2010(e)ko apirilaren 29(a), osteguna

Erotika eta ahozko literatura

Beste leku askotan bezala, gure herriko zumardiko banku batean idatzita dago: “¡Follar es guay!”, alegia, jotzea ederra dela. Ezin dugu jakin idatzi duena neska edo mutila den, baina, idazkeragatik, gaztea dela iragarri dezakegu. Historia aurreko aurkikuntzen artean, hainbat koba zuloetan aurkitutako emakumeen gorputzak irudikatzen dituzten margoak topatu dituzte. Harriz egindako emakumeak ere aurkitu izan dira, beti ere gorputzaren sexualitatea goraipatuz. Zer esanik greziarren edo erromatarren margo askotan agertzen diren eszenak. Aristofanes antzerkigile greziarrak ere Emakumeen asanblada antzerki lanean emakumeen sexu greba agertzen da. Eliza atari askotan irudi batzuk ere ez dira makalak. Edo Indiakoetan. Eta horrela jarrai dezakegu, gure herriko bankuko aldarrikapenera heldu arte. Izan ere sexualitatea, pertsonen arteko harreman gisa hartuta, jende humanoa bere izatearen kontzientzia duenetik, adierazpen sortzailearen ardatzetako bat izan da. Jakina, ez dugu konparatuko bankuko grafittia aipatu beste adierazpen artistikoekin, baina guztiek badute zerbait komuna, hau da, sexualitatearen gaineko ikuspegia besteei azaldu beharra. Azalpen hori nola ematen den izango da bereizten dituena. Bankukoa aldarrikapen hutsa dirudi, edo agian harreman sexualen edertasuna ezagutu berri duen norbaiten oihua munduari. Beste kasuetan sexualitatearen agerpen horri gehitzen zaio modu artistikoan azaldu nahi izatea. Ez da nahikoa sexu harremanak, edo gorputz agerpenak egitea, ezinbestekoa da hori sormen prozesu baten bitartez erakustea. Eta sormena tarteko, irudimena nagusi. Irudimen horretatik hainbat mito eta istorio sortuko ziren sexu harremanen azaltzeko eta, zergatik ez, ulertzeko.

Eros Afroditaren sortzea ospatzeko festan ernaldu zuten. Ama Penia izan zen, txirotasunaren jainkosa. Festara gonbidatuta egon arren bere pobreziaz lotsatuta Olinpoko lorategietan gelditu zen sartu gabe. Bere egoera nola hobe zezakeen pentsatzen ari zela, lo gelditu zen. Poros, aberastasunaren jainkoa sekulako mozkorraldia hartu zuen. Haize apur baten bila lorategietara abiatu zen, txoko batean lo geldituz, Peniatik gertu. Penia horretaz oharturik aukera ederra ikusi zuen bere pobrezia arintzeko. Bere ondora joan eta maitasun jokotan aritu zen, Porosentzat ametsen munduan besterik gertatu ez zirenak. Elkartze horretatik sortu zen Eros. Afroditaren egunean ernatua zelako edertasunarekin maiteminduta zegoen. Pobrezia eta aberastasunaren semea izanik, beti aberats eta era berean pobre bizi izan zen, beti ezin ase.

Kultura bakoitzak bere modura azaldu nahi izan ditu gai honi buruzko kezkak, galderak eta jokaerak. Horretarako istorioak tresna bikainak bihurtu ziren. Irakasbide izateaz gain denborapasa ederra bilakatu ziren, beti ere bizi ziren jendartearen ezaugarriak kontuan hartuz. Eta errealitatean oinarrituta fantastikaren zein irudimenaren eremutan murgilduz. Istorio horien bitartez sexualitatearen hainbat eredu eta ikuspegi transmitituko dira, komunitatearen irudimenean sexu harremanen ikuspegi komuna, edo antzekoa behintzat garatuz. Afrikako hegoaldean bizi den ¡xun herrian istorio ederra kontatzen dute nondik gatozen azaltzeko

Badirudi hasieran gizona eta emakumea ez zirela elkarrekin bizi. Behin biak topatu eta emakumeak bere txabolara gonbidatu zuen gizona. Han bere baratzeko fruitu goxoak eskaini zizkion eta edari, gizonak emakumearekin ez ahazteko. Eta gau horretan berarekin lo egiten gonbidatu zuen, baina ez besterik. hurrengo egunean. Urrutiko zuhaitz batera eraman zuen gizona. Arbola hartan zulo bat zegoen. Emakumeak zakila zulo hartan sartzeko eskatu zion gizonari. Eta mugitzeko gero.Emakumea gizonaren atzean jarri zen eta indarrik gabe zegoenean bere besoetan jaso zuen emakumeak. Eta etxera eraman zuen. Emakumeak eskatu zion gau horretan elkarrekin oheratzeko, elkarri lotuak aurpegia aurpegiaren kontra. Eta gizonaren gozotasuna emakumearen barnean sartu zen; eta emakumearen gozotasuna gizonarengan. Hau izan zen lehenengo aldia. Gizona eta emakumea elkarrekin jarri ziren bizitzen goxotasunean.Goxotasun hartatik omen gatoz denak.

Ez dakit nolakoak izango diren ¡xun-darren artean sexu harremanen eta beren tabuak(izango dituztenak ere jakina) gainean duten iritzia, baina txikitan ikasitako Eba eta Adan ipuinarekin konparatuz gero, alde apur bat ikusten diot. Hemen Emakumearen fruitu eskaintzak goxotasunera eramaten ditu. Gure bertsioan, aldiz…, tira, uste dut guztiok dakigula. Ipuin honetan , amaiera heldu eta segur aski despistatu samar eta liluratuak egongo gara, izan ere, ez baitakigu munduaren hasierako istorio hau erotikoa den ala mitikoa. Baina, zer axola?, istorio eder bat entzun dugu, horixe da interesgarriena. Dena dela, ezinbesteko galdera egingo diogu gure buruari, alegia, zer kontatu nahi zigun ipuin honekin. Hasierako sexu harremanak? Gizon eta emakumeen arteko harremanak nolakoak ziren munduaren hasieran? Nolakoak izan behar diren? Erantzunaren bilaketa horrek bultzatuko gaitu gogoeta egitera, gure harremanen eredua nolakoa den eta zer nahiago dugun. Garrantzitsuena bide hori hartzea izango da, erantzuna bera baino gehiago. Baina benetan istorioarekin gozatu nahi badugu aurreiritziak alde batera utzi beharko ditugu, edo saiatu behintzat. Gure jendartea nolakoa den eta bertan sexuen arteko harremanak nola garatzen diren zer ikusi izango du horretan; era berean sexu harremanen gaineko heziketa eta irizpideak ere erantzunaren baitan izango dira, ezkutuan edo modu inkontzientean bada ere. Jakina, ipuin bera entzunez, modu ezberdinean jasoko da ¡ixunen herrian eta gure artean. Agian, berean harridurarik ez du eragingo eta “normalagoa” ikusiko da istorio hau. Gurean berriz baldintzatuta egongo da ipuin tradizionalen gainean dagoen iritziaz eta sexu harremanak horrela agertzeaz. Irakurketa, edo kasu honetan entzuketa, bakarra ez dagoenez ate guztiak zabalik daude, pertsona bakoitzak berea izango duelarik.

Erotikotasuna ahozko narrazio tradizionalean

Mintza al gaitezke, ordea, erotikotasunaz narrazio hauen aurrean? Erotikotasuna kontzeptuaren definizio ahalik eta zehatzena beharko genuke horretarako; baina, halakorik egin genezake jakin gabe zergatik eta zein helbururekin sortu ziren ipuin zaharrak? Erotikaren ideia ez ote da sortu beste eremutan eta jendarte modernoetan? Ez ote dator, narrazioaz ari garelarik, idatzitako literaturaren sailkatze bat? Nago horrek, erotikaren definitze beharrak, ez duela uste dugun bezain beste garrantzia ahozko tradizio narratiboan. Izan ere, zer bilatzen du narrazio erotiko batek? Irakurlearen edo entzulearen barne sua pizte? Edo txortamina piztea? Zer aldea legoke idazle batek narrazio erotiko bat sortzea erabakitzen duenean eta sexu harremanak aipatzen duen ahozko narrazio tradizional bat kontatzearen artean? Ez nintzateke ni ausartuko erantzun zehatz bat ematen, baina beharbada ez hainbeste. Nire ustez lotzen dituena intentzionalitatea da, sexua eta honek ekartzen dituen jokoak, harremanak eta gogoetak hizpide hartzea, zuzenean edo zeharka. Guk ipuin erotikoak deitzen diegun horiek, ahozko tradizioan “nagusien” ipuinak lirateke; nahiz eta kultura askotan sexu harremanak aipatzen dituzten ipuinak haurrak ere entzule gisa izan. Literatura idaztiaren eta ahozkoaren artean ematen ezberdintasun nagusienetako markatuko du hemen ere erotikotasunaren pertzepzio hori. Literatura idatzia egile baten sormena izan ohi da, hau da, pertsona batek irudimena eta idatz teknikak erabiliz, narrazio bat sortzen du. Ahozko tradizioan ez dago egile ezagunik, esan daiteke kontalari bakoitzean sortzen eta hazten da aldi hori narrazio eta eboluzionatzen joaten da. Lehenengo kasuan erotikotasuna alde bakarretik azalduko da, bigarrenean aldiz komunitatearen ikuspegiarena aldetik, kontalaria bakarra eta ikuspegi berezkoa eman arren kontakizunari. Hortaz kultur transmisio bat ere emango da eta narrazioa horretarako tresna izango da. Sexu harremanen alde hezitzailea agertuko da batzuetan, bestetan aldiz transgresio tresna bat izango da, jendartearen arau moralak ezartzen dituztenak kritikatuz, gehienetan barrea erabiliz.

Sinesgabe bat hileta erlijioso batera doalarik, agertzen da, gainontzekoak bezala, eskaintzara. Sos bat uzten du meza-mutilak luzatzen dion platerean, baina gurutzea eskaintzen dion apaizari esaten dio:

-Nik, ordaindu egiten dut, baina ez dut musurik ematen.

-Nik, ordea – erantzuten dio apaizak goxoki-, musua ematen dut, baina ez dut ordaintzen.

Baina guzti honetan badago zerbait aipatu guzti hau bezain garrantzitsua. Kontalari Afrikara hasi balitz esanez ipuin erotiko bat kontatuko zuela, erabat baldintzatuko luke ipuinaren pertzepzioa. Gure burua erotikotasunaren ideia batean murgilduko litzateke, eta hortik aurrera irudikapenaren gure barne munduak bide horretatik abiatuko litzateke; gainera, gehitzen badiogu, gure imajinarioaren Afrikako exotikotasuna, ba, arreta ziurtatuta dago. Beraz, esan dezakegu, ipuinaren ulermena edo asimilazioa, zerikusi handia izango du ipuina entzun aurretik hartuko dugun jarrerarekin. Baina era berean, are garrantzia handiagoa izango du kontalaria berak entzulea baldintzatuko dituen erreferentziak azaltzeak. Esan dezakegu, beraz, aspaldi zaharretik datorkigun kontu zahar bat eskaini arren, gertatzen ari den unean birsortzen dela. Eta birsortze honek ezinbestez baldintzatuta dago unean uneko egoerarekin, kontalaria zein ikuslearen artean errepika ezineko gertaera jazoz.

Guzti hau zerbait jakina da, ez dugu orain ezer berririk deskubrituko, gogoraraztea ez dago sobran, ordea. Hau hala izanik, benetan garrantzitsuena dena guretzat kontalari/sortzailearen jarrera da tradiziotik datorkigun literaturaren aurrean, eta, heltzen ari garen gaiari lotuta, ipuin zaharretan ematen den erotikotasunaren, edo, nahi badugu, sexuaren tratamendua.

Sexua kontu zaharretan

Munduko kultura guztietan agertzen dira sexua harremanak ipuinetan. Normala da, izan ere sexualitatea pertsonen ezinbesteko ezaugarrietako bat baita. Normala da beraz, hori ere adierazpen sortzaileetan azaltzea. Askotan agerpen horiek modu gordinean emango dira, bestetan munduaren misterioekin lotuak, hasieran eman dugun ipuinean bezala (nondik gatoz?). Baina denetan pertsonen arteko harremanak nola ematen diren edo nolakoak izan beharko liratekeen azalduz, zuzenean edo zeharka.

Izan ere, esan al daiteke sexu harremanen aipamenak egiten dituzten kontu zaharrak ipuin erotikoak direnik? Nago erotikotasunaren kontzeptua, jendarte modernoetan ulertzen dugun moduan, berri samarra dela. Ahoz aho transmititu den literaturan sexu kontuak bere horretan agertuko dira, erotikoak diren ala ez asko inportatzeke. Ez dut uste ipuin bat kontatzen hasiko zena esango zuenik “ipuin erotiko bat kontatuko dizuet”, aitzitik, gehiago sinesten dut esango zuela “Orain jakingo duzue zer gertatu zitzaion halakori”, eta horrekin batera halako konplizitate keinu bat egongo zen. Bai, jakina, hau espekulatzea da, baina esan nahi dudana, zera da, istorio erotikoa, alegia, entzuleen libidoa gori-gori jartzeko kontakizun bat baino, sexu harremanak tarteko gertatutakoa kontatuko zuen. Eta ipuin guztietan bezala, bere baitan irakaspen bat edo gogoetarako bidea izango du. Baina baita ere trufarako eta txantxetarako aukera.

“Bazen behin baserritar bat oso pobrea. Bere familia hartzeko gela bat besterik ez zeukan, eta ohe bat bere emaztea eta bi semeak oheratzeko. Inauterietako gau batean emaztea hain sutsuki hartzen du ohea lau hanketan dardaka hasi dela. Hainbestekoak ziren astinduak seme gazteena ohetik behera erortzen dela. Ohera altxatzen dute atzera, eta senar emazteak uste dutenean haurrak lo daudela, berriro ekiten diote. Orduan anaia zaharrenak gazteena poliki esnatu esanez: “Heldu hadi, txiki! Berriro badoaz eta.”

Akitanian gertatu arren segur aski, gurean gerta zitekeen eta ipuin fantastiko bat baino pasartea den hau, ezinbesteko izango dugu imajinatzea zer nolako txortaldia burutzen ari ziren, eta zein egoeran gainera. Beharbada dugu erotikotasunaren irudiarekin ez da inondik inora etorriko pasarte hau, baina sexu harremanen jokoan ikusten badugu gertaera, irudikatzen badugu ohe horretan suertatzen ari den egoera beste era batera ikusiko dugu eta irudimenaren jolasean sartuko gara, definizioen beharrik izan gabe. Izan ere garrantzitsua da ipuin hauek ematen ziren testuingurua irudikatzea.

Erotikotasuna ez da aurpegi bakarreko prisma. Kultura bakoitzak iruditegi ezberdina osatuko du eta batentzat pitokeria handia izango dena, beste batentzat, aldiz, sekulako erakargarritasuna izango da. Eta hala ere pertsona guztiak prisma bertsuan egongo dira. Badago amazonako indigenen istorio bitxia. Gizon batek sekulako zakil luzea omen zeukan. Nesken atzetik ibiltzeko ez omen zuen bere hamakatik altxatu beharrik ere, bere zakil luze horrek jarraitzen baitzien errekan bainatzen zeudela, edo lur azpitik, ihes egin nahi bazuten. Baina pasarterik onena ipuina kontatzen ari den emakume indigenak amaiera gisa ematen duen azalpena da:

“Ai, Tampot gure artean biziko balitz, zuek entzuten ari zareten emakumeak, hain ederrak, Tampotek hain gustukoak zituen errebuelta horiekin, hain pottokak berak maite zituen bezala, ez zizuen segundo bakar batean ere bakerik emango, maitasuna egin beharko zenukete atsedenik gabe. Bere begi luzearekin zelatatuko zintuzkete, ezpainak milizkatuko lizkizueke, ernaturik, irribarre handi batean zabalduko zenituzketen arte…”

Hegats literatur aldizkarian argitaratua 44.zenb



2010(e)ko apirilaren 7(a), asteazkena

Narrazioa Hustu

Oteizaren Museoa ez da bakarrik, edo ez luke izan behar, sorkuntza zoragarriak ikusteko leku bat. Oteizaren gogoetetan barneratzeko parada ederra da. Oraindik ere pertsona kontrajarria eta eztabaidatua da Oteiza, baina zalantzarik gabe sortzaile aparta. Sormenaren bideak zeinen korapilatsuak eta, era berean, interesgarriak diren zuzenean ikusteko eta gozatzeko aukera dugu Alzuzan kokaturiko museoan. Oriotarrak hutsunearen gainean egindago gogoetak eta lan artistikoak ezagunak dira oso; dena dela, horrek ez du esan nahi bideak itxiak daudenik, izan ere oraindik pentsatzeko parada ematen baitigute. Eta ez bakarrik eskultura batek espazioarekin gauzatzen duen dilektikaren gainean, baina, baita ere, sormenaren bestelako adierazpenak kontuak hartzen baditugu. Oteizak berak, eskulturen gainean baino, gizakiaren gaineko hausnarketak planteatzen ditu. Gizakiaren arimaren bilakaera eta izatea bera hartzen ditu artistak bere eskulturen sorkuntzan. Espazioaren garrantzia, hutsunearen aldarrikapena, pertsona beraren hustutze bezala uler daiteke. Arantzazuko eskulturak horren adibidea dugu.

Baliagarria izan daiteke, ordea, halako gogoeta ipuin kontaketarako? Uler al daiteke ipuin kontaketa, Oteizak aipatzen duen hutsune hori azaltzeko tresna gisa? Desokupatu al daiteke espazioa hitzen bitartez? Zer nolako gogoetara eraman gaitzake hustutze horrek ez da, beharbada, baztertzekoa. Ikusten ez dena ikusgarri egiten digu eskulturen bitartez Oteizak, alegia, hutsa. Hutsa izan daiteke esentzia, mamia, giza esistentziaren arrazoia edo bidea. Ipuinek ere, finean, gure esistentzia humanoaz ari zaizkigu. Kezkak, galderak, ezinegonak, desioak, itxaropenak; guztiak agertu ohi dira fantastikaren bidetik ipuinetan. Baina, zer da irudimena? Zer fantastikotasuna? Ezer ez, gure buruaren kreazioa baizik. Ipuinak, agian, Oteizak sortutako "Kutxa metafisikoak" dira; non entzuten dena, kontatzen dena, hutsune horiek markatzen dituzten xaflak diren.
Kontalariak, kontazen duenean, bere barnea hustuko du, erraiarik gabe agertuko da, Arantzazuko apostuluen moduan. Bera ere bilaketaren parte bihurtzen da, gogoetarako bideak azalduz, espazio huts horiek markatuz. Ipuina espazioan agertzen da, soinuen bidez, keinuen bidez, isiluneen bidez. Dena da ipuina, esaten dena eta esaten ez dena; ikusten dena eta ezkutuan ageri dena. Kontalariaren narrazioa bere barnetik irtengo da eta entzule-ikuslearen barnera helduko da, bere gogoetak transmitituz. Elkar elikatze horrek zentzua emango dio une narratibo horri. Oteizak zioen berarentzat eskultura ez dela apaingarri bat, giza espiritualitatearen aldaketarako tresna baizik, gogoetarako bidea. Gisa berean, ipuina ez da izango denborapasa soila, pertsona humanoen bizi bidean hausnarketarako tresna baizik. Bestela, zertarako norbaiten aurrean jarri esanaz: "Bazen behin..."