viernes, 16 de diciembre de 2011

Antzerki Biluzia


         “Edozein espazio soila har dezaket eta eszenatoki biluzia dei dezaket. Gizon bat dabil espazio huts horretan beste batek begiratzen duen bitartean, eta hauxe da behar den guztia antzerki ekintza bat egiteko. Baina antzerkiaz ari garenean, ez dugu zehatz-mehatz hori esan nahi.” Hitz hauekin hasten du Peter Brook-ek “Espazio hutsa” bere lan ezaguna. Jakina, hau hasiera besterik ez da, hortik aurrera antzerkigintzaz lezio ederra garatzen du. Orain ordea, gera gaitezen kezka horrekin, alegia, zertaz ari gara antzerkiaz ari garenean? Abia gaitezen soiltasunetik, antzerkigintzaren hutsetik, Xabier Letek eta Eugenio Arozenak Intxixu antzerki taldearentzat idatzitako “Antzerkia deuseztik izatera” hartan hasi ziren gisa. Lan honetan kobazuloetatik egungo gizakiarenganako bidaia egiten da antzerkia adierazpen ezberdinak bidelagun.
         Brookek duen antzerki ekintza soil hori agian lotu daiteke kobazuloetako garai haiekin, ezdeusa horrekin gizabanakoaren izatearen eta munduaren gaineko gogoetak eta kezkak azaltzeko nahikoa zutenean. Historiaren garapenarekin batera antzerkia garatuz joan zen ordea. Espazio huts hura betetzen. Eszenatokia eraikin batez estali zen. Antzokia eraikin dotorea bihurtu zen. Eta, horrekin batera, eszenatokiaren gaineko gizon hark garrantzia galdu zuen edukinontziaren alde. Antzerkira joatea espazio batera joatea bihurtu zen. Espazio bete batera, gauzez betea. “Esan ohi dugu, zinemak antzerkia hiltzen duela, eta esaldi horrekin zinema sortu zeneko antzerkiaz ari gara. Leihatiladun antzerkia, egongeladuna, ikusleak trabarik gabe ilara artean pasa dadin besaulki tolesgarriak duen antzerkia, kandilejak, dekoratu aldaketak, ekitaldi tarteak, musika, definizioz antzerkia hori eta zerbait gehixeago izango balitz bezala.”
         Badira urte batzuk idazle ingelesak lan ezagun hori argitara eman zuela. Badira urteak ere Lete-Arozena bikoteak ezdeusatik irteteko bidaia eszenikoa proposatu zuenetik. Krisiaren aurrekontuak osatzen ari diren honetan atzerako bidaia egiten ari dira ere, hutsera, alegia. Antzerkia eszenatoki hutsa bihurtzen ari da. Eraikinak hor daude, euren leihatilekin, besaulki tolesgarriekin, oihal eta dekoratuekin, baina platearen erdian jartzen bazara ez duzu taula zeharkatzen ari den gizonaren pausurik entzungo. Ezta Xelemon antzez jokoa. Antzerkia biluzik sumatuko duzu, antzezlariak kalean baitaude, eraikinetik kanpo hutsaren hurrengoa antzezten.

martes, 13 de diciembre de 2011

Zer kontatu? Nola?


         “Pertsonak egiten du jendartea ala jendarteak pertsona?”, bota zuten aspaldi soziologian. Ipuinak kontatzerakoan antzeko kezka edo gogoeta izan ohi dugu batzuetan, alegia, ipuina da ideien, jokaeren edo baloreen transmisorea ala kontalaria? Horretaz ari ginen Bea eta biok, herri ipuinetan emakumeen irudiaren agerpenaz. Eztabaida zaharra bezain luzea, eta askotan korapilatsua, kontalariok geure lanean izan ohi ditugun gogoetez gain, horrek ikusleengan eragin ditzakeen harrera eta erantzuna ekidin ezina baita. Kontu zaharrak bere horretan kontatu ala aldatu? Ipuin berriak sortu balore, jokamolde eta imajinario berrietan oinarrituak? Sormena ideien mesedetan ala ideiak sormenaren eragile? Brecht langile bat historiaren aurrean galdezka jarri zuen bezala, kontalariok ere, sortzaile garen aldetik, istorioen aurrean galdezka jarriko beharko dugu gure burua.
Ni kontu zaharren zale amorratua izateaz gain, defendatzailea banaiz ere. Kontu zaharrak ez dira, idatzitakoen aldean, istorio amaituak, finkatuak, mugiezinak; aitzitik, etengabeko aldaketak bizi dituzten narrazio komunitarioak dira. Garaietan barrena kultura zein egoera ezberdinetara egokitzen eta moldatzen joan diren sormenak dira. Zer alda daitekeen eta zer bere horretan utzi? Hara hor galdera. Horri erantzuteko kontu zaharrak ezagutu behar dira, eta euren garapena, soziala zein kulturala. Kontalariak horri ekin beharko dio, baina baita ere bizi duen jendartearen gainean gogoeta egin, bere jarrerak, jokamoldeak, kontradikzioak. Kontalaria ezin baitu izan jendartetik aparte bizi den sortzailea. Baina, kontalaria bakarrik?