2019(e)ko abuztuaren 26(a), astelehena

TURISMOA

Herri txiki eta apartatu batean bidaia oroimenak biltzen zituen emakume zahar bat bizi omen zen, bizitza osoan bere herritik irten ez zena. Munduan barrena ibilitako lagun edo ezagunek ekarritako bidaia opariak ziren haiek  maleta zahar batean gordetzen zituen. Oparia onartzeko, ordea, baldintza bakarra jartzen zien lagunei, haren istorioa kontatzea. Berdin zitzaion eskaintzaren balioa, edertasuna edo tamaina, bere baitan istorio bat ez bazuen,  ez zuen inongo baliorik berarentzat; beraz ez zuen gordetzerik merezi. Istorioa entzun ondoren, kontu handiz hartu eta maleta zaharrean gordetzen zuen eskaintza, mundutik barrena ekarritako beste oroimenekin. Eta maleta ixten zuen, lagun edo ezagunen bidaiaren gaineko kontuez beste inongo interesik jarri gabe. Zertarako behar zuen maleta zahar hori ordea?, kezkarekin alde egiten zuten eskaintzaileek. Neguko gau luze eta hotzetan, herriko biztanle eskasak, euren bizitzan herritik oso gutxi aldendu zirenak, emakumearen etxeko sutondoan biltzen ziren eta, orduan, maleta zaharra ateratzen zuen. Bertan pilatuak zituen gauzak banan bana ateratzen zituen eta bakoitzaren istorioa kontatzen zien herriko lagunei. Eta orduan, herri txikia mundu zabala bihurtzen zen, istorio harrigarriez osatua. Eta herri txiki hartako biztanle txikiak, bidaiari handiak bihurtzen ziren.

Mundua ezagutzeko irrikan, turistak bihurtzen garen garaia hauetan, geure buruari galdetu beharko diogu, etxera bueltatzean, ba ote dugun istorio bat kontatzeko. Maleta zahar batean gordetzea merezi duena.

GARA egunkarian argitaratua.

iruzkinik ez: