2014(e)ko ekainaren 11(a), asteazkena

Eskutik ahora

Zenbat istorio sartzen da 123 kilometrotan? Eskutik eskura, zenbat kontu igarotzen dira? Isilean, ikuitze soilarekin, hitzak heltzen dira, esateko grina pizten da. Maiteminduek lehenengo aldiz euren eskuak elkartu eta sentitzean bezala. Hatzamar bakoitzak istorio bat darama bere laztanean. Eskutik helduta bidean kondaira komun bat eraikitzeko nahia. Norbaitek beste bat eskutik heltzen duenean, gonbitea egiten dio. Norberekeria utzi eta elkartzeak errazago, edo behintzat interesagarriagoa, egiten du bidea. Haurrak eskutik heltzen zaituenean bezala. Txiribuelta bat eman nahiko du airean, bere bi eskuak beste bietan helduta. Euskarri horietan seguru sentituko da. Eta une batean gelditu, begietara begiratu eta zerbait kontatzeko eskatuko dizu. Edo kantatzeko. Bidea eginez norbaitek eskutik heldu eta istorio bat eskatzen dizunean ez duzu ezeren beldurrik izan behar.
Egunkari honen bertsio digitalean, Naiz.info, 100 egunetan 100 euskal kontu zahar kontatu ditugu, hitzen katea osatu nahi izan dugu,  lotzen diren eskuek istorio bat izan dezaten elkarri eskaintzeko. Eta beharbada norbaitek esango du, "nik ipuin hori ezagutzen dut, baina beste era batera"; eta ondokoari berak ikasi zuena kontatuko dio, eta istorio berria sortuko da biena uztartuz. Eta hirugarren batek berea gehituko dio, eta ipuina aldatuz joango da, hitzen jolasean transformatuz. Ipuinak ahots ezberdinen beharra du aurrera egiteko, denboraren baitan bizirauteko. 
Eskutik ahora, ahotik eskura doazen istorioek bidea elkarrekin egingo dute, txiribueltaka, jauzika, jolasean. Eta orduan ez duzu ezeren beldurrik izan behar.




iruzkinik ez: