2018(e)ko urriaren 22(a), astelehena

KIRRINKA

Aspalditik nuen jakin mina Mikelek ase zidan. Amarako Toporen geltokian tren bat sartzear zela, burdinbideko errebueltan euri fin bat martxan jartzen zen burdina bustiz. Zergatik demontre egingo ote duten hori, galdetzen nion nire buruari, hamaika teoria ezberdin imajinatuz. Mikeli, Topoko langilea izanik, bizitzen uzten ez zidan kaskajate horren arrazoia galdetu nion. “Trenaren gurpilek kirrinka egin ez dezaten”, erantzun zidan; ondoren, zarata hori egitearen arrazoi teknikoa argituz.  Zarata gogaikarria da hori, eta ohartu ziren euria egiten zuenean, burdinbidea bustitzen zelarik, gurpilek mutu gelditzen zirela. Ze sinpleak diren gauzak batzuetan.

Kontaketaren bat prestatzerakoan kirrinka zarata agertu ohi da maiz. Nora heldu ezin asmatu eta errebueltaz betetzen da bidea, herdoilaren gainean ibiliz. Tren zaharren moduan, alde batetik besterako kulunka desorekatzailean bidaiatuz. Eta kirrinka zakar etengabe horrekin, errebuelta amaigabean sartuta. Hamaika irtenbide bilatuko duzu, gero eta absurdoagoak eta korapilatsuagoak. Burua erabat aldrebestuta duzularik, erabaki duzu atseden hartzea. Kafetxo bat egin eta balkoira irten zara, begirada galduarekin munduari so. Sirimiri fin bat ari du. Lasaia. Geldoa. Mundua blaitzen ari da. Kafea bere azkenera ekartzen duzularik, zerbait argitu da buruan; sinapsi ezkutu bat berpiztu dela dirudi, neurona alfer batzuk mugiaraziz. Eta bidea argitu zaizu. Hain zen erraza irtenbidea, nola ez zenuen ikusi? Kirrinka latz hori desagertu da.

2018(e)ko urriaren 6(a), larunbata

BATUA

Ipuinak kontatzen hasi eta berehala konturatu nintzen, zein ipuin kontatu bezainbat garrantzia zuela ipuin horiek nola esan, zein hizkera erabili; hizkuntzaren zirrikituek arintasuna ekartzen zutela, ñabardurek dimentsio berezia ematen ziotela.  Barandiaranek edo Azkuek, esaterako, euskalkietan jasotako ipuinak, mintzaira aberasteko baliagarria izan zitzaizkidan, euskararen aberastasuna begien aurrean jarri baitzidaten, ez bakarrik lexikoan, baina, batez ere, kontakizuna ahoz ematerakoan narrazioa aberasteko orduan. Aski ezaguna egin den Artxila Mortxila esakunea, adibidez. Wesbterrek Lapurdi aldean jasotako sorgin ipuin batean agertzen da: Artxila Mortxila, zakuan sar! Baliabide polita beste istorioetan erabiltzeko. Txan magoari erakutsita, berak haur guztien imajinarioa aberastu zuen maisuki. Ikasi nuen ere, Italo Calvinok, kontu zaharrez arituta,  aipatzen duen egituraren praktikotasuna eta arintasuna. Kontatzea ez da idaztea, beraz, ahozko narrazioak beste molde bat eskatuko du.

Euskal Herriaren lurralde ezberdinetan ibilita, ordea, zein behar zuen erabili beharreko euskara? Nire euskalkia, nahikoa aldrebestua bestalde? Nola kontatu Sestaoko euskaldunei? Nola Garazikoei edo Markinakoei? Nola euskara ikasleei? Orain dela 50 urte euskara batua, edo estandarra, abiatu ez bazuten zaila izango nuen. Euskarak ematen dituen baliabideekin ahozko kontakizunak emateko nolabaiteko estandarra ehuntzen joan naiz, edozein euskaldun ulertzeko modukoa. Arantzazuko benetako miraria ote?

GARA egunkarian argitaratutako zutabea