Hamaika aldiz entzuna
dugu etxan, txikitatik. Pasai Donibanek Kontxako bandera Oriori irabazi zionekoa. Minutu erdia
aterata! 1956an izan zen. Bertan ikusi ez izanak ez du esan nahi ikusi ez
nuenik. Aitaren kontakizuna trainerutik eta amarena lehorretik, lehiaketa haren
bizipenak bertatik bertara ikustea bezalakoa da. "Gabinok patroiari abisatzen zion zetorren olatua noiz
hartu". Eta olatua gainean ziztuan zihoan trainerua. "Harrigarria zen
nola hartzen zituzten olatuak, airean". Aitak barrutik, amak kanpotik, bi
kontakizunak elkarturik estropada hura imajina zenezakeen, Kontxako badiako
espektakulo zoragarri hura. Oraindik munduan ez baginen ere, emozio horiek bizi
ditzakegu kontakizun benetako bati esker.
Angel Cappa futbol
entrenatzaile argentinarrak antzeko emozioak islatzen ditu La Intimidad del
futbol, liburuan. Txikitan etxeko sukaldean entzundako irratiko kontakizunek
Buenos Aireseko estadiora eramaten zuten. "Partida imajinatzen zenuen
kontakizuna entzuterakoan. "Cecconatok dauka... eskubitik hartzen du...
gizon bati izkin egin... Grillok ezkerretik eskatzen dio..." Eta ikusi
egiten zenuen Cecconato pilota eramaten eta Grillo bakarrik ezkerretik
sartzen".
Kontakizun batek beste
lekuetara, beste garaietara eraman gaitzake, bertan egongo bagina bezala. Eta
gure barnean emozioak piztu. Kontalariak kontakizunak eskaintzen dizkio entzun
nahi duenari, baina entzule hori ez badu beste lekuetara, beste garaietara
eramaten, berak ez badu bidaia hori egin, zertarako kontatu? "Irratiak
gu ameslariak egitearen errua dauka ere,
ilusioak bizi izanarena", dio Cappak. Kontaketak hori behar du.