sábado, 31 de octubre de 2015

Gaba Beltza


 Aspaldian Mutrikuko kale zahar ilunetan, gazteek herritarrak izutzen zituzten kalabaza argitsuekin. Kalabazak baratzetik lapurtu behar ziren, ondoren hustu eta aurpegi beldurgarria egin, gero kandela sartu barruan eta izkina batean itxoin behar zen despistaturen bat agertu arte. Defuntuen egunean izaten ohi zen. Halaxe kontatzen zieten zaharrek egun horretarako festa berreskuratzeko asmoz zebiltzan gazteei. Kalabaza argidunak hartu zuten antolatzen ari ziren festaren ikur. Eta festari “Gaba Beltza” jarri zioten. Heriotzaren inguruko festa ederra, hamaika ekitaldiekin. Eta eskoletan landu zuten gaia, haurrak aiton amonei beren garaiko kontuak galdetuz, kalabazak era guztietan prestatu dendetako erakusleihoetan jartzeko. Dena dela, une oro azalpenak ematen ibili behar izan zuten kalabazarena bertako ohitura zela eta ez Estatu Batuetatik kopiatutakoa. Eta Gaba Beltza arrakastatsua egin zuten.

         Zenbatetan ez ote ditugu bertako ohitura zaharrak baztertzen edo ez ezagutzen, itxuraz berriengatik aldatuz, modernoagoak direlakoan? Garaiekin gure imajinarioak aberasten eta aldatzen doaz, logikoa den moduan; arazoa dator imajinarioa merkatuaren legearen arabera aldatzean. Kalabazak ez dira baratzekoak orain, gure irudimena merkaturatzeko plastiko puska baizik. Gau ilunean sar dadin.

https://youtu.be/1drKxN5Uezg

viernes, 18 de septiembre de 2015

Besarkaden geltokia

            Norbait ari zaie ipuinak kontatzen. Inguruan haurrak eserita begiratzen dute kontuetan murgildurik. Atzerago heldu batzuek ere adi. Tarteka haurraren batek galdera bat egiten dio edo komentario bat egiten du. Gertaera harrigarriak, abentura liluragarriak, pasarte sineskaitzak; lurralde urruti eta ezezagunetan gertatzen diren pasarteak; pertsonaia harrigarriak, munstro beldurgarriak. Zer ez duen kontatuko trenbidearen bazterrean eserita dagoen kontalariak. Trenbidea zelai amaigabean galtzen da. Jende andana burdin estuetan eserita. Zeren zain? Trena noiz helduko agian? Geltokirik ez dagoen leku apartatu honetan geldialditxo bat egingo ote duen zain, itxaropena piztuta. Bitartean istorioak entzuten eta imajinatzen dituzte. Ustezko tren horrek ipuinetako lurralde liluragarrietara eramango ote dituen galdetzen du neskatxak. Kontalariak segundu batez pentsatzen du erantzuna, eta istorio txiki bat kontatzen du, non leku desiragarriak norberak eraikitzen dituen, baina batez ipuinak entzuleen barnean itxaropena puzten duen, non trena ez da heltzen baizik elkarrekin egiten.

            Neskatxak burni bide amaigaberantz begiratzen du, ondoan dagoenaren eskua hartzen du, eta imajinatzen du han, urrutian, geltoki bat dagoela beso zabalez eraikirik, bere ametsen besarkatzeko zain. 

jueves, 3 de septiembre de 2015

Haurren gurutzada

Kondairak dio 1212 urtean 30.000 haur Europa zeharkatu zutela mediterraneora heldu eta Jerusalemera joateko asmoz. Marsellara heldu zirenean milaka batzuk baino ez ziren gelditzen, bidean beste milaka gosez hil ondoren. Gelditzen zirenak zazpi itsasuntzi sartu eta itsasoratu ziren. Bik, Sardinia inguruan hondoa jo zuten. Gainontzekoak Alejandriara heldu eta haurrak esklabu gisa saldu zituzten. Hamelingo Txirulariaren ipuinaren sormena nonbait. Histolarialariek diote urte berean milaka gazte eta helduen migrazio izan zela Alemaniatik Europan barrena. Txiroen ibilaldia, gosetuena, leku hobeago baten bila euren lur pobretuetatik haratago. Errealitatea ez da hain Jainkotiarra. Historia istorio bilakatzean zenbat ez ote da ezkutatzen?
Egun milaka lagun dabil bizimodu hobeagoaren bila, gerratik eta gosetik ihes. Ez dago zeharkatu ezineko mugarik, bizia bera ez bada. Zein izango da mende batzuen ostean kontatuko den istorioa? Bernarrd-Henry Levy filosofoa hasi da osatzen. Bere hitzetan migratzaile hauek "askatasunaren kandidatoak dira, gure lurralde desiratuarekin maiteminduak, bere jendarte ereduarekin, bere baloreekin, Europa, Europa oihukatzen dutenak". Hasi dira Hamelingo Txirulariaren ipuin berria osatzen. Horren aurrean zein ipuin kontatuko dugu guk?



jueves, 27 de agosto de 2015

Saguzaharraren kilimak

         Gizonek emakumeei maskarak lapurtu zietenean boterea hartu zuten. Eta emakume haien alabei sinestarazi zieten horrela izan zela beti, eta haien alaben alabei, eta alaben alabei… Amazonian kontatzen dute hilekoa gizonezkoek zutela lehen, euren hamakatan gelditu behar zirelarik zakil puntatik odola zeriela, emakumeak errekara dibertitzera joaten ziren bitartean,. Gero aldatu egin zen. Boterea gizonezkoak hartu zuteneko kontu zaharrak dira. Emakumeenganako bortizkeriarekiko kezka munduko kultur guztietako ipuinetan agertzen da. Euren emazteak hiltzen eta jaten zituzten gizonena alde guztietan kontatu izan dira. Ipuin latzak, gertaera bortitz eta onartezinak salatzen dituztenak. Gizonen boterea emakumeei kalte egiteko erabili izana salatzen dutenak. Inuiten ipuin batean gizon batek bere emazteak jaten zituen, baina horietako batek ihes egitea lortu zuen. Etxe batean eman zioten babesa. Gizona heltzean, etxekoak emakumearen alde daude. Orduan, ezkutatuta zegoen lekutik irten eta lantza batez emakumeak gizona hiltzen du. Eta fini.

         Saguzahar bat gerlari baten arropa artean sartu eta kilimekin barrez makurrarazi zuen, bere indarra kenduz. Ordutik emakumeek eta haurrek bakarrik zuten barre egiteko baimena. Herriko festetan saguzaharrak behar dugu izan. Eta lantza bat?


miércoles, 26 de agosto de 2015

Lekuen Lilura

            Badago nonbait leku liluragarri bat. Ur gardeneko errekak harrien artean zirimolaka badoa. Zuhaizpeko murmurio amaigabea. Lasterka. Orduan, atsedena hartzen du, putzu sakonean. Eguzkiaren argia zuhaitzen artean irristatzen da. Zelai txiki bat. Lasaia. Ur putzu gardenean sar zaitezke, sentitu uraren hotza udararen beroan. Ondoren, belar leunean etzan. Eta entzun. Natura entzungo duzu. Bihotzaren taupadak. Haize epelaren laztana. Pentsamenduek naturaren erritmoan ariko dira. Arnas sakona. Errekaldean zerbait sumatzen duzu orduan. Belarrean etzanda presentzia bat nabari duzu.  Harrituta ikusi duzu emakume ederra erreka ondoko harri batean eserita, ile luze gorria urrezko orraziarekin orrazten. Eguzki izpiek argitasunezko agerraldia jarri dute zure begiradaren aurrean. Beregana zoaz jakin minak jota.

            Uda garaia bidaien eta esperientzien garaia omen da. Bada, ordea, ia etxetik irteteko aukerarik ez duena. Badira haurrak karitateko otorduak egiten dituztenak. Badira uda garaia negu gorria izaten dutenak. Non dira hauen leku liluragarriak? Non lasaitasuna eta une gozagarria bizitzeko aukera? Karitatea baino, elkartasuna eskaini behar da. Istorio eder baten eskaintza leku liluragarrietara bidaiatzeko oparia da. Mundua bestela izan daitekeela imajinatu. Eta aldatu.

GARA egunkarian argitaratuta

sábado, 1 de agosto de 2015

Oporren iruditeria

Urrutiko hondartza ezezaguna, ur urdin gardenaren epela, itsasertzan eguzki gori erraldoia, haize nagiak azala laztantzen. Denbora geldirik.Une hori baino ez dago. Eguzkia apaltzen doa. Itsasoa kixkaltzen. Eta bizitzak beste zentzu bat hartzen du. Mendi puntatik munduaren zabala oinpean. Lurralde zimurra. Gain honetan harri soilek bizitzaren biluztasuna ekartzen dute gogora. Behean zuhaitzen eremu amaigabea. Eguzkia lur azpiko premura doa, esne eztizko ibaiak argitzera. Hodei zantzuek zeruaren urdina zartatzen dute. Haize leun epelak azala kitzikatzen du. Begi ninietan mundua ageri da. Arnasa geldotzen. Gorputza lurrari lotzen. Goiza beroa luzatzen da, esnatzea luzatuz. Alferkeriak hartu du gorputza, haize beroa gorputz biluzian biltzen da. Denbora desagertu da. Amets gozoetan galtzen da gogoa. Esku batek ondokoaren azala laztantzen du, geldo, arin. Moteltasunak hartzen du mundua.
Oporrek gure iruditeria elikatzen dute. Imajinario horretan gabiltza murgilduta, oroimenaren harira. Kontalariak iruditeri horiek elikatzen ditu, irudimena oporretan jarriz, mundua beste begi batzuen bidez irudikatzeko. Errealitateari aurre egiteko. Oporrek bezala, kontakizunek mundua imajina arazten digute. Zertarako bada oporrak, gero ez badira kontatzen?   

miércoles, 17 de junio de 2015

Ipuinen laztana

Norbait ipuin bat entzuten ari da. Bere ondoan laupabost lagun berdin ari dira. Euren aurrean beste bat istorio liluragarria kontatzen. Agian, ipuinak maitasun istorio ederra darama bere baitan; edo bidaia zoragarria. Agian, neska ausarta bizi da ipuinean eta munduaren beste aldera abiatu da eguzkia esnatzeko asmoz. Edo mutiko malenkoliatsua mundua begiratzen du lehiotik, abentura zoragarriak imajinatuz. Entzuten ari diren lagunek euren ipuin propioa osatzen dute beren baitan. Euren burua ikusten dute gutun ederrak idazten munduaren bestaldean gelditu den maiteari. Imajinatzen dituzte lurralde harrigarriak eta elkartze ahanztezinak. Lagun kontalaria aurrean dute ipuina ahotsean, keinuetan, mugimenduetan biziaraziz. Oporto botila kopa txikietan egiten du bere bidea. Eta, beharbada, esku bat beste esku bat laztantzen ia oharkabeak. Eta laztan leun horietan ipuina batetik bestera igarotzen da, lehen bi entzule zirenak bat bihurtuz. Lagun kontalaria istorioan murgilduta dabil igerian, zetazko irribarreen itsasoan, aurpegi dirdiratsuen argitan. Eta orduan, dena da posible.
Uda partea bidaien aroa izan ohi da, lagun berrien ezagutzea, istorio harrigarriak bizitzekoa. Guztiak geure oroimenean leku bat hartuko dutenak, geure bizitza osoan lagun. Eta nonbait, norbaitekin, norbaiten ipuina entzunez gero, bidaia liluragarria izango dugu. Eta esku baten laztan leuna.

GARA egunkarian argitaratutakoa

martes, 2 de junio de 2015

24/7

Kontu zaharretan denboraren erabilerak badu ametsen denborarekin zerikusirik. Ez dugu aurkituko ez batean ez bestean, errealitatean bizi dugun denborarekin bateratasunik. Ipuinetan zein ametsetan denborak bere agerpen propioa dauka, denbora fantastikoa dela esan dezakegu, elastikoa, ez logikoa. Baina era berean erreala da bere horretan, benetakoa bezala biziko dugu. Ipuineko protagonistak urtetako bidaia egingo du momentu batean, eta abiatutakoan bezain gazte itzuliko da, denbora bere baitatik pasa izan ez balitz bezala. Ametsetako gertaeretan orduetako edo egunetako iraupena, bost minututakoa izango da esnatzearen denboran, baina benetakoa bezala bizi izan dugu amestu bitartean. Eta kasu batean zein bestean denbora hori gure kontroletik at emango da, eta aldi berean gurea izango da, gure imajinazioarena.
Jonathan Crary irakasle eta idazle estatubatuarrak gogoeta interesagarria egiten du gure existentziaren denboraren kolonizazio merkantilistaren gainean.  24/7 formula aipatzen du( 24 ordu, 7 egun) denboraren edozein tarte merkatu balore gisa hartzearen sinonimo bezala. Aldiz, hortik kanpo uzten du ametsa. "Ametsaren alderik liluragarriena da, berarengatik ezin dela inolako moneta balorerik atera". Ametsak eta ipuinak esango nuke nik. Jende humanook badugu saltzerik ez dagoen zerbait, gure imajinazioaren denbora. Erloju fantastikoaren orratzek errealitatea aldatzeko balio erantsia dute.

GARA egunkarian argitarautakoa

domingo, 19 de abril de 2015

Urregorria

         Ulauk, ekialdeko tartaroen Jaun Handiak, 1255. urtean Baudac hiria hartu zuen bertako Kalifa menperatuz. Agintari zekena zen Kalifa, bere jauregiko dorrean zituen urre, zilar eta hamaika altxor ez xahutzeagatik gerlariak ordainduz, hiria galdu zuen. Ulauk, halako zekenkeriarekin haserre, dorrean itxiarazten du, hainbeste maite zituen aberastasunak baino ez dituela izango janari eta edari. Handik lau egunetara gosez hil zen. Halaxe kontatzen da Marco Poloren “Gauza liluragarrien liburua”-n.
         Midas Frigiako erregea izan zen k.a. VI-VII mende artean. Dionisok, Sileniori emandako harreragatik, ukitzen zuen guztia urre bihurtzeko ahalmena eman omen zion. Arazoa etorri zen ukitu orduko janaria bera urre bihurtzen zenean. Ahalmen hori kentzea eskatu zion jainkoari. Pactolo ibaian sartuta lortu zuen.
         Aspaldiko kontuak dira hauek. Errealitatea eta irudimena nahasten direnak. Bi istorioak antza handia dutela nabari da. Agian , egiazkoa bezala Marco Polori kontatu zioten pasartea, ez ote zen Midasen istorioan oinarrituko? Izan ere, Midas Baudac gertuko lurraldetan izan baitzen errege, mende askoz geroago Marco Polok korrituko zituenak.

Kontalariak gauza liluragarrien liburua dauka bere hitzetan. Errealitatea eta irudimena nahasiko ditu, entzuleari bidaia zoragarrietara gonbidatuz. Mundua konta dezagun.

jueves, 19 de febrero de 2015

Lehen Hitza

         Eskenatokiak 7 metro zabal ditu eta beste 4 sakonera. Hutsa dago. Ilun. Aretoko argiek eskenatokiaren hustasuna agerian uzten dute. Publikoak eserlekuetan itxoiten du. Minutu gutxi barru hasiko da funtzioa. Kontalariak oihalen artean espazio hutsa begiratzen du. Publikoaren zurrumurrua entzuten du. Kalkulatzen ari da zein izango den lekurik egokiena agertokian kokatzeko. Zein izango da egingo duen bidea. Zenbat urrats eman beharko ditu? Fokuen argitan aurreikusi bezala lekutu behar da. Publikoa sartu aurretik eszenariora irteteko ibilbidea errepikatzen egon da. Antzokia hutsarekin irudikatu du jendea. Irudikatu du nola hasiko den. Antzoki hutsa liburu zuria iruditzen zaio. Eta orain, ikuskaria hastear dela, guztia errepasatu du bere buruan. Kezka larria du ordea; zein izango da esango duen lehen hitza? Agur soil batekin hasiko da edo ipuin baten hasiera ohiko batekin? Zein izango une egokia lehen hitza esateko? Ezin du azkarregi hasi, baina ezin da isilune luze batean galdu. Badaki une egoki bat dagoela, sumatzen den unea, beti ezberdina dena, ezin entsaiatutakoa. Espazio hutsean barrena abiatutakoan eta jende aurrean kokatzerakoan, bada une bat, une zehatz bat, lehen hitza esateko; arnasa hartu eta naturaltasunez, lasaitasunez, ahotik irteten uzten duena. Hitz horrek, keinu, mugimendu sotil batez lagunduta egongo da, edo ez. Lehen hitz horrek kontalariaren soinu espazioa iragarriko du.

         Itzali dira argiak. Zurrumurruak isildu. Eskenatokiko argiak piztu dira. Ikuskaria hasi da. Kontalariak arnasa sakon hartu eta espazio hutsean barneratzen da. Lehen hitza du lagun.