2020(e)ko azaroaren 21(a), larunbata

PERTZEPZIOAK

 

Behin Kanariar Uharteetan nengoen ipuinak kontatzen. Beste askotan bezala, herri bateko ikasleentzat nuen saioa. Haurrak sartu bitartean, irakasleek euren ikasleak nola antolatzen zituzten ikusten egon nintzen. Halako batean, Dow sindromea zuten ikasle batzuk ikusi nituen sartzen; eta nire barneko eltzea irakiten hasi zen. Ulertuko ote dute nik kontatuko dudana? Nola erreakzionatuko dute? Aspertuko ote dira? Gai izango ote naiz euren arreta lortzen? Gogoan dut zenbat gozatu nuen saio horrekin, talde horretako haurren barre algarekin, beraietako batek besaulkitik erori arteraino. Ikasgai ederra jaso nuen saio horrekin; alegia, bizitzan bezala, aurreiritziak ez dutela balio kontatzen zaudenean.

            Larunbatean AHOZ AHO jaialdiaren barnean egiten den Euskal Kontalarien laugarren topaketa burutu zen. Urtero bezala, mahai inguru bat zegoen iragarrita, aurten Pertzepzioak gaiari helduz. Pello Mindegia, Iñaki Carretero eta Mikel Sagarzazu izan genituen gonbidatuak. Itsua lehenengoa, dislexikoa hurrena eta Asperger sindromeduna azkena. Beren ahoetatik entzun ahal izan genuen eurek nola eskuratzen duten mundua, nola jasotzen dituzten ipuinak, nola heltzen dioten gai bati, zer den irudiak sortzea. Kontalariok ipuina gure barnetik kanpora ateratzen dugun istorioa, jasotzen duen bakoitzarengan beste istorio bihurtzen da. Irudimen jolas partekatua da istorioak kontatzea. Hori bagenekien, batzuetan ahaztu egiten dugu, ordea. Munduaren pertzepzioa anitza dela gogoratu behar dugu tarteka.


FANTASIA


Novalis XVIII. mendeko filosofo eta idazle alemaniarra izan zen. Berak utzi zigun idatzita: “Fantastika bat bagenu, Logika bat dugun bezala, asmatzeko artea deskubrituko genukeen”. Esaldi horrek inspiratu zuen Gianni Rodari pedagogo eta idazle italiarra bere Fantasiaren Gramatika idazteko. Azken honek, fantastika errealitatera gerturatzeko tresna gisa ikusten zuen, errealitate horren kontzientzia piztu eta, behar izanez gero,bideak asmatu aldatu dadin.  Fantasiaren jolasaren seriotasuna eta duen indar soziala, berdinzalea, erakutsi zigun Rodarik bere idatzietan. Nola irudikatu mundu berri bat, horiek imajinatzeko ahalmenik gabe? Ernesto Grassi filosofo italiarrak El poder de la Fantasia (Fantasiaren boterea) liburuan dio”(…) fantasiaren aktibitatea (…) uler daiteke ere giza izpirituaren jolas gisa”.

Istorioak kontatzea umeentzako aisialdirako  jardun soil gisa ikusten da oraindik ere, kontuan hartu gabe ipuinak entzuteak duen garrantzia irudimena lantzerakoan; fantasiaren indarraren kontzientzia hartu gabe; horrek, jendartean duen indar eraldatzailea sumatu gabe., Helduengan ere.

Boabentura de Sousa Santos soziologo portugaldarrak “El fin del imperio cognitivo” (Inperio kognitiboaren amaiera) liburuan, Ngũgĩ wa Thiong'o idazle kenyarraren hitzak ekartzen dizkigu: “ahozkotasunaren osagarri generikoak unibertsoa azaltzeko saiakera irudimentsuak dira.” Gaur inoiz baino gehiago kulturgintzak bere funtzioaren gainean gogoeta egin beharra dauka. Fantasia aldarrikatu.