HAUR IPUINAK













GABA BELTZA
Eskeletoen beldur diren haurrentzat ipuina



Joxemari Carrere
         


                Munduan asko bezala eskeletoak aspertuak zeuden. OSO ASPERTUAK! Lur azpiko munduan zeuden eta han bizitza ez zen batere dibertigarria. Inori ez zitzaion bururatu beraiek ere festazaleak zirela, eta lagunarteko bilerak egitea gustukoak zituztela. Jakina, lur azpira bidali zituztenez, lur gainean bizi zirenek pentsatzen zuten eskeletoek egiten zuten gauza bakarra etzanda egotea zela, hezurrak zuritzen. Zelako ezjakintasuna! Eta pepelerdokeria! Eta babukeria!

            Lur azpiko munduan dena da harrigarria eta miragarria. Zerutik barrena bidaiatzen ez dutenean, bertan hartzen dute atseden eguzkiak eta ilargiak. Hango errekak eztizkoak eta esnezkoak dira. Eta ez dago erlojurik, ez dago denborarik; eta inork ez dauka presarik. Diote intxixuak, lamiak eta pertsona harrigarriak bizi omen direla, bakoitzak bere izenarekin, izenik gabe ez baitago izaterik. Ez baduzu izenik nola deituko zaituzte? Apur bat artaburua izatea da izenik gabe ibiltzea. Nola deituko zaituzte bestela? Badira pertsonak guzti honetan sinesten ez dutenak, baina horiek ez dakite benetan zer gertatzen den munduan, ez dakite ezer ere ez gerta daitezkeen gauza harrigarrietaz eta ezjakin batzuk besterik ez dira. Nola izan daitezke hain txoriburuak?

            Baina eskeletoak aspertu egiten ziren. Aspertzen ziren inori ez zitzaiolako bururatu beraiei ere ongi pasatzea gustatzen zitzaiela. Edonori gustatzen zaio ondo pasatzea. Ba eskeletoei berdin! Gainera hezurretan haragia zutenean eta lur gaineko munduan presaka ibiltzen ziren pertsonak zirenean, erakutsi zieten eskeletoek egiten zuten gauza bakarra etzanda egotea zela. Eta, noski, lur azpiko beste biztanleak beren festak eta denbora pasak egiten zituzten bitartean, eskeletoak etzanda egoten ziren inorekin hitzik egin gabe. Horregatik denek pentsatzen zuten eskeletoek ez zutela beraiekin egon nahi. Beti etzanda zeuden, aspertu aurpegiarekin, eta ez zituzten beraien festetara gonbidatzen. Eta festa batera gonbidatzen ez bazaituzte triste zaude. Eta triste bazaude ezin duzu lagunik egin. Eta lagunik ez baduzu...ASPERTU EGITEN ZARA! Eta aurpegia itsusia, goibela eta distirarik gabea bihurtzen zaizu.

            Halako batean oihu bat entzun zen: “KAKA ZAHARRA!!!”. Eskeleto txiki bat ari zen garrasika. Eta nagusi batek errieta egin zion: “Hori ez da esaten!”. eta txikiak berriz: “KAKA, KAKA ETA KAKA, ASPERTZEN NAIIIIIIIZ!!!”
            Norbaitek ongi pasatzen ez duenean eta gainera kaka zaharra! esaten duenean, benetan gaizki pasatzen ari da. Baina, zer egin?

            Eskeleto helduak saiatu ziren azaltzen etzanda eta isilik egon behar zirela, horrela izan zela beti eta horrela izango zela aurrerantzean ere, eta mesedez istilutan ez hasteko. Eskeleto txikia isildu zen baina ez zegoen batere konforme beti berdin egon behar horrekin, aspertzen ezer egin izan gabe. Baina lur gaineko munduan bezala lur azpiko munduan ere ezusteak gertatzen dira. Behin batean lur azpiko mundura eskeleto ezberdin bat heldu zen. Beste eskeletoen itxura berdina zuen, beno hezur txiki bat falta zitzaion oin batean, nonbait galdu baitzuen. Horrek ez zuen asko inporta hala ere, baina ezberdina zen pozik zetorrelako. Pozik zetorren hezurrezko eskuen artean gainontzeko marihezurrek aspaldi ikusi gabeko zerbait ekartzen zuelako: trikitixa bat! Eskeleto aspertu horiengana heldu zenean ahots alai eta kraskatu batez esan zien: “Zuek bai zuriak zaudetela, alajaina! Zenbat buelta eman dituzue labadoran?” Eta hau esatean barre egin zuen, eta hezur guztiek  “klak!, klak! klak!” egiten zioten. Beste eskeletoek begiratu zioten txoriflauta aurpegiarekin, zer esan ez zekitela. “Hemen falta dena –esan zuen eskeleto berriak- musika da! Aire, aire! Mugitzen ez dena izango da... izango da... izango da maripetralaspezurra bat!”, eta hau esanda trikitixa jotzen hasi zen.

Lehenengo nota entzutearekin batera etzanda eta aspertuta zeuden eskeletoek kili-kili moduko batzuk nabaritu zituzten oinetako hezurretan; nahigabe hasi ziren mugitzen, kilimakorrak nabaritu zituzten hezur guztietan, gero eta gehiago eta konturatzerako denak dantzan eta jauzika hasi ziren, eta hezurrek egiten zieten Klak! Klak! Klak! Eskeleto trikitilariak doinu harrigarriak sortzen zituen hatz hezurtsuak gora eta behera mugituz, bazirudien desmontatu egingo zirela.
            Gelditu gabe egiten zuten dantza, eta eskeletoek haragirik ez dutenez ez zuten izerdi tantarik isurtzen. “Aire, aire!- oihukatzen zuten batzuek. “Segi, segi! –beste batzuek. Kexatu egin zen eskeleto txikiak gelditu gabe egiten zuen dantza eta esaten zuen: “Hau ez da kaka zaharra, hau FESTA da!”

            Eta festa batean bazaude lagunak egiten dituzu, eta lagunak egiten badituzu ez zaude bakarrik, eta bakarrik ez bazaude ez zara aspertzen, eta aspertzen ez bazara zoriontsua zara, eta zoriontsua bazara ez duzu gaizki pasatzen.
            Entzutekoa zen eskeletoen festaren eskandalua! Lur azpiko munduaren beste biztanleak hori entzundakoan festara hurbiltzen hasi ziren eta musika horrekin ezin ziren geldirik egon, eta beraiek ere dantzan eta jauzika hasi ziren. Hain, hain, hain ondo pasa zutenez erabaki zuten eskeletoak beraien festetara gonbidatzea.

            Eskeleto trikitilaria jotzeari utzi zionean (oso berandu!), denek atseden hartu zuten, baina irribarre handi batekin. Festa beste egun batean berriro egitea erabaki zuten. Baina izen bat jarri behar zioten, izenik gabeko festa bat ez baita behar den moduko festa bat. Pentsatu eta pentsatu egin zuten. Ez da hain erraza izen polit bat asmatzea! Hirukoizketamilamilioimordoimila eta erdi proposamen egin zituzten. Proposamen erdia eskeleto alfer batek egin zuen, oso bat egiteko gogorik ez zuelako. Hainbeste proposamen artean bat aukeratu behar zuten. Ez da hain erraza denak ados jartzea! Azkenean denen artean politena iruditu zitzaiena hautatu zuten: GABA BELTZA. Erabaki zuten ere urtean behin ospatu behar zutela festa hori. Eskeleto txikiak proposatu zuen festa batek bere ikurra behar zuela. Egia da, bere ikurra ez duen festa ez da festa oso, oso, oso ona. Eskeleto txikiak proposatu zien kalabaza bat izatea beraien ikurra. “Kalabazak –esan zuen- ilargiaren antza dauka, eta begiak eta aho bat eginez gero, eskeletoen itxura hartuko du”. Guztiei primeran iruditu zitzaien, beno, eskeleto alferrari ez, baina iritzia emateko gogorik ez zuelako. Eta halaxe egin zuten.

            Orain eskeletoak ez dira aspertzen, beren jaia badutelako. Jakin nahi baduzue eskeletoen festa eguna noiz den, belarria lurraren kontra jartzea besterik ez duzue egin behar, eta eskeleto trikitilariaren musika entzuten baduzue orduantxe izango da. Hala ere, eskeletoa oso parranderoa denez edozein egunetan esnatu eta dantzan jartzen ditu denak. Baina hau bakarrik gauez gertatzen da, lur gaineko jendea, haragia duena, lo dagoenean. Musika hori entzuten baduzue jakin ezazue lur azpiko munduan OSO, OSO, OSO ONGI pasatzen ari direla, batez ere eskeleto txikia, orain ez baita aspertzen.


Eskeleto trikitilaria
Jotzen hasi zenean
Orduan, ni han nintzen
Etorri eta berehala
Hasi naiz kontatzen







Euliak jaten aspertuta zegoen armiarmaren istorioa

            Munduan asko bezala, armiarma bat ba omen zegoen. Armiarma guztiek egin ohi duten bezala goizean goiz bere amarauna egiten hasten zen, amaraunik gabeko armiarma ez baita behar bezalako armiarma. Goizeko ihintzak tanta dirdiratsuak sortzen zituen hari finetan eta armiarma honek gustukoa zuen dir-dir horiek eguna islatzen zuten modua. Eta pentsatzen zuen bere sarean eroritako euliak nahiago izango zuela freskura horretan gelditzea beste amaraun lehor eta ilun batean baino.

Baina gure armiarmak bazuen kezka bat. Sarean erortzen ziren euliak, inongo prestaketarik gabe, bere horretan jan beharrak aspertzen zuen. Janariak zapore berdina zeukan beti. Aspergarria zen. Are gehiago bere inguruan zituen belar goxoak usainduta. Eta amarauna eusten zituzten sasi adarretatik zintzilik zeuden masusta goxoak ikusita. “Ummm! Halako masusta gozoekin euli pastel goxoa egingo nuke”- pentsatzen zuen . Eta menda-belar usaintsuekin euliek bestelako zapore dibertigarriagoa izango zutela ez zuen zalantzarik. Baina zer esango lukete beste armiarmek? Jakin bazekien armiarmak oso tradizionalak direla: “Armiarmek betidanik euliak berdin jan izan ditugu - esango zion bere izeba zaharrak. Amaraunean erorita beregana hurbildu eta xuka eta xuka eginda barruratzen ditugu. Hala izan da eta horrela izango da; beti!”. Baina ez zuen ulertzen zergatik ezin zen bestelako aukerarik frogatu. Halako ideiak zituen gure armiarmak, eta bere buru txikian hainbeste itzuli-mitzuli egiten zituztenez, azkenean ez zuen ez gosaltzen ezta bazkaltzen ere gustura. Askotan euli bat bere sarean itsatsita ikusirik berarengana hurbildu eta joaten uzten zuen, jateko gogorik ez baitzuen; nahiago zuen imajinatu euli horrekin, masustekin eta menda-belarrarekin egingo zuen pastel usaintsua.

Egun batean, eta inori ezer esan gabe, goizeko ihintzarekin fresko- fresko zeuden masusta pare bat hartu eta hosto baten azpian gorde zituen. Ondoren, amarauna amaitu eta gero, azpiko menda-belar hosto bat hartu zuen, eta masustekin gorde. Eta zain geratu zen. Halako batean, euli despistatu bat bere hari dirdiratsuen ingurura gerturatzen ari zela ikusi zuen Armiarmak, eta pentsatu zuen: “Euli hauek bai txoriburuak direla, hainbeste begi eduki, eta gero ez dute ezer ikusten, auskalo non duten burua; jakina hainbeste begi eta gero buruarentzat lekurik ez”. Euliak eta armiarmak beti ibili ohi dira bata bestearengatik gaizki esaka; dena dela begi asko eduki arren eta arretarik handiena ipinita ere, zaila da benetan amaraun baten hari fin horiek ikustea. Ez al zaizue zuei gertatu batzutan nahi gabe sare txiki eta fin horietako batekin topo egitea? Eskerrak gu euliak baino handiagoak garen eta ez garela itsatsiak geratzen, bestela... ene! Hau beldurra imajinatzea ere! Baina armiarmaren istorioarekin ari ginen.

Handik segundo batzuetara harietan itsatsita zegoen eulia. Eta armiarmak imajinatu egin zuen goiz eder honetan egingo zuen gosaria. “Ummm. Euli tarta masusta eta mendarekin!”. Eta pentsatzearekin bakarrik listuz betetzen zitzaion ahoa. Euliarengana gerturatzen hasi zen bere zortzi hanka beltz eta luxexkekin. Hosto handi bat hartu zuen eta eguzkitan berotzen ipini. “Aproposa pastela egiteko”- pentsatu zuen armiarmak. Ondoren,  ezkuta lekutik masustak eta menda-belar hostoa atera eta intxaur azal baten barruan jarri zituen euliarekin batera. Nondik atera zuen intxaur azala? Ba, lurrean zegoen. Nola puskatu zuen intxaurra? Ez zuen berak puskatu, ez zen hain indartsua, armiarma bat zen! Norbaitek botako zuen eta berak topatu. Agian



urtxintxa batek botako zuen, barrukoa jan eta gero jakina. Zuek intxaur azalak jaten al dituzue ala? Ba urtxintxek ezta ere. Eta ez galdera gehiago egin bestela ez dugu inoiz ipuin hau amaituko. Hara galdu naiz; non nengoen? A, bai, armiarma pastela egiten ari zela. Eulia, masustak eta menda- belarrarekin batera intxaur azal barruan jarri ondoren, belar batetik ateratako esnearen antzeko izerdi zuria gehitu zion. Goroldio pixka batekin gozatu zuen dena. Sasietako adaxka batekin dena irabiatu eta eguzkitan edukitako hosto beroan bildu zuen intxaur azala. Hasieran ez zuen ezer nabaritzen. Eta eguzkiari deiadar egiten zion, izpi gehiago eta beroagoak bidaltzeko. Baina janari goxoak prestatzeko pazientzia behar da, goxotasunez prestatzen dena goxo-goxoa ateratzen baita. Dena dela, normala da armiarmak hori ez jakitea eta urduri egotea, bere lehenengo pastela baitzen. Eta denok dakigu gauzak lehenengo aldiz egiten direnean ez direla gu nahi bezain ondo ateratzen. Gogoratzen dut nire lehenengo pastela egin nuenean. Ikatza baino beltzagoa eta gogorragoa atera zitzaidan. Hemen falta zaidan hortza puska pastela jan nahian hautsi zitzaidan, imajinatu! Harria baino gogorrago zegoen. Baina orain primerakoak egiten ditut. Ummm, txokolatezko tarta! Hori bai ona. Tira egunen batean gonbidatuko zaituztet, baina orain ipuina amaitu behar dut.

Eguzkiak jarraitzen zuen hostoa berotzen eta hostoak intxaurra, eta intxaurrak bere barruan zuen orea; eta urduri zegoen armiarma. Orduan ikusi zuen pixkanaka intxaur azalaren barruan zegoen orea gorritzen hasi zela, eta puzten eta, ene!, usain goxoa nabaritu zuen bere sudurrera heltzen. Gosaldu gabe zegoenez gose zegoen eta zelako pastela jan behar zuen imajinatuta are gosetiago jartzen zen. Halako batean pentsatu zuen, igoal, pastela egina egongo zela. Nahasketa egiteko erabili zuen adaxka hartu eta pastelaren barruan sartu zuen, poliki. Ateratzerakoan ohartu zen oraindik bigunegia zegoela eta pixka bat gehiago uztea erabaki zuen. Bere zortzi hankatxo beltz eta luxexkak urduri mugitzen ziren, denak batera eta azkar. Amaraunean gora eta behera hasi zen. “Zelako gosaria egingo dudan!”- pentsatu zuen. Ezin zuen gehiago itxaron eta adaska pastelaren barruan sartu zuen berriro eta ateratakoan pozez ikusi zuen lehorra zegoela, gainera pastelak kolore gorrixka ederra zeukan eta bertatik sortzen zen usaina...ene, bai goxoa! Nahikoa zen, pastela jateko gogo bizia zeukan. Intxaur azala hostotik atera eta beste hosto baten gainean hustu zuen; kontu handiz, erre nahi ez bazuen behintzat, eta hori ez da oso goxoa. Eta hantxe, bere begi piloen aurrean, egin zuen lehenengo pastela zeukan. Urduri, aurreko bi hankatxoekin puskatxo bat hartu zuen. Beroa zegoen. Ahoarekin putz egin eta pixka bat hoztu zuen; gero ahora eraman zuen eta ...ene, primerakoa zen! Beste puska bat hartu eta ahora eraman. Eta horrela, puskaz –puska euliz, masustaz eta menda-belarraz egindako pastelaren papurrik ez zen geratu.



            Handik aurrera errezeta gehiago asmatu zituen. Hasieran bere lagun minenari baino ez zion esan. Baina denborarekin gero eta armiarma gehiagok jakin zuten euli pastelak egiteko bere trebeziaz eta berarengana joaten ziren pastela jatera eta errezetak eskatzera. Bere izeba ere konturatu zen ez zela hain txarra gauza berriak probatzea, eta astean behin berarekin meriendatzen zuen. Eta niri sekulako gosea sartu zait ipuin hau kontatzen, beraz banoa marrubi pastel bat egitera. Zuek ere hobe zenukete halakorik egitea, niri entzuten jarraitzea baino. Egunen batean kontatuko dizuet kaka jan nahi ez zuen euliaren istorioa, baina hori beste egunen batean izango da.

iruzkinik ez: