2016(e)ko abenduaren 4(a), igandea

Harri zopa

Ipuinak kontatzen hasi aurretik bi kontalari baino ez nituen ezagutzen, Koldo Ameztoy eta Pello Añorga. Bigarrena ezagutu bai, baina kontatzen ikusi gabe nengoen, Koldo, aldiz, behin baino gehiagotan ikusia. Aspaldiko ezagunak izanik, behin baino gehiagotan galdetzen nion kontatzearen gaineko kontuak. Bera eredu hasi nintzen kontagintzaren bidean. Eta entzun nion lehenengo ipuinetako bat Harri Zoparena izan zen. Geroago hainbatetan entzun izan dut ipuin hau kontalari ezberdinen ahotik, baina lehenengo hura da niretzat, nolabait, orijinala. Neronek ere inoiz kontu izan dut, baina lagunei, ez saio batean, otorduren baten bueltan. Labur-labur kontatuta hauxe da.
Handik hona dabilen gizon pobrea etxea batera heltzen da. Harri bat darama poltsan. Etxera heltzerakoan aterpe eskatzen die eta bere harriarekin zopa berezi eta goxoa prestatuko diela esaten die etxekoei. Hauek harrituak eta kuriositateak jota harri batekin zopa nola egiten den ikusi nahi dute. Gizonak esaten die zopa hobeto goxatzeko patataren bat primeran etorriko zitzaiola. Baita porru bat, tipula eta bestelako osagarriak. Azkenean primerako zopa egingo du, etxekoen harridurarako.
Gustukoa dut istorio hau, sukalde lanak gustukoa duten lagunei kontatzekoa. Baina ipuin bat da, fantasiaren mundukoa. Edo ez? Orain dela gutxi trenaren zain nengoela, Coimbrako geltokitik gertu kafe bat hartzera abiatu eta O Horácio ostatuaren atean itsatsita honako iragarkia: “Há sopa da Pedra. 1 dose 2,50€”. Barrura sartu nintzen.