2022(e)ko urriaren 7(a), ostirala

LOGOGRAFOAK

Bautain apaizak jende aurrean hitz egitearen arteaz ikerketa bat argitaratu zuen 1865ean.  “Jende aurrean hitz egitea da jende askori bat
era mintzatzea, ustekabean edo dena delako interesagatik bildutako asanblada bati”
. Ondoren azalduko nola behar zaion mintzatu auditorioari. Ez da gauza berria besteen aurrean berba egiteko arrazoiaz eta, batez ere, baliabideez irakaspenak eskaintzea. Aristotelesek “Erretorika” edo Zizeronek “Hizlaria” liburuetan horren gaineko argibideak eman zituzten. Garai batean apaiz sermolari onak batetik bestera deitzen zituzten euren mingain abilaren graziak erakutsi zitzaten pulpitutik. Ez da erraza jende aurrean mintzatzea. Irene Vallejok Infinitua ihi batean liburuan (Fernando Reyren itzulpen zoragarriarekin argitaratu dena) azaltzen digu Grezia zaharrean epaiketa batean defentsa edo akusazioa egin behar zuenak, baina hizketan iaioa ez zenak,  mintzaldia idatziko zion profesionala kontratatzen zuela: logografoa. Pertsonaia hau hizlaria omen zen eta lan hauekin, dirua eta ospea bilatzen zituen.

              Kontalariak, sortzaile eta artista garen aldetik, Grezia zahar hartako hizlarien antzera, bizimodu prekariora kondenatuak gara; baina, beharbada, orduko haiek asmatu zuten bezala, besteentzat hitz eder eta zehatzez osaturiko ahoz gora emango diren diskurtsoak idazteko bidea deskubrituko beharko genuke, ospea eta izen ona irabazi asmoz. Kontalari izatetik logografo izatera. Hara hor prekarietateari aurre egiteko irtenbidea. Edo ez.

 

2022(e)ko ekainaren 30(a), osteguna

Afrika

 

           

"Beraz, Mantisen gauzek hitz egiten dute: bere arropa mintzo da, eta baita bere berokia eta poltsatxoak ere. Bere gauza guztiak mintzo dira, bizkorrak direlako. Guztiak dira zentzudunak, Mantisek hitz egiten dielako, zentzudunez mintza daitezen agintzen die.” Afrikako hegoaldeko Ixam herriaren ipuinetan agertu ohi da Mantis pertsonaia(La niña que creó las estrellas. Lengua de Trapo. Biltzailea: Jose Manuel De Prada). Hau guztia, denboraren hasieran gertatzen zen. Orduan izan zen gizakiak hilezkortasuna galdu zuenekoa, Ilargia eta Erbiaren arteko liskar baten ondorioz. Orduan, dena zen posible. Eta ipuinetan I xam herriak gizaldiz gizaldi ahotik belarrira kontatu izan du, memoria gal ez dadin, munduan geratzen diren gauza harrigarriak ezagutu ditzagun. Liburu berean, gertuagoko denboren istorioak biltzen dira ere. “Biharamunean, goizaldean besoak estekatu zizkiguten,  lotu gintuzten. Uretan busti ginen, busti ibaia zeharkatzen. Bidean aurrera egin genuen, gurdiaren etzean, gurdiari jarraika, lotuak; oraindik lotuak, Malekoira heldu ginen. Malekoirantz, bidean, ardia jan genuen. Malekoira heldu ginen eta bertan lanean jardun ginen.”

            Europako gotorlekura bizitza hobeago baten bila heldu nahian, hamarnaka pertsona hil dituzte, afrikarrak, beltzak, txiroak. Hil dituzte euren duintasuna akabatuz, euren hitzak isilduz, euren humanitatea sarraskituz. Zenbat istorio galdu dira odoletan eraikitako harresi doilor horretan? Afrikako memoria sarraskitu du
te. Gizatasunaren memoria.