2008(e)ko maiatzaren 20(a), asteartea

Kontalaria aktibista gisa

Edozein ekintza artistikoa barne bultzada batek eragindakoa da; norberaren "zerbait" esan eta kanporatzeko beharra. Azalpen hori euskarri ezberdinetan emango da, pintura, idazkera, musika..., baina oinarrian pertsona humanoek bizi dugun ingurua ulertzeko eta azaltzeko dugun beharrak bultzatuta. Eta horrela izan da pertsona pertsona denetik. Kobazuloetan ikus ditzakegun margoak, bere sinpletasunean, kezka horien adierazle dira. Ordutik hona hamaika eboluzio eman da azaltzeko moduan, hala ere, barne grina hori ez da aldatu. Eta gerta daiteke beste norbaitek sortutako lana bigarren batek modu berean erabiltzea, alegia, mundua eta bizitzaren aurrean jarrera kezkatia azaltzeko. Kasu honetan, nolabaiteko errekreazioa egingo da, beste horren sormen lana norberaren barne galbahetik pasata bestelako sormena bilatuz. Jende aurreko agerpenetan ikusiko da hori nabarmenen: musika kontzertuak, olerki errezitaldiak, antzerki emanaldiak eta ipuin kontaketak horren isla.
Ipuinak kontatzen dituenak badaki, edo jakin behar luke bederen, ipuina ez dela bakarrik kontatzen den istorioa, baizik, eta batez ere, kontatu nahi denaren aitzakia. Ipuinak kontatzen duenak bere buruari galdetu beharko lioke ea zertarako balio ote duen ipuinak kontatzen aritzeak; zertarako jende aurrean jarri eta hango eta hemengo istorioak kontatu; zertarako balio ote duen pertsona bati, edo batzuri bere bizitzaren puxka bat eskatu gure hitza entzuteko. Izan ere pertsona bat, haur, gazte edo heldu, bere denboraren zati bat guri eskaintzen digunean, bere kuriositatea gure ahotan uzten duenean, bere pausalekua gure istorioa denean, arreta handiz hartu beharko litzateke ekintza hau. Baina, eta betez ere, gure burua besteen aurrean jartzen dugunean ipuinak aitzaki, mundua eta pertsona humanoen gaineko gure barne kezkaren bat zentzua emango dio ekintza komunikatibo horri. Hitza hutsa biltzeko papera besterik ez duen sasi oparia baino ez da.
Kontalaria aktibista gisa ekin beharko lioke kontatzeari; hitzaren aktibista. Hitza pertsonak harremanetan jartzen duen asmakizun humanoetako bat da. Hitzak ekintzarik onenak bultza ditzake, baina baita ere gaiztoenak. Hitza aho ilunetatik sor daiteke, edo argietatik. Mingain zorrotza eduki dezake, edo biguin eta gozoa. Hitzak munduan jarriko gaitu eta bertatik alboratu. Ipuinak kontatzen duenak badaki hitza dela pentsamenduaren gauzatzea. Eta pentsamendua pertsonaren desio ezkutuen gordelekua da. Kontalariak gogoaren gordeleku horretatik abiatuta, irudimenaren eskutik bestelako mundu posibleak erakutsi beharko lituzke, hitzaren hutsean galduta ibiliko da bestela.
Kontalaria aktibista bat da, bestelako munduak posible direla sinestari beharko dio entzun nahi dionari. Lurralde miresgarriak, non eztizko eta esnezko errekak dauden, non ezinezkoena posible den, non zoriontasuna bilatzea utopia ez den. Kontalaria aktibista bat da, eta bere lana da erakustea ametsek ez gaituztela mundutik aldentzen, aitzitik, mundua ulertzen laguntzen digutela. Eta bestelako munduak imajinatzen dakienak ez dio ezeri beldurrik eduki behar.
Imajinatzen ez dakien kontalariak, berriz, mendazko txikleak mastekatzen ditu, ahoak darion kiratsa ezkutatzeko.

2008(e)ko maiatzaren 13(a), asteartea

“El drama y sus lenguajes”, literatura esateko idazten denean.

Antzerki lan baten osaketan hainbat jardun biltzen dira. Margolaritza, dantza, musika, literatura, beste batzuen artean. Baina, beharbada nagusienetakoa hitza izango da. Jakina da antzezlan asko eskenatoki batean baino liburu batean irakurrita ezagutu izan dugula. Honek ekarri du literaturaren barruan aztertzea antzerkia. Eskolan antzerkigile handiak irakurri eta ikertu ditugu; erabilitako estiloa, ekintzaren egituraketa, pertsonaien izaerak. Eztabaida luzeak eman ohi dira hau dela eta, alegia, antzerkigintza bere horretan aztertu behar dela eta ez literatura ikasgaiaren barruan, izan ere, baduelako berezko pertsonalitatea; eta, batez ere, antzerki lan bat ezin delako behar bezala ezagutu jende aurrean eskaini arte. Baina, era berean, antzerkiaren lan handiak ezagutu ezina izango zitzaizkigun paperean jaso izan ez bagenitu. Jakina da era berean egile handiak beren obrak lan egiten zuten konpainietan antzezteko egiten zituztela, ez irakurriak izateko. Eta hortxe ikusten da aldaketa, alegia, autore horiek erabiltzen zuten literatura esateko pentsatzen zuten, eta askotan, aldiz, antzerki lan asko literarioegiak suertatzen dira, alegia, antzerki ekintzarako makal geratzen direla. Eztabaida luze, korapilatsu bezain interesgarria suertatzen da halakoa, baina orain arte inork gutxik heldu dio sakon horri, hau da, antzerkian erabiltzen den literaturari.
Alfonso Sastrek La taberna fantastica idatzi eta taularatu zuenean antzerkirako idazkeraren froga ederra erakutsi zigun, esateko egiten den literaturaren harri bitxia. Kezka hori aspalditik datorkio Hondarribiako idazle madrildarrari, eta urtetako gogoeta eta ikerketen ondoren lan mardula bezain eskergarria argitaratu du Iru argitaletxearen eskutik. El drama y sus lenguajes antzerkiaren literaturari ekiten dio buru belarri. Bere hitzetan “drama ez da ez bata (ez kaleko edo etxeko edo lantokiko hizkera) ezta bestea (idazkera, ez arrunta ezta literarioa bere horretan)”. Ideia honetatik abiatuz antzerkiaren erraietan murgiltzen da eta zirujau baten gisa antzerkiaren zoko guztiak agerian uzten joaten da. Une oroz igartzen zaio antzerkiarekiko duen miresmena eta miresmen honek bultzatuta antzerki zein literatura zaleoi ikasteko tresna ezinbestekoa eskaintzen digu, beti ere era samurrean, irakurtzen erraza egingo dena, berak antzerkiari dion maitasuna irakurleari transmitituz. Lan honekin Alfonso Sastrek opari ederra egin digu antzerki zaleoi, izan ere gogoetarako bideak zabaltzen dizkigu praktikatik abiatuz; eta hori funtsezkoa da zailtasun guztien gainetik gaur arte iraun duen jardun liluragarri honek duintasunez aurrera egin dezan.

Bota ditzagun antzoki zaharren horma zaharrak


Eskolan, Maiatza ama birjinaren hilabetea zela irakatsi ziguten, eta halaxe ibiltzen ginen kantari “con flores a Maria”. Geroxeago gure maiatzek bestelako kantuak ekartzen zituzten gogora, eta loreak barrikadak altxatzeko harriak bilakatu ziren. Eta orain bizi garen ospakizunen jendarte honetan, mundua aldatu nahi izan zuen maiatza hura ekartzen dugu gogora. “Izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa” hormetan idazten omen zen orduan, orain dela berrogei urte; gaur egun berriz, Erreala mailaz igoko ote denaren zalantza azaltzen duela pentsatuko du bateon batek. Eta 68ko Maiatza aitona-amona aurrerakoien batallitak bezala baino ez dira agertuko. Eta izango dira (eta badira) Armani trajean babesturik, kotxeak kalean nola gurutzatzen diren azalduko duenik, gaztetan halakoak egiten baitziren, orduan.
Baina barrikadaz gain, mobilizazio gogoangarriez gain, lelo irudimentsuez gain, ba ote zegoen beste ezer? Gure zutabe honetako ohiko gaiari helduta, antzerkiari alegia, zer gertatzen ari ote zen orduan antzerkian? Gogoratuko al dira nonbait orduko antzerki batallitak? Izan ere, beste arlo askotan bezala, garai hartako mugimenduek antzerkian sekulako eragina izan zuten, orduan izan baitzen antzerki independentea bezala ezagututako mugimendua martxan jarri zenekoa, gure artean behintzat. Antzerkiaren joera berriak, ez bakarrik molde artistikoetan, baina batez ere antzerki taldeen antolamenduetan azaltzen ziren. Hego Euskal Herrian antzerki talde berriak hasi ziren sortzen, lotura handiak, eta askotan zuzenak, orain dela berrogei urte pil-pilean jartzen ari zen jendartean zeuden mugimendu sozial eta politikoekin. Euskaldunen artean aipatzekoa da Donostiako Jarrai taldeak antzerkia euskaraz egiteko moldeekin ekarri zuen erabateko aldaketa; ezin saihestuz, jakina, orduko bestelako kultur mugimenduekin harreman estua. Gabriel Aresti izan zen idazketa dramatikoari zegokionez, poesian bezala, joera modernoak erakusten saiatu zena, Jarrai taldearekin elkar lan adoretsua erakutsiz. Oiartzungo Intxixu taldeak ere laster helduko zion antzerkigintza euskaldunari joera berriak ekarri nahi horri. Eta jakina, eztabaida publikoak ez ziren falta izan, gogoetak, bide ezberdinen aldeko apustuak, proposamen berriak. Gazteleraz ere ez zen makala sortzen hasi zen giroa, antzerki talde berriak sortuz eta antzerkigintzan gure mugaz gaindi ematen ari ziren joera berri horiek gurean ere isla zitezen. Ordukoak dira Akelarre, Cómicos de la Legua-Kilikilariak, Orain edo Geroa, batzuk aipatzearren. Bai euskaraz zein gazteleraz antzerkigintzak leku garrantzitsua hartu zuen Euskal Herriko kultur mugimenduaren barruan.
Orain maiatza honetan, barrikaden postalak ekartzen ditugu gogora. Orain agintzen dabiltzan askok, agintearen kontra nola errebelatzen ziren gogoratuko dute enpresari eta banku nagusiekin bazkaltzen. Antzerkiarekin ordea, nor gogoratuko da? Nork ekarriko ditu gogora antzerkigintzan ematen ziren eztabaidak? Ez orduko garaien haien nostalgian itotzeko, baizik, oraingo autokonplazentzian edo desesperazioan ez erortzeko. Edo “con flores a Maria…” hasi beharko dugu kantatzen berriro?