2021(e)ko urtarrilaren 4(a), astelehena

BEGIAK

 

Urtearen amaierarekin Ojankok azken begia galduko du; urtea begi berriekin hasteko, urteak egunak bezainbat begi. Boxeolari jipoitua nola, horrela galtzen joan da begiak aurten, begi handitu eta ubelduak, egunetik egunera jipoiak etenik ez baitzuen. Gure mitologiaren denboraren jainkoa, ukenduz igurtzi beharrean, madarikazioz jantzi dugu, historiaren bazter bidera bidaliz. Galdutako begi ubeldu eta handitu horietako asko kulturaren begirada zeramatenak ziren, eta horien artean kontalaritzarenak batzuk. Balantzaka dabilen boxeolari jipoitua nola, sortzailea hala; lurra ez jotzeko ahaleginak egiten, sokei eutsiz, begirada lainotuta, muturrekoak nondik etorriko ziren ezin asmatu, txirrina laster joko duenaren itxaropenaz. Dagoeneko sortzaileak ez du gogoan aspaldian hasitako lehia honetako zenbatgarren asaltoan dagoen. Baina eusten dio zutik, belaunak ahul, giharrak minberatuak, bekainak lehertuak, burmuina errebotean, baina  lurra jo gabe.

Erasoaldia itzela izan da kulturak aurten bizi izandakoa. Lehia, ordea, ez da berria, aspaldikoa baizik. Kontalaritza, esaterako, ring horretan igota sokaren kontra darama aspaldian. Haurren aisialdiaren merkatuan borrokan, boxeolari sinpatikoarena egiten, ia hortzik gabeko irribarrea erakutsiz, eskularru koloretsuak jantzirik. Baina jipoiak etengabe, aurten ere. Datorren urtea lehiari eusteko txertoa izango dugu, hurrengo round-ari hobeto eusteko. Begiek, ordea, ubelduak eta handituak jarraituko dute, Ojankoren madarikazioa ezin ekidin.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea.