2021(e)ko abuztuaren 11(a), asteazkena

TATULA

Jende humanoaren hizkuntzaren gaineko sorreraz Xurxo Mariño zientifiko galiziarrak hauxe idazten du “La conquista del Lenguaje” (Shackleton books 2020) liburuan: “(…)hastapen haietan eszenatokia izaera ikonikoa zuten hitz solteekin osatua egongo zen (onomatopeiak, keinu ikonikoak soinuekin nahasiak, eta abar), non erraza dirudi ezartzea eta besteei ikus araztea harreman bat dagoela hitza eta errepresentatzen duen gauzaren artean, sinbolismorantz bidea zabalduko zuen harremana.” Interesgarria benetan.  Alde batetik, arbaso haien burmuinaren eta nerbio sistemaren  garapen harrigarria ematen ari zela; bestetik, inguruaren ulertze eta azaltze sinbolikoa garatzen hasi zen. Ahots soinuak, keinuak, hitzak, gauzen izendatzea, pentsamenduen azaltzea, komunitateak ulertuko eta konpartituko zituen kontzeptu sinbolikoak asmatzearen eta garatzearen prozesu liluragarria. Komunitate ezberdinek euren munduei hitzak jartzen. Hitzen asmatze berak, prozesu liluragarria bihurtuko zen hasiera hartan. Hitzaren jolasean, kontu kontari mundu sinbolikoak azaltzen gabiltzanontzat, fantasiari hitzak jartzearen deskubrimendua da. Eta, nola demontre egiten da hori? 

            Amak kontatzen dit. “Tatula deitzen genuen denek. Nonbait amak soinu handia erosi behar omen zion. Galdetu genion ea jotzen bazekin eta berak ezetz, baina ez zela zaila izango, soinuari alde batetik bestea eragin eta tatula, tatula (soinua imitatzen) egin. Ordutik Tatula deitzen genuen. Ikasi al zuen jotzen? Ez.” Ze ederra den hitzen jolasa.

 

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2021(e)ko urtarrilaren 4(a), astelehena

BEGIAK

 

Urtearen amaierarekin Ojankok azken begia galduko du; urtea begi berriekin hasteko, urteak egunak bezainbat begi. Boxeolari jipoitua nola, horrela galtzen joan da begiak aurten, begi handitu eta ubelduak, egunetik egunera jipoiak etenik ez baitzuen. Gure mitologiaren denboraren jainkoa, ukenduz igurtzi beharrean, madarikazioz jantzi dugu, historiaren bazter bidera bidaliz. Galdutako begi ubeldu eta handitu horietako asko kulturaren begirada zeramatenak ziren, eta horien artean kontalaritzarenak batzuk. Balantzaka dabilen boxeolari jipoitua nola, sortzailea hala; lurra ez jotzeko ahaleginak egiten, sokei eutsiz, begirada lainotuta, muturrekoak nondik etorriko ziren ezin asmatu, txirrina laster joko duenaren itxaropenaz. Dagoeneko sortzaileak ez du gogoan aspaldian hasitako lehia honetako zenbatgarren asaltoan dagoen. Baina eusten dio zutik, belaunak ahul, giharrak minberatuak, bekainak lehertuak, burmuina errebotean, baina  lurra jo gabe.

Erasoaldia itzela izan da kulturak aurten bizi izandakoa. Lehia, ordea, ez da berria, aspaldikoa baizik. Kontalaritza, esaterako, ring horretan igota sokaren kontra darama aspaldian. Haurren aisialdiaren merkatuan borrokan, boxeolari sinpatikoarena egiten, ia hortzik gabeko irribarrea erakutsiz, eskularru koloretsuak jantzirik. Baina jipoiak etengabe, aurten ere. Datorren urtea lehiari eusteko txertoa izango dugu, hurrengo round-ari hobeto eusteko. Begiek, ordea, ubelduak eta handituak jarraituko dute, Ojankoren madarikazioa ezin ekidin.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea.