lunes, 15 de diciembre de 2008

Mucucuento ipuin jaialdia Venezuela


Ipuinak kontatzeak badu nolabaiteko kalte kolaterala: bidaiatzea. Ipuinak kontatzeari esker, alde batetik bestera mugitzeko aukera izan ohi dugu, eta horren alderik onenak izango dira, seguraski, bidaia horietan ezagutzen ditugun pertsonak eta lekuak. Ohiko emanaldietaz aparte, ipuin jaialdiak dira aukerarik onena ematen dutenak horretarako. Eta, niri behintzat, parada ederra eman diadate azken asteetan urrutiko parajeak ezagutzeko. Urriaren amaieratik azaroaren hasierara Venezuelako Merida herrian antolatu ohi den Mucucuento jaialdirako gonbidapenari ezin uko egin eta sekulako buelta emanda, Bolibariar Errepublikara heldu nintzen. Geure burua ezkertiartzat dugunontzat (batzuentzat behintzat) Venezuelara jaotea ez da bakarrik herrialde bat bisitatzea, gehiago da. Azken hamar urtetan garatzen ari den iraultza bolibariarra ezagutzeko parada ere bada. Mucucuento jaialdiak ere horretarako aukera ematen zuen. Iraultza hau martxan jarri denetik ezker eskuin garatzen ari dira kultur ekintzak. Jakina, badira baliabide anitzekin egiten direnak eta badira, aipatzen ari garen honen antzera, lau sosekin aurrera ateratzen saiatzen direnak (nork esan du prozesu iraultzailea perfektoa denik?). Bere apaltasunean ordea, sekulako grina erakusten zuten antolatzaileek. Askotan egin ohi dira ekitaldi handiak , arrakastatsuak, mediatikoak, ospetsuak, baina arimarik gabekoak. Venezuelako Meridara agertu ginenok ordea, benetako kultur grina ikusi genuen. Baliabide handirik gabe baina ipuin kontaketari merezi duen garrantzia eman nahian, eta batez ere lagunarteko giroa bultzatu. Kolonbiatik, Ekuadorretik, Brasiletik, Mexikotik eta Euskal Herritik heldutako kontalariok, Venezuelako hainbat kontalariekin batera egun gogoangarriak eman genituen, ipuinak kontatuz eta, batez ere batzuen eta besteen berri jakiten. Jaialdiek, izan ere, interesgarriak izaten baitira harreman hauek egiteko eta beste kontalarien lana ezagutzeko, baina baita ere beste herrialdeetan ipuin kontaketaren egoera nola dagoen jakiteko.
Eta, nola, ez, bueltako maletak, liburuez gainezka ekartzeaz gain, hainbat eta hainbat ideiak eta egitasmoak ekartzen zituen, eta egindako lagun berrien oroimena.
Baina horrez gain, badago beste gogoeta bidea. Venezuelako gobernua eta boterea ezkerrekoa dugu egun, iraultza baten prozesoan bete betean sarturik, aurrerapuso eta kontraesanekin, oker bideak eta egin behar galantekin. Venezuelako prozesu iraultzaile bolibiarra maite dugunok badugu zer ikasi bertatik eta era berean hainbat gogoeta egiteko aukera ere. Kulturgintza ezkerraren betiko kezka izan ohi da, nola gauzatzen da hori ordea? Bertan egindako lagun batek hainbat gauzekin kritiko agertzen zen, zioen "Eventitis" batean sartua zegoela prozesoa, alegia, sekulako eventoak egiten zituztela, diru asko gastatuz, baina gero behe mailan, oinarrian arazo handiak zeudela. Eta honek zer pentsa ematen du. Ezkerrak ez ote ditu eskubiaren eredu berak errepikatzen kulturaren antolamenduan? Nola bultza eta indartu daiteke kulturgintza ez bada oinarri sendoak landuz, "ekitaldititisak" alboratuz? Herri baten kultur bizitzak eta garapenak ez dituzte ekitaldi handiek osatuko, baizik behe behetik lana bultzatuz, oinarri sendoak bilatuz; agian ez dira hain "arrakastatusak" izango, ez dira mediatikoak izango, ez dute sekulako oihartzuna izango, baina askoz ere horizontalagoak izango dira. Ekitaldi handiek beheko dinamika horiek indartzeko eta bultzatzeko ez badira, anekdota hutsak dira. Horregatik handia iruditu zitzaidan aipatzen ari garen jaialdia, oihartzun handirik gabe, izpiritu horrekin blaituta zegoelako. Mucucuento jaialdiaren arrakasta litzateke, ipuin kontaketaren nolabaiteko motorra bilakatzea, armiarma sare baten moduan zabaltzen joatea, eskola, auzo, elkarte, herri, ezberdinetan ipuin kontaketaren grina sartuz.
Eta horregatik itzuli nahiko genuke. Mucucuentora. Venezuelara.