2018(e)ko irailaren 19(a), asteazkena

KOMUNISMOA

Literatura politikoan (eta, beharbada, literaturan orokorrean) idatzitako liburu baten hasierarik ospetsuenetakoa hauxe litzateke: “Mamu bat dabil Europan barrena, komunismoaren mamua”. Marx eta Engelsek 1848an elkarrekin idatzitako Alderdi Komunistaren Manifestua liburuaren lehenengo esaldia da. Jendarte berri baten aldarrikapena egiten zen, non klaseen arteko borroka historiaren motorra izan dela azaltzen den. Sobietar Iraultza, Leninen gidaritzapean, Manifestuaren gauzatze ahalegina genuen. Klaserik gabeko mundu baten teorizazio honetan, kulturgintzak leku nabarmena hartu zuen; izan ere, kulturaren bitartez mundu ikuskera bat transmititzen baitzen, jendartean zeuden desberdintasun sozialak finkatuz. Beraz, kulturgintza burgesiaren atzaparretatik kendu eta herri xehearen eskutan utzi behar zen. Erwind Piscator eta Bertold Brecht antzerkigile alemanek euren antzerkigintza dialektika horren baitan ezarri zuten, jendarte berri baten bilaketan. Baina zer ikusirik du honek guztiak ipuinak kontatzearekin?

Kontalaria jendartearen begiralea da. Kontalaritzaren bitartez horren gaineko gogoeta egingo du, bere ikuskera eskainiko dio publikoari, bere gogoetak eta kezkak arteaz azalduz. Jendartean bere lekua zein den, dialektika horren arabera bere sormen proposamena landuko du. Zer kontatu baino, garrantzitsuena izango da zertarako kontatu. Bizi dugun jendartea kontakizunetan islatuko da, eta horrekin gure ikuspegia. Mamu bat dabil Europan barrena, eta istorio bat dakarkigu.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea.

2018(e)ko irailaren 10(a), astelehena

Kapitalismoa

Kontsidera al dezakegu ipuin kontaketa ikuskari bat merkantzia gisa? Edo merkatuaren legearen kanpo kokatzen den jarduna dela esan dezakegu? Erabilpen-balorea ala aldaketa-balorea dauka? Ipuin kontaketa sormen lan bat egun neoliberalismoak ezartzen dituen joko arauetatik kanpo koka daiteke?
Kontalariak, beste artista askoren moduan, bere sormen lana burutzeko jende aurrean egiten ez den hainbat ordu bete beharko du, asmatzen, informatzen, ikertzen,... Gehienetan horrek guztiak gustura utziko duen emaitza lortuko ote duen jakin gabe. Buruan ibiliko duen beste kezka izango da ea emaitza salgarria izango den; alegia, kultur programazioak burutzen dutenek aintzakotzat hartuko ote duten. Jakingo du, kontalaritzak helduen programazioetan bazterreko lekua izango duela, hori dela eta, haurrentzako ikuskaria hobestea izango du hoberena, merkatutik at ibili nahi ez badu behintzat. Gainera, irakurketa lantzeko tresna gisa eta baloreen heziketa kontuan hartuta salgarriagoa izango da. Produktu salgarria egin beharko du, fiskalitateari aurre egin nahi badio, gutxieneko soldata bat atera nahi badu, kultur zirkuituetan egoteko; eta hala ere prekarietateak itota ibiliko da. Merkatuak erabat baldintzatuta ikusiko du bere lana. Galdera litzateke, nahi duena egin dezake? Eskaera/eskaintza merkatu legearen at sormen ibilbidea egin dezake marginalitatean erori gabe?

Kapitalismoak eta neoliberalismoak kultur sortzaileen lanetan eta, ondorioz, jendartean duten eraginak ezinbesteko gogoeta behar du.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea