2017(e)ko irailaren 20(a), asteazkena

HI SOM



Behin lagun batek galdetu zidan Aralar mendilerroa Euskadin ala Nafarroan zegoen. Espainiako ipuin mitologikoen bilduma egiten ari zela, jakin nahi zuen Aralarko istorioak euskal mitologiakoak ote ziren ala nafarrak. Aralarkoa euskal mitologia zela saiatu nintzen  azaltzen, Gipuzkoan edo Nafarroan izan, biak kultura berekoak zirela, alegia, euskal kulturaren parte. Izan ere, Nafarroan edo Gipuzkoan egonagatik ez zirela pertsonaia mitologikoen izenak ez izanak aldatzen, euskal iruditeriaren parte zirela. Orduan esan zidan bilduma komunitate autonomoetan behar zela banatu, hori baitzen editorialaren erabakia, alegia, egungo antolamendu administratiboaren araberakoa.  Nahi zuena egiteko esan nion, baina horrela egiten bazuen, hau da, Aralarkoa euskal eta nafar mitologia artean bereiziz, ezberdinak balira bezala, akats larria egiten ari zela, eta apur bat abtsurdoa. Euskal mitologiako Basajauna, “nafar” mitologian berdin deitzen zela eta ipuin berdinen protagonista zela; eta horrela gainontzeko guztiak. Editorialaren irizpideari jarraitu zion.

Euskal mitologia eta pentsamendu magikoa, egungo muga administratiboetatik at eraiki ziren. Euskal eta nafar mitologia bereiztea ez dator irizpide kulturaletatik, politikoetatik baizik. Errealitatearen eraldatze hori ukatzetik dator, kultur adierazpen horren protagonisten ukatzetik. Gure hitzen jabe bihurtzeak ukapena horri aurre egitea da. Erabakia gure esku izatea geure iruditeriaren aldarrikapena da. I així som, i per això serem.

2017(e)ko irailaren 7(a), osteguna

ASPERDURA

Kontaketa saio batera heldu gara. Ikuskaria hasi da, baina handik denbora puska batera, arreta handirik ez diogu jartzen kontalariari eta amaiera heltzeko zenbat denbora geldituko ote den pentsatzen hasiko gara. Asperduraren hastapenean gaude, txikia lehenengo, handiagoa denborak aurrera doan bezala. Orduan, eszenatokian gertatzen ari denari jaramon handirik egin gabe, beste zerbaitez hasiko gara pentsatzen. Edukazioagatik, edo nabarmen ez gelditzeagatik, ez dugu alde egingo. Eta denbora luze egingo zaigu, erlojuko orratzak berunezkoak balira. Beste batean, ordea, kontalariaren saioan erabat sartuta gaude, haren istorioetan bidaiatzen, eta ohartu garenerako amaitu da saioa, ziztuan pasa da. Bi kasuetan ordu bete inguruko iraupena izan dute saioek; zer dela eta, orduan, denboraren malgutasun hori? Beharbada hori konprenituko bagenu asperduraren kontra baliabide bat izango genukeen, denboraren izaera ez baita bakarra, anitza baizik. Kontatzerakoan denbora fantastiko batean murgiltzen gara, ohiko errealitatetik kanpokoa; publikoa denbora horretara ekartzen  jakiten dugun bitartean istorioan jarriko du arreta; aldiz, denbora fantastiko horretatik irtenez gero, errealitatera itzuliko da, bere arreta gunea beste zerbaitetara bideratuz; orduan asperdura etorriko zaio. Kontalariaren lana izango da denbora hori ahalik eta ongien kudeatzea, bere kontakizunean gertatzen ari dena ikuslearen ohiko denboratik at jartzea, erlojuaren orratzen abiadura ahaztuz; denbora berri bat asmatuz.