustezko bizimodu erosoa eta modernoa. Do Campok aipatzen duen ezagutzara eta edertasunerako bidaia egiterik izango ote dugu? Bakoitzak imajinatzen duen herria, guztiona da eta norberarena era berean. Irudikatzen dugun horretan hazten gara; imajinatzea errealitatea aldatzeko modurik erradikalena baita, baltsaren erritmoan dantzatzen den hirian: Ouvre tes portes/ Reçois la vie chez toi/ Gonfle ton coeur de joie.

2010(e)ko ekainaren 9(a), asteazkena

Koldo ameztoy arakneren mitoa kondatzen

Koldo Ameztoy Arakneren mitoa kontatzen digu oraingoan, hainbat musikari eta akrobata batekin. Euskal kontalaritzan ezinbesteko erreferentzia izaten jarraitzen du, kontalaritzaren hamaika bide ezberdin jorratuz.

Arachnée... sur la toile

Voilà qui était tentant : mettre Arachnée sur la toile...
C'était à l'automne dans le cadre des Rencontres en Vasconie qui réunissaient la Compagnie Lagunarte et le collectif ça-i, avec Koldo Amestoy, Serges Mahourat et de nombreux musiciens. Koldo racontait la légende d'Arachnée... Avec lui, suspendue à sa corde-fil, la trapéziste Laetitia Vieceli. Le décor projeté est de Coline Hateau.
Photos : collectif ça-i





2010(e)ko ekainaren 4(a), ostirala

Liburu bidaiariak


Bada Kolonbian maisu bat astoa hartuta inguruko etxaldeetara abiatzen dena. Astoa uhaletik helduta mendiko bidezidorretan barrena doa. Astakeri galanta egiten du maisu honek irtenaldi horrekin. Astoak daraman zama banatan txartela dago idatzita: Biblioburro. Ezjakintasunaren irudirik zabalduena, artaburukeriaren metafora unibertsalena, kirtenkeriaren haragitze mundiala, astoa, ezjakintasunaren aurka, artaburuak burua besterik izan ez dezan, kirtenkeriak kirtenetik heltzeko liburuz gainezka doa bidezidorretatik barrena. Haur eta helduak zain daude. Maisuak zuhaitzaren azpian zabaltzen ditu liburuak eta ondoren nahi duenak aukeran dituen liburuetatik gustukoena hartuko du. Bitartean maisuak liburuez mintzatzen da. Handik ordu batzuetara, astoa berriro zamatu eta etxera itzuliko da maisu ibiltaria bere Asto-liburuzalearekin. Etxean ehunka liburu ditu kaxatan gordeak; haiek antolatzeko ez astirik ez lekurik. Ez dute luze iraungo ordea biltegian, laster asto gainean igoko baitira beste batzuk, bidetan barrena letrak barreia daitezen.

Parkeko banku batean liburu bakartia dago. Ahaztuta, akaso. Inor ez dabil inguruan. Norbait eseri eta kuriositatez liburua gainetik begiratzen du. Denbora pasaz edo, irakurtzen hasten da. Denbora gutxian erabat sartuta dago narrazioan. Etxera joan behar eta liburua berarekin eramaten du, ezin baitu istorioa nola amaitzen den jakin gabe liburua abandonatu. Bi egunetara banku berean uzten du. Handik gutxira paseoan dabilen pertsona eseri egiten da. Liburua ikusten du. Gainetik begiratzen du.

Santiago Alba idazleak zioen, Mikelazulo Elkartean egindako gosari-hizketaldian, egun gauzen balioa galtzen ari garela, balioa ez balorea. Berehala baztertzen omen ditugu gauzak, zahartzeko aukerarik eman gabe. Ez dugu hartzen denbora gureak egiteko, gure bizitzaren parte izateko. Zaharra kondenatua dago; urtaroka banatzen eta erosten ditugu arropak; gure ipurdiaren forma hartzeko astirik eman ez diogun aulkia modaz pasa arazten dugu azkar. Eta liburuek ez dute hilabete ematen liburu-dendetako erakusleihoan. Papera pantailagatik ordezkatzen dugu berritasunaren izenean. Liburua hautsa eta leku gehiegi hartzen duen gauza da. Eta udal liburutegiak ikastegiak bihurtzen dira azterketa garaian. Liburua ez da, ordea, objektu hutsa. Liburuak pertsonen pentsamenduen gordelekua dira, eta zentzu bakarra hartzen dute beste pertsona batek irakurtzen duenean. Liburua pertsonen azalpena da, ona edo txarra; onerako edo txarrerako. Liburuak beste norbaitekin jartzen gaitu harremanetan, harreman intelektualean. Eta pentsamenduak denbora behar du. Denboran beratzea.

Liburutegi bat ezin da izan gordeleku hutsa. Objektuen pilatzailea. Asto gainean bidezidorretan doan bidaiaria behar du izan. Banku batean kuriositatearen grina pizten duen liburu ahaztua. Denborari denbora ematen dion etxea. Pentsamenduari lau hormak kentzen dizkion igeltseroa.

2010(e)ko maiatzaren 19(a), asteazkena

Axa mixa zilarra

"Ixtorio, misterio, pats!
Berrehun zorri eta berrehun partz;
buruan dituenak, eginen du hatz!"

Ipuinak kontatzea zer den ulertzerakoan, beste eragin garrantzitsuen artean, oinarrizkoa egin zitzaidan Gianni Rodari pedagogo eta idazle italiarraren Gramatikaren Fantasia liburua. Liburu horrekin ikasi nuen istorioak asmatzea batez ere jolastea zela; hizkuntzarekin jolastea, irudimenarekin, entzulearekin eta, batez ere, norbere buruarekin. Hizkuntza jolasa da, eta jolasa den unetik askea eta demokratikoa, alegia, guztien esku egon behar duena eta guztiengatik erabilgarria. Istorioen asmatzea eta kontatzea bezala. Jolas horretan partaide bagara imajinatzeko artea deskubrituko dugu; eta jolasa hori ezinbestez besteekin partekatu beharko dugu.
Jolas gisa argitaratu zuen J.M. Olaizolak Txilikuk, Axa Mixa Zilarra liburua. Amorrazioaren ondorioa da liburua. Libururaren sarreran azaltzen digu, nola iloba bati bere haur denborako jolasketarako aukeraketa egiteko, kunplitzeko, erabiltzen zuten formula kantatzen hasi eta ahaztua zuela ohartu omen zela:
"Zeharo ahaztu zitzaidan nola zen zozketa egiteko erabiltzen genuen kanta zahar hura!
Amorrua eman zidan. Lehenengo kontuak ahazten hasi zitzaizkidan!
Hori ezin zitekeen parte onekoa izan!
Horrela jarraitzen banuen denbora gutxi barru ahaztuko nituen ipuin zaharrak, igarkizunak, aho-korapiloak eta jolaserako erabiltzen genituen kantu, kontu eta gainerako istilu guztiak!
Zerbait egin behar nuen!"
Eta halaxe osatu zuen liburu eder eta jostagarri hori. Liburua ezagutzea eta gozatzea da egin dezakegun aholkurik onena. Baina ez da jolasketa soila. Uste dut gogoeta interesgarria eta arrunt baliagarria eskaintzen digula Txilikuk. Askotan ikusi izan ohi dut kontalaririk gehiegi kezkatzen hizkuntza formal eta zuzenarekin. Jakina, eskertzekoa da baina, bestalde, ipuinekin jolasteko alde hori bigarren mailan gelditu ohi da. Aipatu liburu hau berrirakurtzen jolasa horrek zenbateko garrantzia duenaren ideia ber-sendotu egin zait. Eta honekin batera prestaketaren garrantzia. Uste izan ohi dugu mintzatze soilarekin nahikoa zaigula zerbait kontatzeko jende aurrean. Beste esparru askotan bezala, hizkuntzan ere etengabeko prestaketa behar dugu, eta gogoeta. Ezagutu hizkuntzaren tradizioak, berrikuntzak, erregistroak, euskalkiak... Lanerako erabiltzen dugun tresna gero eta gehiago ezagutuz, sormen aukerak gero eta zabalagoak izango ditugu. Eta, era berean, gogoeta egin beharko dugu unean uneko erabili ohi dugun hizkeraren gainean. Orain dela gutxi lagun batek esaten zidan bera handitzerakoan kontalaria izan nahiko zuela, izugarri maite baitu ipuinak kontatzea. Ez diezaiogun eredu kaxkarrik eman. Azal ditzagun ipuin kontaketaren bide jolasgarriak. Ipuin kontaketa jolas serio dela ager dezagun; irriaren irrikitan jar ditzagun.

2010(e)ko apirilaren 29(a), osteguna

Erotika eta ahozko literatura

Beste leku askotan bezala, gure herriko zumardiko banku batean idatzita dago: “¡Follar es guay!”, alegia, jotzea ederra dela. Ezin dugu jakin idatzi duena neska edo mutila den, baina, idazkeragatik, gaztea dela iragarri dezakegu. Historia aurreko aurkikuntzen artean, hainbat koba zuloetan aurkitutako emakumeen gorputzak irudikatzen dituzten margoak topatu dituzte. Harriz egindako emakumeak ere aurkitu izan dira, beti ere gorputzaren sexualitatea goraipatuz. Zer esanik greziarren edo erromatarren margo askotan agertzen diren eszenak. Aristofanes antzerkigile greziarrak ere Emakumeen asanblada antzerki lanean emakumeen sexu greba agertzen da. Eliza atari askotan irudi batzuk ere ez dira makalak. Edo Indiakoetan. Eta horrela jarrai dezakegu, gure herriko bankuko aldarrikapenera heldu arte. Izan ere sexualitatea, pertsonen arteko harreman gisa hartuta, jende humanoa bere izatearen kontzientzia duenetik, adierazpen sortzailearen ardatzetako bat izan da. Jakina, ez dugu konparatuko bankuko grafittia aipatu beste adierazpen artistikoekin, baina guztiek badute zerbait komuna, hau da, sexualitatearen gaineko ikuspegia besteei azaldu beharra. Azalpen hori nola ematen den izango da bereizten dituena. Bankukoa aldarrikapen hutsa dirudi, edo agian harreman sexualen edertasuna ezagutu berri duen norbaiten oihua munduari. Beste kasuetan sexualitatearen agerpen horri gehitzen zaio modu artistikoan azaldu nahi izatea. Ez da nahikoa sexu harremanak, edo gorputz agerpenak egitea, ezinbestekoa da hori sormen prozesu baten bitartez erakustea. Eta sormena tarteko, irudimena nagusi. Irudimen horretatik hainbat mito eta istorio sortuko ziren sexu harremanen azaltzeko eta, zergatik ez, ulertzeko.

Eros Afroditaren sortzea ospatzeko festan ernaldu zuten. Ama Penia izan zen, txirotasunaren jainkosa. Festara gonbidatuta egon arren bere pobreziaz lotsatuta Olinpoko lorategietan gelditu zen sartu gabe. Bere egoera nola hobe zezakeen pentsatzen ari zela, lo gelditu zen. Poros, aberastasunaren jainkoa sekulako mozkorraldia hartu zuen. Haize apur baten bila lorategietara abiatu zen, txoko batean lo geldituz, Peniatik gertu. Penia horretaz oharturik aukera ederra ikusi zuen bere pobrezia arintzeko. Bere ondora joan eta maitasun jokotan aritu zen, Porosentzat ametsen munduan besterik gertatu ez zirenak. Elkartze horretatik sortu zen Eros. Afroditaren egunean ernatua zelako edertasunarekin maiteminduta zegoen. Pobrezia eta aberastasunaren semea izanik, beti aberats eta era berean pobre bizi izan zen, beti ezin ase.

Kultura bakoitzak bere modura azaldu nahi izan ditu gai honi buruzko kezkak, galderak eta jokaerak. Horretarako istorioak tresna bikainak bihurtu ziren. Irakasbide izateaz gain denborapasa ederra bilakatu ziren, beti ere bizi ziren jendartearen ezaugarriak kontuan hartuz. Eta errealitatean oinarrituta fantastikaren zein irudimenaren eremutan murgilduz. Istorio horien bitartez sexualitatearen hainbat eredu eta ikuspegi transmitituko dira, komunitatearen irudimenean sexu harremanen ikuspegi komuna, edo antzekoa behintzat garatuz. Afrikako hegoaldean bizi den ¡xun herrian istorio ederra kontatzen dute nondik gatozen azaltzeko

Badirudi hasieran gizona eta emakumea ez zirela elkarrekin bizi. Behin biak topatu eta emakumeak bere txabolara gonbidatu zuen gizona. Han bere baratzeko fruitu goxoak eskaini zizkion eta edari, gizonak emakumearekin ez ahazteko. Eta gau horretan berarekin lo egiten gonbidatu zuen, baina ez besterik. hurrengo egunean. Urrutiko zuhaitz batera eraman zuen gizona. Arbola hartan zulo bat zegoen. Emakumeak zakila zulo hartan sartzeko eskatu zion gizonari. Eta mugitzeko gero.Emakumea gizonaren atzean jarri zen eta indarrik gabe zegoenean bere besoetan jaso zuen emakumeak. Eta etxera eraman zuen. Emakumeak eskatu zion gau horretan elkarrekin oheratzeko, elkarri lotuak aurpegia aurpegiaren kontra. Eta gizonaren gozotasuna emakumearen barnean sartu zen; eta emakumearen gozotasuna gizonarengan. Hau izan zen lehenengo aldia. Gizona eta emakumea elkarrekin jarri ziren bizitzen goxotasunean.Goxotasun hartatik omen gatoz denak.

Ez dakit nolakoak izango diren ¡xun-darren artean sexu harremanen eta beren tabuak(izango dituztenak ere jakina) gainean duten iritzia, baina txikitan ikasitako Eba eta Adan ipuinarekin konparatuz gero, alde apur bat ikusten diot. Hemen Emakumearen fruitu eskaintzak goxotasunera eramaten ditu. Gure bertsioan, aldiz…, tira, uste dut guztiok dakigula. Ipuin honetan , amaiera heldu eta segur aski despistatu samar eta liluratuak egongo gara, izan ere, ez baitakigu munduaren hasierako istorio hau erotikoa den ala mitikoa. Baina, zer axola?, istorio eder bat entzun dugu, horixe da interesgarriena. Dena dela, ezinbesteko galdera egingo diogu gure buruari, alegia, zer kontatu nahi zigun ipuin honekin. Hasierako sexu harremanak? Gizon eta emakumeen arteko harremanak nolakoak ziren munduaren hasieran? Nolakoak izan behar diren? Erantzunaren bilaketa horrek bultzatuko gaitu gogoeta egitera, gure harremanen eredua nolakoa den eta zer nahiago dugun. Garrantzitsuena bide hori hartzea izango da, erantzuna bera baino gehiago. Baina benetan istorioarekin gozatu nahi badugu aurreiritziak alde batera utzi beharko ditugu, edo saiatu behintzat. Gure jendartea nolakoa den eta bertan sexuen arteko harremanak nola garatzen diren zer ikusi izango du horretan; era berean sexu harremanen gaineko heziketa eta irizpideak ere erantzunaren baitan izango dira, ezkutuan edo modu inkontzientean bada ere. Jakina, ipuin bera entzunez, modu ezberdinean jasoko da ¡ixunen herrian eta gure artean. Agian, berean harridurarik ez du eragingo eta “normalagoa” ikusiko da istorio hau. Gurean berriz baldintzatuta egongo da ipuin tradizionalen gainean dagoen iritziaz eta sexu harremanak horrela agertzeaz. Irakurketa, edo kasu honetan entzuketa, bakarra ez dagoenez ate guztiak zabalik daude, pertsona bakoitzak berea izango duelarik.

Erotikotasuna ahozko narrazio tradizionalean

Mintza al gaitezke, ordea, erotikotasunaz narrazio hauen aurrean? Erotikotasuna kontzeptuaren definizio ahalik eta zehatzena beharko genuke horretarako; baina, halakorik egin genezake jakin gabe zergatik eta zein helbururekin sortu ziren ipuin zaharrak? Erotikaren ideia ez ote da sortu beste eremutan eta jendarte modernoetan? Ez ote dator, narrazioaz ari garelarik, idatzitako literaturaren sailkatze bat? Nago horrek, erotikaren definitze beharrak, ez duela uste dugun bezain beste garrantzia ahozko tradizio narratiboan. Izan ere, zer bilatzen du narrazio erotiko batek? Irakurlearen edo entzulearen barne sua pizte? Edo txortamina piztea? Zer aldea legoke idazle batek narrazio erotiko bat sortzea erabakitzen duenean eta sexu harremanak aipatzen duen ahozko narrazio tradizional bat kontatzearen artean? Ez nintzateke ni ausartuko erantzun zehatz bat ematen, baina beharbada ez hainbeste. Nire ustez lotzen dituena intentzionalitatea da, sexua eta honek ekartzen dituen jokoak, harremanak eta gogoetak hizpide hartzea, zuzenean edo zeharka. Guk ipuin erotikoak deitzen diegun horiek, ahozko tradizioan “nagusien” ipuinak lirateke; nahiz eta kultura askotan sexu harremanak aipatzen dituzten ipuinak haurrak ere entzule gisa izan. Literatura idaztiaren eta ahozkoaren artean ematen ezberdintasun nagusienetako markatuko du hemen ere erotikotasunaren pertzepzio hori. Literatura idatzia egile baten sormena izan ohi da, hau da, pertsona batek irudimena eta idatz teknikak erabiliz, narrazio bat sortzen du. Ahozko tradizioan ez dago egile ezagunik, esan daiteke kontalari bakoitzean sortzen eta hazten da aldi hori narrazio eta eboluzionatzen joaten da. Lehenengo kasuan erotikotasuna alde bakarretik azalduko da, bigarrenean aldiz komunitatearen ikuspegiarena aldetik, kontalaria bakarra eta ikuspegi berezkoa eman arren kontakizunari. Hortaz kultur transmisio bat ere emango da eta narrazioa horretarako tresna izango da. Sexu harremanen alde hezitzailea agertuko da batzuetan, bestetan aldiz transgresio tresna bat izango da, jendartearen arau moralak ezartzen dituztenak kritikatuz, gehienetan barrea erabiliz.

Sinesgabe bat hileta erlijioso batera doalarik, agertzen da, gainontzekoak bezala, eskaintzara. Sos bat uzten du meza-mutilak luzatzen dion platerean, baina gurutzea eskaintzen dion apaizari esaten dio:

-Nik, ordaindu egiten dut, baina ez dut musurik ematen.

-Nik, ordea – erantzuten dio apaizak goxoki-, musua ematen dut, baina ez dut ordaintzen.

Baina guzti honetan badago zerbait aipatu guzti hau bezain garrantzitsua. Kontalari Afrikara hasi balitz esanez ipuin erotiko bat kontatuko zuela, erabat baldintzatuko luke ipuinaren pertzepzioa. Gure burua erotikotasunaren ideia batean murgilduko litzateke, eta hortik aurrera irudikapenaren gure barne munduak bide horretatik abiatuko litzateke; gainera, gehitzen badiogu, gure imajinarioaren Afrikako exotikotasuna, ba, arreta ziurtatuta dago. Beraz, esan dezakegu, ipuinaren ulermena edo asimilazioa, zerikusi handia izango du ipuina entzun aurretik hartuko dugun jarrerarekin. Baina era berean, are garrantzia handiagoa izango du kontalaria berak entzulea baldintzatuko dituen erreferentziak azaltzeak. Esan dezakegu, beraz, aspaldi zaharretik datorkigun kontu zahar bat eskaini arren, gertatzen ari den unean birsortzen dela. Eta birsortze honek ezinbestez baldintzatuta dago unean uneko egoerarekin, kontalaria zein ikuslearen artean errepika ezineko gertaera jazoz.

Guzti hau zerbait jakina da, ez dugu orain ezer berririk deskubrituko, gogoraraztea ez dago sobran, ordea. Hau hala izanik, benetan garrantzitsuena dena guretzat kontalari/sortzailearen jarrera da tradiziotik datorkigun literaturaren aurrean, eta, heltzen ari garen gaiari lotuta, ipuin zaharretan ematen den erotikotasunaren, edo, nahi badugu, sexuaren tratamendua.

Sexua kontu zaharretan

Munduko kultura guztietan agertzen dira sexua harremanak ipuinetan. Normala da, izan ere sexualitatea pertsonen ezinbesteko ezaugarrietako bat baita. Normala da beraz, hori ere adierazpen sortzaileetan azaltzea. Askotan agerpen horiek modu gordinean emango dira, bestetan munduaren misterioekin lotuak, hasieran eman dugun ipuinean bezala (nondik gatoz?). Baina denetan pertsonen arteko harremanak nola ematen diren edo nolakoak izan beharko liratekeen azalduz, zuzenean edo zeharka.

Izan ere, esan al daiteke sexu harremanen aipamenak egiten dituzten kontu zaharrak ipuin erotikoak direnik? Nago erotikotasunaren kontzeptua, jendarte modernoetan ulertzen dugun moduan, berri samarra dela. Ahoz aho transmititu den literaturan sexu kontuak bere horretan agertuko dira, erotikoak diren ala ez asko inportatzeke. Ez dut uste ipuin bat kontatzen hasiko zena esango zuenik “ipuin erotiko bat kontatuko dizuet”, aitzitik, gehiago sinesten dut esango zuela “Orain jakingo duzue zer gertatu zitzaion halakori”, eta horrekin batera halako konplizitate keinu bat egongo zen. Bai, jakina, hau espekulatzea da, baina esan nahi dudana, zera da, istorio erotikoa, alegia, entzuleen libidoa gori-gori jartzeko kontakizun bat baino, sexu harremanak tarteko gertatutakoa kontatuko zuen. Eta ipuin guztietan bezala, bere baitan irakaspen bat edo gogoetarako bidea izango du. Baina baita ere trufarako eta txantxetarako aukera.

“Bazen behin baserritar bat oso pobrea. Bere familia hartzeko gela bat besterik ez zeukan, eta ohe bat bere emaztea eta bi semeak oheratzeko. Inauterietako gau batean emaztea hain sutsuki hartzen du ohea lau hanketan dardaka hasi dela. Hainbestekoak ziren astinduak seme gazteena ohetik behera erortzen dela. Ohera altxatzen dute atzera, eta senar emazteak uste dutenean haurrak lo daudela, berriro ekiten diote. Orduan anaia zaharrenak gazteena poliki esnatu esanez: “Heldu hadi, txiki! Berriro badoaz eta.”

Akitanian gertatu arren segur aski, gurean gerta zitekeen eta ipuin fantastiko bat baino pasartea den hau, ezinbesteko izango dugu imajinatzea zer nolako txortaldia burutzen ari ziren, eta zein egoeran gainera. Beharbada dugu erotikotasunaren irudiarekin ez da inondik inora etorriko pasarte hau, baina sexu harremanen jokoan ikusten badugu gertaera, irudikatzen badugu ohe horretan suertatzen ari den egoera beste era batera ikusiko dugu eta irudimenaren jolasean sartuko gara, definizioen beharrik izan gabe. Izan ere garrantzitsua da ipuin hauek ematen ziren testuingurua irudikatzea.

Erotikotasuna ez da aurpegi bakarreko prisma. Kultura bakoitzak iruditegi ezberdina osatuko du eta batentzat pitokeria handia izango dena, beste batentzat, aldiz, sekulako erakargarritasuna izango da. Eta hala ere pertsona guztiak prisma bertsuan egongo dira. Badago amazonako indigenen istorio bitxia. Gizon batek sekulako zakil luzea omen zeukan. Nesken atzetik ibiltzeko ez omen zuen bere hamakatik altxatu beharrik ere, bere zakil luze horrek jarraitzen baitzien errekan bainatzen zeudela, edo lur azpitik, ihes egin nahi bazuten. Baina pasarterik onena ipuina kontatzen ari den emakume indigenak amaiera gisa ematen duen azalpena da:

“Ai, Tampot gure artean biziko balitz, zuek entzuten ari zareten emakumeak, hain ederrak, Tampotek hain gustukoak zituen errebuelta horiekin, hain pottokak berak maite zituen bezala, ez zizuen segundo bakar batean ere bakerik emango, maitasuna egin beharko zenukete atsedenik gabe. Bere begi luzearekin zelatatuko zintuzkete, ezpainak milizkatuko lizkizueke, ernaturik, irribarre handi batean zabalduko zenituzketen arte…”

Hegats literatur aldizkarian argitaratua 44.zenb



2010(e)ko apirilaren 7(a), asteazkena

Narrazioa Hustu

Oteizaren Museoa ez da bakarrik, edo ez luke izan behar, sorkuntza zoragarriak ikusteko leku bat. Oteizaren gogoetetan barneratzeko parada ederra da. Oraindik ere pertsona kontrajarria eta eztabaidatua da Oteiza, baina zalantzarik gabe sortzaile aparta. Sormenaren bideak zeinen korapilatsuak eta, era berean, interesgarriak diren zuzenean ikusteko eta gozatzeko aukera dugu Alzuzan kokaturiko museoan. Oriotarrak hutsunearen gainean egindago gogoetak eta lan artistikoak ezagunak dira oso; dena dela, horrek ez du esan nahi bideak itxiak daudenik, izan ere oraindik pentsatzeko parada ematen baitigute. Eta ez bakarrik eskultura batek espazioarekin gauzatzen duen dilektikaren gainean, baina, baita ere, sormenaren bestelako adierazpenak kontuak hartzen baditugu. Oteizak berak, eskulturen gainean baino, gizakiaren gaineko hausnarketak planteatzen ditu. Gizakiaren arimaren bilakaera eta izatea bera hartzen ditu artistak bere eskulturen sorkuntzan. Espazioaren garrantzia, hutsunearen aldarrikapena, pertsona beraren hustutze bezala uler daiteke. Arantzazuko eskulturak horren adibidea dugu.

Baliagarria izan daiteke, ordea, halako gogoeta ipuin kontaketarako? Uler al daiteke ipuin kontaketa, Oteizak aipatzen duen hutsune hori azaltzeko tresna gisa? Desokupatu al daiteke espazioa hitzen bitartez? Zer nolako gogoetara eraman gaitzake hustutze horrek ez da, beharbada, baztertzekoa. Ikusten ez dena ikusgarri egiten digu eskulturen bitartez Oteizak, alegia, hutsa. Hutsa izan daiteke esentzia, mamia, giza esistentziaren arrazoia edo bidea. Ipuinek ere, finean, gure esistentzia humanoaz ari zaizkigu. Kezkak, galderak, ezinegonak, desioak, itxaropenak; guztiak agertu ohi dira fantastikaren bidetik ipuinetan. Baina, zer da irudimena? Zer fantastikotasuna? Ezer ez, gure buruaren kreazioa baizik. Ipuinak, agian, Oteizak sortutako "Kutxa metafisikoak" dira; non entzuten dena, kontatzen dena, hutsune horiek markatzen dituzten xaflak diren.
Kontalariak, kontazen duenean, bere barnea hustuko du, erraiarik gabe agertuko da, Arantzazuko apostuluen moduan. Bera ere bilaketaren parte bihurtzen da, gogoetarako bideak azalduz, espazio huts horiek markatuz. Ipuina espazioan agertzen da, soinuen bidez, keinuen bidez, isiluneen bidez. Dena da ipuina, esaten dena eta esaten ez dena; ikusten dena eta ezkutuan ageri dena. Kontalariaren narrazioa bere barnetik irtengo da eta entzule-ikuslearen barnera helduko da, bere gogoetak transmitituz. Elkar elikatze horrek zentzua emango dio une narratibo horri. Oteizak zioen berarentzat eskultura ez dela apaingarri bat, giza espiritualitatearen aldaketarako tresna baizik, gogoetarako bidea. Gisa berean, ipuina ez da izango denborapasa soila, pertsona humanoen bizi bidean hausnarketarako tresna baizik. Bestela, zertarako norbaiten aurrean jarri esanaz: "Bazen behin..."