domingo, 22 de abril de 2018

ENTRETENIMENDUA

“Uler dezagun entretenimendu hitza. Ez du inondik inora azaltzen barrea, poza, txantxa! (...) Entretenimendua aipatzean ulertu behar dugu antzerkigintzaren itxurazko baliabideak baliatzen dituena (errepresentazioa, dekoratuak, aktoreak, zuzen egiten diren erreplikak…) ikusleen iritziak sendotzeko, iritzi dominanteak direnak, hain zuzen. Halaxe da, etengabe gogoratu behar dugu iritzi dominantearen berezko zera dela mundu guztiaren izpiritua dominatzea.” Halaxe erantzuten zion 2012an, horren gainean galdetzerakoan, Alain Badiouk, filosofo eta antzerkigileak, Nicolas Troug kazetariari, Avignoneko Antzerki Jaialdian antolatutako jende aurreko elkarrizketa batean. Izan ere, aspaldi honetan, kultura aipatzerakoan, erruz entzuten den hitza dugu entretenimendua. Denbora pasako jardunak balira bezala azaltzen dizkigute arte eszenikoak; administrazio publikotik kultur egitarauak iragartzerakoan, batez ere. Denbora pasatzeko proposamen arinak, bizitzaren arazoen aurrean nolabaiteko tregua apur bat eskainiko digutenak. Entretenituko gaituztenak; baina Badiouk ohartarazten gaituen moduan, iritzi dominantearen estalpean ariko direnak. Ez pentsa arazi, ez gogoeta arazi, ez oldar arazi, denbora pasatzen utzi, besterik gabe. Ipuinak kontatzea ere entretenimendu huts gisa azaltzen da gehienetan, denbora pasa polita. Askotan kontalariak berak horrela azaldu ohi du, eta, orduan, iritzi dominanteak gure kontakizuna dominatzen duenean, gure gogoa eta bizitza bera ere dominatu ditu.