domingo, 11 de enero de 2009

Maitasunaren arbola

Hasieraren hasieran, gizona eta emakumea ez omen ziren elkarrekin bizi. Emakumeak jaki goxoak zituen baratz eder batean. Bizi zen lekuan, gizonak ahuntzak eta behiak hazten zituen. Dena zegoen horrela, banatuta.

        Egun batean, gizona eta emakumea topatu egin ziren. Emakumeak esan zion gizonari:

        -Goazen nire etxera.

        Heldu zirenean, emakumeak bere baratzeko sustrai bat eman zion gizonari. Esan zion:

        -Sustrai hau gozoa da. Har ezak, probatu eta ikusiko duk.

        Gizonak gozotasun hura gustukoa izan zuen:

        -Mmmmm, gozoa da hau! Mmmmm, ona da!

        Emakumeak edari goxoa eman zion gizonari, berarekin pentsatzeari ez uzteko. Gizonak edan egin zuen. Emakumeak lo egiten zuen lekuan sartzen gonbidatu zuen. Han lo egin zuten, besterik ez, batak bestearen ondoan.

        Goizean, emakumeak esan zuen:

        -Begira, gauza eder askoak dizkiat.

        Bere txabolan zituen gauza eder guztiak erakutsi zizkion: ostruka arrautza oskolekin egindako lepokoak, harri txintxarriekin apaindutako poltsak, halako gauzak.

        Irten egin ziren. Emakumeak esan zuen:

        -Goazen arbola horretara.

        Emakumeak urrutian hazten zen arbola bat erakutsi zion.

        Arbolara heldu zirenean, emakumeak gizonari esan zion berarengana hurbiltzeko. Lotuak egongo balira bezala egon ziren elkarrekin, bat balira.

        Emakumeak arbolan zegoen zulo bat erakutsi zion, eta esan zion:

        -Sar ezak hire zakila zulo horretan.

        Gizona horrela egin zuen.

        Emakumeak esan zion zakila zuloan mugitzeko. Emakumeak atzean jarri zitzaion, eta gizona zuloan mugitzen hasi zen.

        Gizonak atzealdea erortzea baino ez zuen nahi. Emakumeak besotan jaso zuen. Besoak gurutzatu eta berarengana ekarri zuen.

        -Goazen lo egiten dudan lekura- esan zuen.

        Joan eta joan ziren, eta hara heldu ziren.

        Emakumeak esan zion berarekin lo egiteko.

        -Lo egin dezagun bata besteari lotuta, zure aurpegia nirearen aurrean.

        Gizonaren goxotasuna emakumean sartu zen. Emakumearena gizonean.

 

        Ba, hauxe izan zen lehenengo aldia.  Gizona emakumearekin geratu zen: erabat ahaztu zituen haziendak.

        Beste gizon batzuk heldu ziren gizon haren etxera. Inguruan begiratu zuten, gizonaren bila. Ez zegoen han. Beraz, gizon hauek animalia guztiak eraman zituzten, ahuntzak eta behiak, eta mundutik barrena barreiatu zituzten.

        Horregatik animaliak barreiatuak daude munduan, eta leku batean bakarrik. Eta halaxe da nola gizona eta emakumea elkarrekin bizitzen jarri omen ziren, goxotasunean. Guztiok gatoz gizon eta emakume horiengatik.

 

        Istorio hau Melissa Heckler-ek eskainia da; berak /Ui-gandik jaso zuen, Namibiako jul’boansi kontalaria. Honek aurrekoengandik jaso zuen eta halaxe, guk, eskaintzen dugu.

 

 

Ipuin hau Kulimatji Egitasmoaren baitan bildua da, South African San Institute (SASI) erakundearekin elkarlanean egindakoa, !xun herriaren ipuinak jasotzeko asmoarekin.

Guadalajarako XVII ipuin maratoian aurkeztu zituzten Kapilolo Mario Mahongo eta Marlene Sullivan Winberg. Gaztelaniako itzulpenaz Jose Manuel de Prada Semper arduratu zen. Azken honek ipuin hauek argitaratu ditu “La niña que creo las estrellas” liburuan (Edit Lengua de Trapo)

 

miércoles, 7 de enero de 2009

Mundua eskenatoki bat da

          “Palestinako bezalako adibideek, orobateko genozidioa jasaten ari den herria (…),bultzatzen naute nire Numancia-ren eszenaratzearen proposamen honen eskaintzera, nik aldarrikatzen dudan “bizkarrezurreko antzerkia” deitzen dudanaren bidetik; kasu honetan, Inperioaren kontrako antzerki bat”. Hau idazten zuen Alfonso Sastrek 2002an, Hiru argitaletxeak kaleratu zuen bere “El nuevo cerco de Numancia” antzezlanerako  sarrera oharrean. Cervantesen antzezlana gogoan idatzi zuen idazle madrildar-hondarribitarrak, baina Vietnameko gerra salatu eta herri vietnamdarraren erresistentzia borroka goraipatzeko. Sastrek antzerki honen antzezteari erresistentzia eta salaketa zentzua eman nahi izan dio, Cervantesen lan hura faxistek Madril erasotzen ari zirenean antzezten zenean bezala. Izan ere antzerkia gogoak pizteko tresnatzat ikusten baitu antzerkigileak. Eta hasierako hitz horiek 2002 urteko ediziorako idatzi bazituen ere, tinta berriarekin idatzita baleude bezala irakurriko ditugu orain, sionismoaren bonbek ehunka palestinar, berriro, erail ondoren.

            Gazako azken sarraskia irudiak ikusita beste Numancia baten aurrean gaudela argi dugu berriro ere. Herri palestinarrak jasaten ari den genozidioa amaigabea dirudi. 2004tik 2007ra, hau da hiru urtetan, armada israeldarrak 5000 milatik gora palestinar hil ditu, horietatik 900 haurrak. Israelek elikagairik gabe zigortzen ditu, argindarrik gabe, ospitaletarako lehen gaiak ere eskura ezin dabiltza, blokeo latza ezarriz. Hala ere, Gazak irauten du, Erromatarren erasoei Numancia zaharrak eusten zien bezala. Eta antzezlan hau ekartzen dugu gogora halako egoeren aurrean inpotentzia sentsazioa baztertu nahian. Izan ere, zer egin dezakegu gure Europa “handi” honetatik herri sarraskitu horri egiten ari zaizkienak geldiarazteko? Nola agertu gure amorrua eta ezinegona? Nola gure elkartasuna eta berotasuna? Manifestuak, elkarretaratzeak,  mobilizazioak ezinbestekoak dira, tamalez hedabideetan ia-ia anekdota hutsen moduan agertu ohi dira, izan ere, eta dakigun moduan, informazioaren zatirik handiena sarraski horien justifikatzaileen eskutan baitaude. Nola saihestu hatzapar hori beraz? Jakin, badakigu irtenbide magikorik ez dagoela, erabateko soluziorik ez dela existitzen; hala ere, hamaika bide izango dira jorratu beharrekoak elkartasuna eta salaketa ahalik eta hedatze handiena eta eraginkorrena izan dezaten.  Alfonso Sastrek, izan diren, dauden eta izango diren beste askoren antzera; antzerkiaren bidea eskaintzen digu, ez arazoaren soluzio bide bezala, jakina, baina bai salaketa eta elkartasuna moduan. Eta hemen etor daiteke gogoeta, alegia,  zer egiten dugu hainbat jende aurrean eskenatokira igotzen garenok geure aldarrikapen grina entzun dadin? Aspaldiko eztabaida da artista eta intelektualen konpromisoa nolako den edo izan beharko lukeen. Garai ezberdinetan indar eta eragin ezberdinak azaldu izan dute eta maiatzaren 68a gogoan asebeteko dira asko (edo trantsizioaren egun “gogoangarriekin” afalosteetan hitzontziak bete). Gaur egun ordea, non daude geure ahotsak? Nahikoa ote da komunikatu bat sinatzea, edo bilkura batean ahotsa jarri beste norbaitek egindako idatziari? Nahikoa ote da, nolabaiteko “ospea” baliatuz, publikoki geure ahotsa entzunarazi mezua oihartzun gehiago izan dezan? Inork ez du esango hori soberan dagoenik, oihartzun gehiago edukitzeko besterik ez bada, egin, egin beharko da. Baina zenbaitetan ez ote ditugun ikusten artista ospetsuak bilkura erraldoietan euren salaketa ahotsa altxatu eta gero, bazkaltzera joan halako sarraskien aurrean epeltasunez edo konplizitatez jokatzen duten gobernu arduradunekin. Jakina, hemen aipatu eztabaidara gatoz, izan ere nor da nork esateko honi edo hari zer egin behar duen, eta egia da hori ere; baina urrats bat hareago jo beharko dugu. Eskenatoki batera igotzen garenok, badugu tresna gozagarria jendearengana heltzeko. Sormenaren bitartez jendearen gogoetara heltzeko tresna da gurea, hausnarketarako tresna da ere antzezlan baten edo ipuin kontaketa baten eskaintza. Eta zer egiten dugu orduan?Zer kontatzen dugu? Zer garrantzia ematen diogu ekintza horri? Zertarako baliatzen dugu?

            Jakina, badator hemen ere aspaldiko eztabaida, alegia, panfletoen arriskua. Eta asko dira horretan erortzen direnak; baina panfletoak eskenatokian (eta agian bizitzan) imajinazioaren kontrako tresnak dira, sormenaren aingurak. Panfletoek zer egin behar den edo ez azaltzen dute, heziketa bide bakarrekoa erakusten dute, gogoeta baztertzen dute. Sortzaileak aldiz, bide guztiak zabalduko ditu eta gogoeta zabala eskaini beharko du. Eta agian horixe izan beharko luke gure lana gertatzen ari diren egoera latzen aurrean, injustizien aurrean, pertsonen eskubideen urraketen aurrean. Sortzailea ez luke izan behar jendartetik aparte bizi den rara avis bat. Eskenatokietan gogoetarako bideak eskaini behar dira, munduaren egoeraz kezka agertu eta beste mundu justuagorako borrokan, proposamenak erakutsi, berdintasunean oinarritutako harremanetan eraikitzen den jendarte baten aldarrikapena hitz eta irudi gogoangarriez bete. Norberak jakingo du zein sorbidea hartuko duen, ez baitago sormenari atakarik jartzerik. Ez dago bide bakarra, estetika bakarra, ikuspegi bakarra. Hala ere ezinbestekoa dugu, lehen lehenik, geure buruari galdetu: nola uztar dezaket nik nire munduaren ikuskera nire lanarekin? Palestinan bezala munduko hainbat lekuetan gertatzen ari direnak (geurean barne), mundu ustel baten aurpegia erakusten digute.

            Eta hasi bezala Sastrerekin amaituko dugu, bere “Dialogo para un teatro vertebral” (Hiru argitaletxea. Hondarribia 2002) idazkitik lapurtua: “Egin dezagun, bada, antzerki ezinezko bat”.