2019(e)ko urtarrilaren 28(a), astelehena

HITZ GALDUAK

Behin, kontalari batek hitz bat galdu zuen. Eta hitz arras garrantzitsua zen ipuina amaitzeko. Ez zen ohartu ipuina kontatzen hasi arte. Jendeak arretaz jarraitzen zuen bere kontakizuna, intrigaz, istorioa nola jarraituko zuen irrikaz. Kontalaria erabat sartuta kontakizunean, lurralde harrigarrien barrena bidaiatzen, pertsonaia fantastikoak entzulearen irudimenean ager arazten, abentura liluragarriak konpartitzen. Eta, bat batean, isildu egin zen. Begirada inongo basamortuaren ostertzari so. Gogoa labirinto isilean galdua. Hitz bat falta zitzaion. Hitz ezinbestekoa, istorioaren korapiloa askatuko zuen gakoa. Jakinduria guztiak bere baitan biltzen zuen hitza. Eta oroimenaren lanbroan galdua zen. Nora ihes egin ote zuen? Hasieran, publikoak pausa dramatikoa izango zelakoan zegoen, baina pausa luzatzen ari zela ikusirik, kontalariaren irudi izoztua ikustean, pixkanaka alde egiten hasi zen, bakoitzak bere buruan istorioa amaitzen saiatuz, elkarren artean aburuak egiten. Azkenean jende guztia joan eta kontalaria bakarrik jarraitu zuen gogoa galduta, hitza desagertua bilatzen lurralde ezezagunetan. Eta ipuina inexistentziara kondenatuta.

Nora doaz galdutako hitzak? Nork lapurtzen dizkigu? Agertuko al dira inoiz? Ez dira hitzak, besterik gabe, esaera egitura txikiak. Burmuinean kalanbre moduko bat eragiten du hitz bakoitzak, irudi baten bila abiatzen da, sentimendu bat eragin. Eta ahotik irtetean jasotzen duenaren barnean beste bidaia hasten da. Hitz galduetan bizi ote gara?

GARA egunkarian argitaratutakoa