miércoles, 28 de mayo de 2014

Angola tem feitiço

         “Angola tem feitiço”, dio Dulcek. Ahots eztiz dio, oroimenarenarekin hizketan. Begirada bizia eta irribarre motela du. Begiradan Angola ageri zaio. Portugaleko kolonia zen garaian abiatu zen gazterik,. senarra eta haur txikiarekin. Oraindik, 87 urterekin afrika itsatsita darama hitzetan, gogoan, begiradan. Dulce entzunez lurralde liluragarria bihurtzen da Angola, urrutiko lurralde sorgindua, non dena da posible. Orduan Angola zure ametsetako herrialdea bihurtzen da.
         “Gure osaba zaharrak ipuinak hasten zituen beti: “Behin batean Txekoslovaquian…”, kontatzen du Carlesek. Bere osaba ez zen inoiz egon herrialde hartan, urritiko lurraldea hartan, imajinazioan baino existitzen ez zen agian. Eta han dena gerta zitekeen; han, non bizikletak erruberak koadratuak zituzten.
         “Panamara joan behar dugu, hartza; Panaman denak platano usaina dauka”. Tigre txikiak Hartza txikia konbentzitzen du beren ametsetako lurraldea ezagutu dezaten, Jannosch-en “Oi zein ederra den Panama!” liburu ederrean. Abentura zoragarria biziko dute bi lagunek Panamarako bidean. Izan ere, zeinen gozoa den platano usaina…

         Pertsona bakoitzak gure lurralde liluragarria bilatuko dugu, non dena da posible. Urrutiko lurraldea, gertukoa egunerokotasunarena baita; baina han, urrutian, Angolan, Txekoslovakian, Panaman…, abentura zoragarriak gertatzen dira. Eta norbaitek halako lekuetan gertatutakoak kontatzen dizkigunean bidaia zoragarria hasten dugu. Kontalariak urrutian jazotakoak ekarriko dizkio entzuleari; ordea, lehenago han egon behar izan du. Irudimenaren belaontzian enbarkaturik. Feitiçoak harrapatuta.

miércoles, 14 de mayo de 2014

Fabrika

         “Fabrikan neska pila geunden bata bestearen ondoan lanean”. Beste emakume asko bezala gazterik sartu zen ama fabrikan. Orduko Errenteria fabrika josiaz zegoen eta bertan emakume askok lan egiten zuen. Amak entxufeak eta antzekoak muntatzen zituen. Hamaika kontu entzun izan ditugu garai hartakoak. Pasadizoak bata bestearen ondotik. Ia laurehun langile izan zituen lantegi handi hura nolakoa izango zen imajinatu egin behar zen. Gazte gazterik zela bizi izandako lehenengo huelga. Enkargatuarekin izandako liskarrak lankideekin berriketan egoteagatik. “Behin etxera bidali ninduten hitz egiteagatik. Enkargatu hura beti gurekin sartzen.” Fábrica Electrotécnica Guillermo Niessen, 1914ean eraiki zuen Alemaniatik heldutako enpresariak. Orduko Errenteria langile herri petoa zen, lantegiak nonahi. “Ez zen orain bezala, orduan goizetik jende mordoa ikusten zen kalean fabriketarako bidean. Eta gauean hamarretarako denak ohean.”
         Erakusketa zabaldu dute Niessen 100 urte betetzen dituela, eta imajinazioaren irudiak txuri beltzean ageri dira. Emakume ilarak bata bestearen ondoan mahai gaineko osagarri elektrikoak elkartzen. Lantegiaren itxura. Langileak bilduta argazkian. Emakumeak soilik argazkirako elkarturik. Aspaldiko garaiak. Bazen behineko historia.

         Historia istorio bihurtzen da denboraren eskutan, ahoz eskaintzen direnean etxeko sukaldean. Haurrarentzat aspaldiko garaiak direnak helduaren gaztetako bizipenak dira. Irudimenean itsasten diren kontakizunak, lurralde imajinarioan bizi dira eta hitzetara ekartzerakoan istorio harrigarriak bihurtzen dira. Aspaldian fabrika batean emakume batzuk aritzen ziren lanean …