jueves, 18 de mayo de 2017

NERABEAK

“Ipuinak gustatzen zaizkizue?” “Ez”. Argi dauka neska nerabeak; zergatik ordea ez. Bere aurrean dagoen mutikoa bezala. Beste gelakideei antzeko iritzia sumatzen zaie. Kontaketa saioa hasi aurretik ohiko galdera dut, nahiz eta jakin zein izango den erantzuna. Badakit pentsatuko dutela ipuin kontalaria ez dela beraientzat gauza, ume txikientzat baizik. Publiko zaila beraz. Baina ez horregatik txarra. Nerabeak, ez haur ez heldu diren pertsonak. Trantsizio zailean daudenak, guztiok pasa duguna, hobeto edo okerrago. Eta, jakina, ipuinak kontatzen entzutea ez da beren mundukoa. Ala bai? Ipuin kontaketak nerabe eta gazteen aldetik arbuioa jasotzea beraien interes faltari egozten diogu, urte zailak, denari ezezkoa ematea, eta euren interesak beste arlotan egotearena. Ipuintxoak haurren kontua dela barneratu dute, edo, agian, barneratu arazi diegu. Publikoa kontra duzu, adina zaila, eskola giroan zu heldua zara, irakasleen pareko, edo gurasoen adineko, aurre iritziak gainezka… Baina erronkak beti dira pizgarriak.

Muskizeko institutuan ikasleak parean daude. Ipuinak EZ dute aurpegian ageri. Batzuk kuriositatea ere agertzen dute, beste batzuk zuzenean paso. Eta zure burua borborka nondik abiatuko. Baina badakizu, ipuinak kontatzen hasi aurretik zuganako aldeko jarrera lortu behar duzula, ipuinak gero etorriko dira. Hasi duzu saioa. Amaitzen zaudela errekreorako txirrinak jo du, baina ikasleek jakin nahi dute nola amaitzen den istorioa. Zoragarriak dira nerabeak. Publiko ederra.