2019(e)ko abuztuaren 26(a), astelehena

TURISMOA

Herri txiki eta apartatu batean bidaia oroimenak biltzen zituen emakume zahar bat bizi omen zen, bizitza osoan bere herritik irten ez zena. Munduan barrena ibilitako lagun edo ezagunek ekarritako bidaia opariak ziren haiek  maleta zahar batean gordetzen zituen. Oparia onartzeko, ordea, baldintza bakarra jartzen zien lagunei, haren istorioa kontatzea. Berdin zitzaion eskaintzaren balioa, edertasuna edo tamaina, bere baitan istorio bat ez bazuen,  ez zuen inongo baliorik berarentzat; beraz ez zuen gordetzerik merezi. Istorioa entzun ondoren, kontu handiz hartu eta maleta zaharrean gordetzen zuen eskaintza, mundutik barrena ekarritako beste oroimenekin. Eta maleta ixten zuen, lagun edo ezagunen bidaiaren gaineko kontuez beste inongo interesik jarri gabe. Zertarako behar zuen maleta zahar hori ordea?, kezkarekin alde egiten zuten eskaintzaileek. Neguko gau luze eta hotzetan, herriko biztanle eskasak, euren bizitzan herritik oso gutxi aldendu zirenak, emakumearen etxeko sutondoan biltzen ziren eta, orduan, maleta zaharra ateratzen zuen. Bertan pilatuak zituen gauzak banan bana ateratzen zituen eta bakoitzaren istorioa kontatzen zien herriko lagunei. Eta orduan, herri txikia mundu zabala bihurtzen zen, istorio harrigarriez osatua. Eta herri txiki hartako biztanle txikiak, bidaiari handiak bihurtzen ziren.

Mundua ezagutzeko irrikan, turistak bihurtzen garen garaia hauetan, geure buruari galdetu beharko diogu, etxera bueltatzean, ba ote dugun istorio bat kontatzeko. Maleta zahar batean gordetzea merezi duena.

GARA egunkarian argitaratua.

2019(e)ko abuztuaren 13(a), asteartea

SORGIN HAIZEA

Lagun batek galdetu dit ea badakidan zer egin behar den sorgina izateko. Zer demontre ibiliko du buruan?, pentsatu dut. Sorgina izan nahiko du? Zertarako ordea? Macbethen ahotan Shakespearek jarritako hitzak datozkit burura Izan ala ez izan, hara hor galdera. Sorgina izan nahi eta akelarrerako bilerara joateko desioak zapuztuak izateak, barneko ezinegona ekar diezaioke edonori. Sorgin izatearen nahiak badu jendartean ezarritako balore murriztaileen kontrako jarrera utopikoa; eta utopiek aurrera egiteko balio dutela ikasi genuen. Bestalde, jakin badakigu sorginak ez direla, baina ez direnik ez dela esan behar. Sorginak pertsonaia fantastikoak direla eta irudimenean baino ez direla bizi, badakigu. Baina sorgin izatearen akusaziopean torturatuak eta akabatuak izan ziren emakumeek askatasun haize ufada ekartzen digute. Lagunari bere jakin mina asetzen laguntzea,
haize hori konpartitzea izango da akaso. Adi beraz.
Sorgin izateko eliza bati hiru buelta eman beharko dizkiozu; batailatua ez bazaude sorgina izango zara; beste sorgin baten arroparik hartu baduzu, bera bezalakoa bihurtuko zara, edo bere eskuetatik orratz ontzia jaso baduzu galtzagorriekin. Etsai Zaharra musukatu baduzu sorgin bihurtuko zara ere. Eta horiek guztiak bete ez badituzu, azken aukera baduzu oin batekin aitaren eginez gero, hau esaten duzun bitartean: Porla se, zalpate, funte fa, funte fi, txiri, biri, ekatsu, amen.  Akelarrerako prest bazaude, sasien gainetik, hodeien azpitik, sorgin haizeak eraman zaitzala, askatasunerantz.

Gara egunkarian argitaratua.