miércoles, 24 de agosto de 2016

SALUTADOREA

Zazpi anaietan zazpigarrena bazara, eta mingain azpian edo gainean gurutze bat baduzu, salutadorea izatearen dohaia izango duzu. Salutadoreek zakur amorratuaren hozkada sendatzeko ahalmena zuten. Jabier Kalzagortak, ahozkotasunaren ikertzaile apartak, ekartzen dizkigu gogora horien aipamenak. Mikela Elizegik 1876an berak ezagututako salutadore baten deskribapena egiten du: "Albizturkoa zen, gizon txiki-txikia. Bruxa urdin batekin ibiltzen zena.(...) Ta batzuek mingaña azpian da beste batzuek gañean, gurutzea izaten dute. Arek gañean zuan". Zakur amorratuaren hozkada sendatzeko olioa irakiten ahoan sartu eta mingainarekin zauria garbitzen omen zuten. Espainiako hizkuntz akademiak salutadorea, enbaukadore gisa definitzen du, arnasarekin, txistuarekin eta hainbat konjuroekin sendatzen omen zutena amorrua. Ahotik eta hitzetik sendabidea, hara.

Azken aldian zabaltzen ari da kontaketak sendabide gisa omen dituen ahalmenak. Salutadoreak baino, sanadoreak ba omen dira ipuinak. Kontalariak arimaren sanadoreak. Agian, bizitzak kutsatzen duen amorruaren salutadoreak. Egia esan, gaurdaino ez dut ulertzen ipuinei indar sanadore horren goraipatzea. Hitzak sendatzen gaitu, diote; baita amorratu ere. Kontalaria ez da sendagile, sanadore edo sasi mediku. Kontalariak jende aurrean eskaintza artistikoa egiten duen pertsona da. Ez du olio irakiten ahoan sartzen zauriak mihizkatzeko; ez dauka mingainan gurutzerik. Baina istorio ederra egin daiteke Albizturgo salutadore haren bizitza irudikatuz.

miércoles, 10 de agosto de 2016

NONDIK

Behin berri harrigarria topatu nuen egunkariren batean. Gizon bat kondenatua izan zen kalean besaulki batekin sexu harremanak edukitzeagatik. Oker ez banago bost hilabeteko kondena izan zuen. Berriak zioen serbitzutik kanpo zegoen polizi batek kotxetik tipo bat ikusi zuela sofa batekin lardaskatzen; berehala gelditu eta gizona atxilotu egin zuen. Beste egunkari batean notizia bitxia irakurri nuen ere. Gazte batek banku bat atrakatzen saiatu zen aurpegia agerian zuela. Bideoen grabazioak ikusi ondoren atxilotu egin zuten. Baina atxilotzerakoan gazteak ez omen zuen ulertzen nola ezagutu zuten, aurpegia ikusezina bihurtarazi baitzuen limoi urarekin igurtzi ondoren. Epaiketa hau ere ez zen nolanahikoa izango. Badira beste kontakizunak norbaiteren ahotik jasotzen direnak. Gure aitak kontatzen du Pasaia Donibanen norbait hiltzen zenean hilkutxa Pasaia Antxotik ekarri behar zutela, alegia, badiaren beste aldetik. Hilkutxa guardia zibila izandako botero batek ekartzen omen zuen txalupan, arraunean noski. Metafora izugarria iruditzen zait. Guardia zibila badia zeharkatzen txalupan hilkutxa bat daramala. Nolabaiteko Kreonte modernoa, Estigia ibaia zeharkatu beharrean, Pasaiako badia alde batetik besterako bidaia egiten, Herioaren iragarle.

Askotan galdegiten didatenean nondik demontre ateratzen ditudan istorioak, halako bitxikeriak kontatzen ditut. Izan ere, bizitza istorio harrigarriez osatuta dago. Begiak eta belarriak zabalik edukitzeak kontalariaren ezinbesteko beharra da.

lunes, 1 de agosto de 2016

Transmititzen

Ahozkotasuna gurutze bidea da, non adierazpide ezberdinak elkartzen diren. Hitz neurtuan edo librean; kantuan edo ahoz goran, esatearen arteak guztiak hartzen ditu bere baitan. Kontalariak edo bertsolariak, bakoitzak bere arauetan, aurrean duen publikoarekin komunikazio unea zabalduko du bizitzaren gaineko hamaika ertz konpartitzeko. Hitzaren doinuek, keinuek, begiradek, isiluneek, modu jasoan esanez, entzulearen irudimena akuilatuko dute, irudimen zaharrei berriak gehituz eta elkarrenganako joan etorri aberasgarria osatuz.

Donostian igaro diren Europa Bat-Batean jardunaldiek, munduko kultur ezberdinetako kantu inprobisatu adierazpenak ekarri dizkigute. Teoriatik praktikara bide ederrak ibili ziren, ustez hain aldenduak zeuden kulturak leku berdinera bilduz. Eta guztietan euren jardunaren oinarrietako bat zen sortzailea eta jendearekin harremana, elkar elikatze horrek ematen zion zentzua inprobisatzen jarraitzeari, ezagutza hori transmititzen jarraitzeari. Bizirauten duen jendartearekin lotura galduz gero hilzorian sartuko da, zentzua galduko baitu. Gurean bertsoak hartu duen dimentsioa hartu badu hori zaintzen jakin izan duelako da. Kontagintzak, erro herritar beretik etorrita, ahozkotasunaren tradizio bertsutik helduta, zergatik ez du lortu kultur herrikoi horretan errotzea? Zergatik mendez mende kultura batek sortu duen prosazko ahozkotasunak galdu ditu bere sustraiak? Kontalariak nondik datorren ez badaki, zer utziko dio geroari? Zer transmitituko du?