2013(e)ko maiatzaren 14(a), asteartea

Gezurra? Egia?


         Nerabeekin kontatzen aritutakoan arrunt maite izaten dut, amaitu aurretik, Tarot kartak atera eta boluntario bat eskatzea. Bolondresa mahairen alde batean jartzen da, ni bestean, eta gelako gainontzeko guztiak mahairen bueltan. Bere burua eskaini duen gaztea urduri samar sumatzen zaio, bizitzaren kezken aurrean jarri baita erantzun bila. Ikaskideak kuxkuxero agertzen dira, baina barneko kezka berdintsuak akuilatuak ere. Kartak agertu bezala, aurrean dudanari azaldutako kezkaren gainean mintzatzen natzaio. Isiltasuna da nagusi eta boluntarioaren aurpegia eta keinu sotilak gogoeten isla dira. Amaitutakoan, mahaitik altxa eta gaztea pentsakor alde egin ohi du, azken galdera egin ondoren: “Baina hau, egia ala gezurra da?”.
         Ipuinak kontatzea bizitzaren kezken aurrean jartzea da, horiek ikusleari transmitituz, berak ere bere gogoetak egin ditzan. Gezurra/egia binomioa abtsolutoaren aurrean jartzen gaitu, zuria ala beltz, esker edo eskuin. Pertsona humanook abtsolutotik kanpo gaudenez, kezken ontzia garenez, dikotomia horren aurrean erabaki beharra bizitza beraren lilura oztopatuko du; bizitzaren magikotasuna aldendu. Eta ipuinek magikotasuna dute ardatz, gogoeta, egia/gezurra bikotea bazterrean utzita, zalantzaren bidezidorren edertasuna.
         Tarot kartak aurrean dituen gazteari, bizitzan aldaketak datozkiola eta horretan pertsona bat edo beste lagungarri izango duela esateko, ez da, jakina, karta horien mintzoa interpretatzeko ahalmen berezia behar, gazte izaeraren bizitzaren aurreko erronka ezagutu baizik. Maite dugu, ordea, istorio baten liluraz entzutea. Kontalariak, gezurtero kuadrila. Ala ez?