Kontaketa ikuskariak


Maitasunaren arbola
Ipuin pre-erotikoak

         Egiptiarren jainkoaren eskua; Eros, Afrodita; Adan eta Eba, Arbolaren zuloa; “tamainaren auzia”;  gozamen bakartia; maitasun debekatuak; zahartzaroa… Mitologiatik kontu zaharretara munduko kultura guztietan sexu kontuak   agerpen esanguratsua izan dute. Pertsonen sorrera azaltzeko, harreman debekatuak azaltzeko, samurtasuna, maitasuna, grina, eta beste hainbat kezka eta gogoeta azaltzen dira ipuin askotan. Tabuak, jokaera debekatuak, desira ezkutuak, denak du bere lekua kontakizunetan. Izan ere, sexu harremanak ez dira bide bakarrekoak, anitzak eta, askotan, ulergaitzak jendarte bateko kidea ez denarentzat. Baina guztietan sexu harremanak pertsonen arteko harremanen isla baino ez dira, jende humanoaren existentziaren gaineko gogoetaren parte baino ez.
         “Maitasunaren Arbola- Ipuin pre-erotikoak” ipuin ikuskariak ibilbide bat proposatzen du munduko kultur ezberdinen mitoak eta ipuinen barrena, sexua kontuak ahoan. Geroago, askoz ere geroago, erotismoaz hitz egiten hasi zen. Zaila zaigu ordea, erotismoa zer demontre den definitzen, horregatik hitz egin dezagun sexuaz; erotismo aurreko ipuinak entzun ditzagun, ipuin pre-erotikoak.









Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka, edo amore ez emateko amoranteen ipuinak.

Zer ezkutatuko ote da kajatxo horren barruan? Zabaltzeko irrikitan daukagun kaja dotore, kuttun horretan? Ez edozein unetan zabaltzeko kaja arrunta. Kaja horretan desioak, ametsak, pasioak, antsiak, beroak, hotzikarak, izerdiak daude gordeak. Zabaltzen ez denean hatz urduriek ferekatzen, laztantzen dute. Ahots etsi, eztia mintzatzen zaio ahapeka. Zabaltzen ez denean hutsa da giroan. Zabaltzeko egina da kajatxo hori. Bere izatearen arrazoia horixe da. Esku urduri, goseti, izerditsu, grinatsu batek, bere barruan gordeta dagoen istorioa deskubri dadin dago egina kaja hori. Ohantzearen ondoan, isil, mutu, herabe, dagoen kutxa zain dago. Kondoien kutxatxoa da. Kapoten gordelekua. Preserbatiboen atseden lekua.
            Eta zabaltzen dugunean istorio bat hazten da airean. Giroan. Lurrunean. Lurrinetan. Izerditan. Jiratan. Biratan. Atsedenetan. Abiaduran. Istorioa hasi da. Hazi da. Hezi da. Eta ez da hesi. Argi eta itzaletako istorioa. Eraikitzen da mutu eta oihu. Gor eta ozen. Geldo eta bizi.
            Kondoien kutxa istorioz betetako kutxa da. Deskubritzeko zain dauden istorioak. Istorio ezustekoak. Istorio desiratuak. Grinatsuak. Luzeak. Motelak. Laburrak. Handiak. Txikiak. Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka bere baitan. Eta, agian, gure baitan gordeko da. Beharbada isurtzen den istorioa izanen da edo apika itsas zabaletara uholdeka heltzen dena.
            Kondoi bakoitzak dauka bere istorioa eta estali baino deskubritzeko gonbitea egiten digu. Edo ez?   





Ipuin- konferentzia

“kontu kontari, hori bai bizitzea”


       Kontalari-hizlariak bere esperientzia pertsonalen ildotik abiatuta, kontuak kontatzen dabiltzanen jardunean azaltzen diren hiru galderei erantzuten saiatuko da:

·         Zergatik kontatu ipuinak? Antropologia, filologia, psikologia eta gainontzeko logiei erantzun nahia? Edo, bestalde,  alferra kontsideratua izan gabe, lanik egin gabe bizitzeko aukera bat al da?
·          Zer kontatu? Non aurkitu munduko ofiziorik zaharrena burutzeko materiala? Legezkoa al da kopiatzea? Plagioa bidezkoa al da?
·         Zertarako kontatu? Ipuinak heriotzaren bidea diren erreken barna laguntzarik eskaintzen ote digute? Teknologiarik gabeko denborapasa erakusten ote digute? Gehiago ligatzen al da ipuinak kontatuz?

Jardunean zehar, jatorri ezberdineko ipuinek kontalari-hizlaria zein entzuleak lagunduko dituzte, gisa honetan frogatuz ipuinak direla denbora pasatzeko erarik egokiena eta konferentziak, berriz, gauzarik onena...siestarako!!