2014(e)ko ekainaren 11(a), asteazkena

Eskutik ahora

Zenbat istorio sartzen da 123 kilometrotan? Eskutik eskura, zenbat kontu igarotzen dira? Isilean, ikuitze soilarekin, hitzak heltzen dira, esateko grina pizten da. Maiteminduek lehenengo aldiz euren eskuak elkartu eta sentitzean bezala. Hatzamar bakoitzak istorio bat darama bere laztanean. Eskutik helduta bidean kondaira komun bat eraikitzeko nahia. Norbaitek beste bat eskutik heltzen duenean, gonbitea egiten dio. Norberekeria utzi eta elkartzeak errazago, edo behintzat interesagarriagoa, egiten du bidea. Haurrak eskutik heltzen zaituenean bezala. Txiribuelta bat eman nahiko du airean, bere bi eskuak beste bietan helduta. Euskarri horietan seguru sentituko da. Eta une batean gelditu, begietara begiratu eta zerbait kontatzeko eskatuko dizu. Edo kantatzeko. Bidea eginez norbaitek eskutik heldu eta istorio bat eskatzen dizunean ez duzu ezeren beldurrik izan behar.
Egunkari honen bertsio digitalean, Naiz.info, 100 egunetan 100 euskal kontu zahar kontatu ditugu, hitzen katea osatu nahi izan dugu,  lotzen diren eskuek istorio bat izan dezaten elkarri eskaintzeko. Eta beharbada norbaitek esango du, "nik ipuin hori ezagutzen dut, baina beste era batera"; eta ondokoari berak ikasi zuena kontatuko dio, eta istorio berria sortuko da biena uztartuz. Eta hirugarren batek berea gehituko dio, eta ipuina aldatuz joango da, hitzen jolasean transformatuz. Ipuinak ahots ezberdinen beharra du aurrera egiteko, denboraren baitan bizirauteko. 
Eskutik ahora, ahotik eskura doazen istorioek bidea elkarrekin egingo dute, txiribueltaka, jauzika, jolasean. Eta orduan ez duzu ezeren beldurrik izan behar.




2014(e)ko ekainaren 5(a), osteguna

Ipuintxo bat

91. Otso jaunaren nagusitasuna

100

Euskal sinesmen zahar batek dio garai batean bizidun guztiak mintzatzen zirela, goroldio izan ezik. Beste guztiak saiatu ziren hari mintzatzen irakasten, baina orduan guztiek galdu zuten hitza, gizakiak izan ezik. Hala kontatzen zuten Ataunen behintzat. Oiartzunen, berriz, kontatzen zuten lehengo denboretan otsoa eta ardia elkarren lagunak zirela. Aspaldiko garaietan horrelakoak gertatzen omen ziren. Gauzak gizakiaren zerbitzuan ipintzen ziren. Zuhaitzak etxeraino hurbiltzen ziren sutarako. Kortezubin kontatzen zuten. Aspaldiko garaietan, munduan ainitz diren bezala, hitzek ahotik ahora egiten zuten jauzi, jauzi txikiak, baina etengabeak, gure garaietara heldu arte. Jauzi bakoitzeko aberasten zihoazen, aho bakoitzak bere hitzak gehitzen baitzizkion. Katebegi kontaezinekin, hitzaren kate luzea osatuz joan da denboran barrena. Azkuek azaltzen digu: Mundakan haurrak (...) honela hasten zituzten beren ipuintxoak. Beren arteko aurreratuenak galdera hau egiten zien lagunei: zenbat arrautza jan dozuz zuk? Honekin adierazi nahi zuen: Zenbat ipuin dakizuz?. Nondik jasotzen zituzten arrautza horiek? Nola prestatzen zituzten? Zeinek jarraitu zuen arrautzak banatzen?
Herri baten izatearen eraikitzean, imajinario komun baten sortzea oinarrizko zutabea da. Ondasun ez materiala izanik, ordea, zaila izango da zehaztea; izan ere, garaiekin aldatzen, aberasten eta garatzen baita. Nazio kultura baten partaideek, lurraldetasunean baino, komunean konpartitzen diren istorioak, bertsoak, kantak, dantzak eta abar, izango dituzte loturak. Eta jaso bezala transmitituko ditugu, aldatuz, eguneratuz, zabalduz. Beste kulturetatik jasotakoak gurera ekarriko ditugu, eraldatuz, moldatuz; eta gureak eramango ditugu, beste kulturekin uztartuz. Munduaren hiztorian hala izan da, jendeak alde batetik bestera joanez, bere altxor inmaterial hori eraman izan du, mundua aberatsago eginez. Quebec-en bizi den Naskapis herrian istorio bat kontatzen dute, Maitale Jarraikiak, non euskal arrantzale batek bere alaba buruzagi indigena batekin ezkon arazi nahi duen. A
Alaba, berriz, ehiztari ingeles matekin maiteminduta, ihes egiten du berarekin. Amaiera ederra bezain goibela da: Ordutik, bidaiariek badiaren behe aldean ikus dezakete euskal printzesa eder bat, desesperatuki bere senargaia olatuetan bila, alferrik. Ezagunak dira euskal arrantzaleek mendeetan inguru haietara egindako bidaiak eta bertako biztanleekin izandako harremanak. Ikusten denez harremanak ez ziren bakarrik komertzialak izan, kultur trukaketa bat ere izan zela.
Berdin gure ipuinetan topatuko ditugu beste herrialde zein kulturetako antzekotasunak. Hitzek hemendik hara bidaiatzen diten pertsonen baitan. Hemendik hara, handik hona. Eta horiek herri baten izaeraren eraiketan garrantzia ezinbestekoa izan dute. Hala izan da, da eta izango da. Hori ukatzea edo ahanztea, norberaren izaeran hozka egitea da, hutsune bat sortzea, hankamotz ibiltzea.
Herri baten izate aldarriak bere ipuinen, bere hitzen beharra du. Eta bost kontalarik, Doro Zobaran, Ixabel Millet, Itziar Rekalde, Bea Egizabal eta Joxemari Carrere, Conny Beyreuther kameralaria eta  Asier Burgaleta soinu teknikariarekin batera, 100 euskal ipuin grabatu ditugu 100 egunetan www.naiz.info egunkari digitalean eskaintzeko, Ekainaren 8ra arte. Egun horretan eskutik eskura lotuko dira Durango eta Iruñea, Gure Esku Dago herri ekimenak deituta. Guk hitzekin nahi izan dugu bidea lotu, ahotik ahora bidea eginez. Herri batek, kultura batek, belaunaldiz belaunaldi garatu duen imajinarioaren bitartez, mundu ikuskera bat eraiki du, denboran barrena aldatuz eta aberastuz joan dena. Ez hobeagoa edo txarragoa, jendarte honen partaideiak osatzen joan direna baizik.
100 ipuin 100 egunetan kontatuz, transmisio horren katea aldarrikatu nahi izan dugu, ez aitzinaren mitifikazio hutsagatik, baina etorkizunerantz zabaltzen den bidea irudikatzeko. Ipuinetan bezala, garrantsitsuena ez baita non hasi edo non bukatu, bideko gertaerei nola aurre egin baizik. Hitzak ehuntzen ibili gara, eta ibiliko gara, bidean eskutik eskura helduta, aspaldiko istorioak eta gaur egungoak kontatzen, geroa imajinatuz. Egia bada, sakelan sar; gezurra ez bada, atera ez dedila; Andoainen zioten bezala.