2020(e)ko azaroaren 21(a), larunbata

PERTZEPZIOAK

 

Behin Kanariar Uharteetan nengoen ipuinak kontatzen. Beste askotan bezala, herri bateko ikasleentzat nuen saioa. Haurrak sartu bitartean, irakasleek euren ikasleak nola antolatzen zituzten ikusten egon nintzen. Halako batean, Dow sindromea zuten ikasle batzuk ikusi nituen sartzen; eta nire barneko eltzea irakiten hasi zen. Ulertuko ote dute nik kontatuko dudana? Nola erreakzionatuko dute? Aspertuko ote dira? Gai izango ote naiz euren arreta lortzen? Gogoan dut zenbat gozatu nuen saio horrekin, talde horretako haurren barre algarekin, beraietako batek besaulkitik erori arteraino. Ikasgai ederra jaso nuen saio horrekin; alegia, bizitzan bezala, aurreiritziak ez dutela balio kontatzen zaudenean.

            Larunbatean AHOZ AHO jaialdiaren barnean egiten den Euskal Kontalarien laugarren topaketa burutu zen. Urtero bezala, mahai inguru bat zegoen iragarrita, aurten Pertzepzioak gaiari helduz. Pello Mindegia, Iñaki Carretero eta Mikel Sagarzazu izan genituen gonbidatuak. Itsua lehenengoa, dislexikoa hurrena eta Asperger sindromeduna azkena. Beren ahoetatik entzun ahal izan genuen eurek nola eskuratzen duten mundua, nola jasotzen dituzten ipuinak, nola heltzen dioten gai bati, zer den irudiak sortzea. Kontalariok ipuina gure barnetik kanpora ateratzen dugun istorioa, jasotzen duen bakoitzarengan beste istorio bihurtzen da. Irudimen jolas partekatua da istorioak kontatzea. Hori bagenekien, batzuetan ahaztu egiten dugu, ordea. Munduaren pertzepzioa anitza dela gogoratu behar dugu tarteka.


iruzkinik ez: