sábado, 19 de mayo de 2018

ZIENTZIA


Argindarrak 300.000 kilometro egiten ditu segundo batean, ez dago unibertsoan abiadura handiagoan mugitzen den ezer. Sinapsiak konektatzen dituen elektrizitateari esker gure pentsamendua bizirik dirau, motel sentitzen dugunean ere, instant bat baino ez da. Ipuin batzuetan zaldi harrigarria hartzen du heroiak, pentsamendua baino biziago korritzen duena, alegia, argindarra baino bizkorrago. Eta burmuina, atsedenik ez duen organoa, etengabeko elektrizitate festa da. Eta festa horretan sortzen dira ipuinak. Burmuina puzzle liluragarria da, altxor kutxa miragarria, ganbara zoragarria. Letrak, irudiak, usainak, oroimenak, desioak, gorrotoak, maitasunak, nekeak, pozak, tristurak…, barreiatuak noiz elkartzeko zain. Ipuina kontatzen hasi aurretik burmuineko sinapsiak hasi dira elkar trukatzen informazioa elektrizitatearen bitartez, hasi dira burmuinaren puzzlearen zatiak handik eta hemendik ekartzen. Aktibitate frenetikoan daude. Ipuina, lehenengo hitza sortu aurretik hasi da. Elektrizitatearen abiaduran kontalariaren burmuinak lehenengo hitza bilatzen du, kanpoko soinuak, usainak, ingurua jaso bitartean. Irudiak handik eta hemendik hasi dira biltzen, oroimenak, sentsazioak. Proteinak, hormonak, bakteriak dantza eroan daude, akelarre festan. Eta hasi da ipuina. Hitzen doinuak uhin luzapen ezberdinetan abiatuko dira entzulearen belarrira, kontalariaren keinuak argiak eramango ditu begietara. Eta entzulearen burmuineko sinapsien festa hasiko da. Elektrizitatea da.  Kontalaritza zientzia da.

domingo, 22 de abril de 2018

ENTRETENIMENDUA

“Uler dezagun entretenimendu hitza. Ez du inondik inora azaltzen barrea, poza, txantxa! (...) Entretenimendua aipatzean ulertu behar dugu antzerkigintzaren itxurazko baliabideak baliatzen dituena (errepresentazioa, dekoratuak, aktoreak, zuzen egiten diren erreplikak…) ikusleen iritziak sendotzeko, iritzi dominanteak direnak, hain zuzen. Halaxe da, etengabe gogoratu behar dugu iritzi dominantearen berezko zera dela mundu guztiaren izpiritua dominatzea.” Halaxe erantzuten zion 2012an, horren gainean galdetzerakoan, Alain Badiouk, filosofo eta antzerkigileak, Nicolas Troug kazetariari, Avignoneko Antzerki Jaialdian antolatutako jende aurreko elkarrizketa batean. Izan ere, aspaldi honetan, kultura aipatzerakoan, erruz entzuten den hitza dugu entretenimendua. Denbora pasako jardunak balira bezala azaltzen dizkigute arte eszenikoak; administrazio publikotik kultur egitarauak iragartzerakoan, batez ere. Denbora pasatzeko proposamen arinak, bizitzaren arazoen aurrean nolabaiteko tregua apur bat eskainiko digutenak. Entretenituko gaituztenak; baina Badiouk ohartarazten gaituen moduan, iritzi dominantearen estalpean ariko direnak. Ez pentsa arazi, ez gogoeta arazi, ez oldar arazi, denbora pasatzen utzi, besterik gabe. Ipuinak kontatzea ere entretenimendu huts gisa azaltzen da gehienetan, denbora pasa polita. Askotan kontalariak berak horrela azaldu ohi du, eta, orduan, iritzi dominanteak gure kontakizuna dominatzen duenean, gure gogoa eta bizitza bera ere dominatu ditu.

viernes, 23 de febrero de 2018

Kontaketan

Bitxia da hizkuntza. Zenbakiak kontatu egiten dira, baina baita ipuinak ere. Ipuin saio batean zenbat istorio kontatu ditugun kontatu dezakegu. Kontatu dezakegu zer kontatu dugun, eta baita ere saioan zenbat jende egon den kontatu. Horrela kontalaria, zientzietako eta letretako pertsona bihurtuko da. Zenbakietan eta letretan murgildurik ibiliko da. Ipuin batean matematika eragiketak edo jokoak egon daitezke ezkutatuak, eta era berean, sistema dezimala azaltzeko istorio bat konta dezake. Zeroaren garrantzia esaterako. Zenbakiak garrantzi handia dute ipuin sinbologian. 3 haur edo 7 izango dira familia batean, ez 2, 4 edo 5. Hamalau, 14, ipuinetako pertsonaia izango da, indartsua, emakume baten eta hartz baten semea. 7 dira ipotxak Edurnezuri ipuinean, Grimm anaien bilduman; baina 13 erraldoietan bihurtuko dira Kataluniako La Tarongeta ipuinean, Joan Amades jasotako bertsioan.

            Eta 2 kontaketa jaialdi abituko dira egunotan Euskal Herrian. 11 kontaketa eta istorio barreiatuko dira han eta hemen. Bilbon Istorio Biziak jaialdiak, Zurbaranbarri eta Castaños auzoak berbetan blai izango ditu. Bertako zein kanpoko kontalariek euren kontaketak eskainiko dituzte; zenbat jende hainbat kontu. Tolosan eta Ordizian berriz, Ahoz Aho jaialdiak konta ezineko hitz zaparradekin bustiko ditu bertaratzen den jende kontagaitza. Matematika txikia osatzen dute, ordea,ipuin kontaketa jaialdiek, helduei zuzendutako saioak bezalaxe. Kontaketan arituta zerotik hurbilago gaude hamaikatik baino.

jueves, 8 de febrero de 2018

Burukoa

Behin Ea herrian nengoen kontari (herritarrek Ie esaten dioten horretan) eta hitz batekin korapilatu nintzen. Kontatzerakoan ipuinek ez dute izaten normalean testu finko bat, inprobisazioak leku handia hartuz; istorioa da buruan duzuna ez hitzak. Baina badira hitz batzuk ezinbestean agertu behar direla ipuinean, nolabaiteko hitz klabeak. Egun horretan kontatzen ari nintzen ipuinetako batean hitz hori burukoa zen; baina zerbait arraroa sumatu nuen entzuleen aurpegietan, hitzaren esanahia ez ulertzearena alegia. Zorionez ohartu nintzen burukia esan nuela, estandarizatu gabekoa, etxean erabili ohi izan duguna, orduan burukoa erabili nuen, hori ulertuko zutelakoan. Baina aurpegiak berdin. Ondoren nire burutik sinonimoen hiztegia osoa pasa zen. Burko. Ezer ez. Burukita. Berdin. Hitz hori ulertu gabe ipuina ez zuten ulertuko. “Nola demontre esango ote dute hemen?”, hori kaska jana nirea. Azkenean erabaki nuen galdetzea ea nola deitzen zioten ohean burua deskantsatzeko den gauza horri. “A, almude!”, erantzun zuten ia aho batez. Eta ipuinak aurrera egin ahal izan zuen. Eta nire buruko sinonimoen hiztegian hitz berri bat.

Kontalariarentzat garrantzitsua da oso hitz, esakune, esateko modu eta antzekoen bilduma buruan edukitzea, bere euskara “naturala” ez baita nahikoa Euskal Herriko agertoki ezberdinetan ulertua izateko. Eszenarako euskara estandarra beharrean gaudela iruditzen zait, idazteko dugun bezala, esateko ere izan dezagun. Buruko erosoarekin amets egin dezagun.

domingo, 10 de diciembre de 2017

NOLAKO ANTZERKIA NAHI DUGU?




“Esanahi zehaztugabe asko ditu Antzerkia hitzak. Munduko alderik gehienetan, antzerkiak ez du leku zehatzik, helburu argirik jendartean, eta zatitan baino ez da existitzen: antzerki batek dirua bilatzen du, beste batek handitasuna, hark politika, besteak dibertsioa”1. Honela idazten zuen Peter Brook-ek antzerkigintzaren klasikoa bihurtu den Espazio hutsa saiakeran. Jakina, proposamen guztiak bezala aldeko, kontrako eta erdibideko iritziak izango ditu, eta defenditu edo arbuiatu beharrean, antzerkigintzan gogoetaren beharra aldarrikatzea baino ez da gure asmoa.


Baina ez zaio arrazoia falta Brooki; batez ere, antzerkia hitza eta bere bideak anitzak direla aipatzen duenean; beraz, zelako antzerkia egin behar den, zein den egokia, zein den beharrezkoa, egokia edo zuzena eztabaida antzua litzateke, izan ere nor da nor beste bati esateko zer egin behar duen eta nola, azken finean, sormen prozesuak, bateko edo besteko, arrazoi pertsonaletan oinarritzen baitira, direnak direla. Esan nahi al du horrek, ordea, eztabaidak baztertu, saihestu edo alboratu behar direnik? Erlatibismo totalean erori behar al dugu egiten den guztia onartuta, norberak nahi duena egin dezakeela aldarrikatuz? Akritizismoa al da sormena libre izateko baldintza? Ez, alajaina!


Gogoeta gabezia litzateke gaur egun euskal antzerkiaren eritasunik larriena. Honek ez du esan nahi norbanako edo talde txikietan eztabaidatzen edo gogoetarik egiten ez denik, ez dugu uste halakorik erabat desagertu denik; ordea, gabezia gogoeta publikoetan ikusten dugu, eztabaida zabala euskal antzerkigintzan, non era guztietako bideak, iritziak, proposamenak azaltzen diren elkarrekin sozializatuz. Berehalakotasunaren jendarte honetan arnasa hartzeko astia beharrezkoa zaigu, euskal antzerkia non dagoen, nondik heldu den eta norantz abiatu nahi duen argitzeko. Euskal jendartearen ajeek antzerkigintzan ere eragina dutela ez dugu ukatuko; honek, ordea, akuilua beharko luke izan antzerkia ere alde aktiboa izan dadin bizi dugun jendartearen jitean.


Kezkagarria da, baina, Alfonso Sastre bezalako antzerkigile batek horrelakoak idaztea, kasu honetan aktoreez ari dela: “Aktore batzuetatik ezagutzen da bere pentsaera, baina hala izan ohi da bere iritziak halako foro batzuetan azaltzen dituztelako edo bestelako ekintza publikoetan agertzen direlako, kale manifestazioak edo antzeko; baina ez beraiek egin izan dituzten antzerki lanetan ageriko bide bat jarraitu izan dutelako; eta sinesgarriena da pentsatzeko lan hau zuzendari eta ekoizleen gainean utzi izatea, beren interpretazio ahalmenak baliatzen dituztenak.”2Horrela izango ote da? Aktoreek pentsatzeari utzi ote diote euren lanari dagokionean? Ez ote diote garrantzirik emango euren lanaren eraginari edo esanahiari? Nahikoa ote da “lana da behintzat” norbere burua lasaituko duen justifikazioa bilatzeko? Eta azken hau horrela bada, ez ote da ezkutatzen komentario horren atzean aktore lanaren prekarietatea?


Sastrek egiten duen komentarioa zuzena izan ala ez, kezkagarria dena da egia zantzuak badituela; beraz, aktoreak euren lanaz pentsatzen eta gogoeta egiten jartzen ez badira nola agertuko da egile madrildar-hondarribiarrak aipatzen duen “ageriko bide bat”? Baina ez bakarrik aktoreak norbanako hartuta, baizik orokorrean aktore langintzaren bide (edo bideak) jarraituak; euskal aktoregintzaren eboluzio intelektualari zein praktikoari nola egin jarraipen txukuna?


Ez dezagun ordea, aktoreen gainean arduraren zama guztia utz, antzeko kritikak egin baitiezaiekegu antzerkigintzan parte hartzen duten beste hainbat eragileri: ekoizleak, zuzendariak, idazleak, programadoreak… Bakoitzak bere ardura berezkoak izango ditu eta bakoitzari zorroztu beharreko punta kamutsa bila diezaiokegu. Dena dela, orokorreko ikuspegia hartu beharko genuke euskal antzerkigintzaren egoera aztertzerakoan. Ez du balio bakoitzak bere aldea zaintzea (eta maiz bere burua baino ez), norbanako irtenbideek egoera larriagotu baino ez dute egiten. Baina, jakina, merkatuaren legeak ez ditu maite antolatze zirikatzaileak (ez badira, noski, merkatua beraren legeak ezartzen dituztenenak).






KULTURAREN MERKATUA


Kulturak ez die ihes egiten beste arlo ekonomiko batzuetan ezartzen diren arauei, hau da, etekin ekonomikoak bestelako baloreen gainetik jarriz eta ikerketa zein balorazio kuantitatiboak kualitatiboen gainetik ezarriz. Kulturaren kasuan, eta ondorioz antzerkigintzarenean, arbuiagarriagoa dugu merkatuaren antolatzea, hain zuzen ere, kontratatzaile nagusiena (ia erabatekoa) administrazio publikoa baita.


Suposatzen da administrazio publikoaren helburua jendartearen bizi kalitatea igotzea eta, kulturari dagokionez, herritarren kultur maila indartzea eta areagotzea dela, horretarako era guztietako ekitaldiak sustatuz eta kultura herritarren esku utziz, ez bakarrik jasotzaile pasibo gisa, baita, eta batez ere, bere kultur kezken eta nahien eragile aktibo moduan, direnak direla. Gertatzen dena da, ordea, gaur egun nagusitzen den bidea pasibotasunarena dela, kultur kontsumo soilarena, beste edozein ekoizpen komertzialen moduan, hori bai, “kulturak libre egiten gaitu” lelo hustua bezain zalantzagarria aldarrikatuz.


Eta, hala ere, leloa egia balitz, nola aska gaitezke kulturak askatasun eredugarri horren nondik norakoak eta uhalak eramateko trabak eta, maiz, debekua ezartzen bazaizkigu? Nola baliarazi kulturak eskaintzen digun ustezko askatasun hori, askatasunik ez badugu gure egitasmoak, desioak, burutazioak eta, zergatik ez, harrikadak aurrera eramateko biderik? Nola aurrera egin, ikertu, bide berriak arakatu kulturaren merkatua balantze ekonomikoen eta politikoen menpe badago? Eta honek guztiak zentsura berri baten aurrean jartzen gaitu: hain zuzen, merkatu horren legeak betetzen ez dituena baztertua, zokoratua, alboratua, eta, askotan, boikoteatua izango baita.


Hau horrela izanik, antzerkiaren zirkuituetan burua sartu nahi duenak (instituzionalak denak, ez dezagun ahaztu) lege horiek jarraitu beharko ditu. Eta eragin nabarmena edukitzen ari da politika instituzional hau, euskal eszenatokietan gero eta ekoizpen mamirik gabeko gehiago erakusten baita. Merkatu horrek ezarritako idatzi gabeko legeetara egokitu beharko dira sortzailea eta ekoizlea beren lanak ikusiak izan daitezen nahi badute. Honek ekarriko du kontatu nahi denari baino kontratatzaileak eskatzen duenari egokitu beharra ekoizpena. Jakina, badira ekoizpenak eta proposamenak hortik kanpo ibili nahi dutenak, halako baldintzarik gabe bestelako antzerki lanak eskaini nahi dituztenak; euren apetei jarraituz; ordea, bazter bideetara izango dira bultzatuak, bigarren mailako zezen plazetara.


Gaur egungo “norberak bere lepoa salba dezala” ideiaren aurrean, euskal teatroa nolabaiteko bertebrazio faltan dago. Kanpoko begirale batek gure antzerkigintza ikusiko balu , segur aski, ez luke inongo berezitasunik sumatuko beste lurralde batzuen aldean; agian hizkuntzarena, baina hori, behar bada, alde artistikotik baino, bitxikeria linguistikotik ikusiko luke. Ez dugu orain eta hemen baieztatuko antzerkia jendartearekin bat etorri behar denik, ezta honen mugimenduekin identifikatu, are gutxiago jendarte horren askatzeko bideak erakustera; ez dugu uste gainera hala izan denik, ezta helburua hori denik ere. Baina bizi den jendartearen arazoen, kezken edo eboluzioen berri edo, behintzat, gogoetak islatzen ez dituen antzerkia kontsumorako ekoizpen soila baino ez da izango, diru laguntzak eta emanaldiak kontrolatzen dituztenen gora beheren menpe egongo dena. Eta antzerkiak, ekintza intelektuala eta artistikoa den aldetik, morrontzetatik ihes egiteko beharra dauka, bere proposamenak aurkeztuz jende aurrean, zintzoak eta humanitatearen alde.


Jakina, esango du norbaitek, baina bizi ere egin behar da, ez gaude iraultzen garaian. Egia da, izan ere antzerkigintzan agertzen diren arazoak ez dira jendartearen bestelako arlotan agertzen direnen aldean oso ezberdinak; baina guk baino hobeto azaltzen du Dario Fo antzerkigile eta aktore italiarrak konpromisoaren gaineko arazoa: “Bueno, arazoa dago hain zuzen okertzeak ez izatean, zure lana zuzen transmititzea… erabilia ez izatea lortzea. Batez ere, zure atzean ate bat zabalik edukitzea ziztuan alde egiteko… engainatzen zaituztela sumatzen duzunean. Gainera, zeure buruarekin, zeure gogoarekin eduki behar duzun etengabeko eztabaida dago, zeure koherentzia eta duintasunarekin; etengabe zeure buruari galdetu: “Zertan ari naiz? Izorra nazaten utziko al diet? Non egin dut atzera?”3.


Askotan konpromisoarena modu okerrean ulertu izan da, alegia, honako edo halako lerrokatzearekin; baina antzerkiarekiko konpromisoak, gaur egun, Euskal Herrian, esan nahi du gogoeta sakona egin behar dugula daramagun bideaz, aipatu bertebrazio hori nola demontre bideratu daitekeen, edo, nork daki, beharrezkoa ote den; baina, batez ere, geure buruei galdetu beharko diegu ez ote garen izango egun garatzen eta inposatzen ari den kultur eredu baten transmisoreak, edo nahi gabeko laguntzaileak. Gogoeta honetan antzerkigintzaren sektore ezberdinek izango dute zer eskaini, definizio antzuetan erori gabe edo, garai batean bezala, pastelaren zatiak nola banatu eztabaida lukurreruetan jausiz.


HIKA aldizkarian argitaratua 2008an



_____________________


OHARRAK


1. Brook, Peter. El espacio vacío. Arte y técnica del teatro. Ediciones Península, Barcelona. 1986.


2. Sastre, Alfonso. Grandes paradojas del teatro actual. Hiru argitaletxea, Hondarribia, 2007.




3. Fo, Dario. Manual mínimo del actor.

lunes, 23 de octubre de 2017

Angano! Angano!

“Angano, angano! (Ipuina, ipuina!) Hauxe da ipuin bat, Ez naiz ni gezurretan ari, baizik arbasoak; haiek, hala ere, entzun egin zuten”. Randriamahatsiaro jauna halaxe amaitzen ditu ipuinak, han, urrutian, Madagaskarren. Ipuinak aurrekoek utzitako ondarea da, zaindu egin behar dira, ondorengoei berdin uzteko.  “Ipuinak belarrien herentzia dira”, dio. Ambarazafy andreak gogoan du, oheratzerakoan, Kalahoba amona biloba ugarien erdian jartzen zela ipuinak kontatzen, horregatik berak  hainbeste ipuin dakizki. Velonandapa jaunak dio ipuinekin entzungo duzula inoiz entzun ez duzun hura; ikasi egingo duzula ez dakizuna. “Ipuinek balio dute izpiritua hezteko”. Guztiek aipatuko dute ipuinak kontatzeak malgatxeen izaeraren eta kulturaren iraupenean duen garrantzia, ahozkotasunean oinarritzen den kultura baten zutabe handienetakoa dela. “Nazio bakoitzak bere ahozko tradizioa zaindu dezala, beste gainontzeko nazioek entzun dezaten”, aldarrikatzen du Randriamahatsiaro-k.

“Angano..., Angano… nouvelles de Madagascar” dokumentala 1989. urtean zuzendu zuten Marie-Clemencek eta Cesar Paes-ek. Madagaskarreko ezagutza ekarri nahi zuten ahozko tradizioaren eskutik. Dokumental ederra. Ikusterakoan nahigabe gurera etorri zait gogoa. Euskal kontalaritzak tradizio aitzinekoa du, ipuinak barra barra, bildumak ere hamaika, ikerketak berdin; baina ez ote dugu bazterrean utzi ipuinek euskal izaeraren eraikuntzan izan duten garrantzia? “Ipuinak herentzia bat dira”, diote filmean. Probestu ote dugu?

miércoles, 20 de septiembre de 2017

HI SOM



Behin lagun batek galdetu zidan Aralar mendilerroa Euskadin ala Nafarroan zegoen. Espainiako ipuin mitologikoen bilduma egiten ari zela, jakin nahi zuen Aralarko istorioak euskal mitologiakoak ote ziren ala nafarrak. Aralarkoa euskal mitologia zela saiatu nintzen  azaltzen, Gipuzkoan edo Nafarroan izan, biak kultura berekoak zirela, alegia, euskal kulturaren parte. Izan ere, Nafarroan edo Gipuzkoan egonagatik ez zirela pertsonaia mitologikoen izenak ez izanak aldatzen, euskal iruditeriaren parte zirela. Orduan esan zidan bilduma komunitate autonomoetan behar zela banatu, hori baitzen editorialaren erabakia, alegia, egungo antolamendu administratiboaren araberakoa.  Nahi zuena egiteko esan nion, baina horrela egiten bazuen, hau da, Aralarkoa euskal eta nafar mitologia artean bereiziz, ezberdinak balira bezala, akats larria egiten ari zela, eta apur bat abtsurdoa. Euskal mitologiako Basajauna, “nafar” mitologian berdin deitzen zela eta ipuin berdinen protagonista zela; eta horrela gainontzeko guztiak. Editorialaren irizpideari jarraitu zion.

Euskal mitologia eta pentsamendu magikoa, egungo muga administratiboetatik at eraiki ziren. Euskal eta nafar mitologia bereiztea ez dator irizpide kulturaletatik, politikoetatik baizik. Errealitatearen eraldatze hori ukatzetik dator, kultur adierazpen horren protagonisten ukatzetik. Gure hitzen jabe bihurtzeak ukapena horri aurre egitea da. Erabakia gure esku izatea geure iruditeriaren aldarrikapena da. I així som, i per això serem.