Nerabeekin
kontatzen aritutakoan arrunt maite izaten dut, amaitu aurretik, Tarot kartak
atera eta boluntario bat eskatzea. Bolondresa mahairen alde batean jartzen da,
ni bestean, eta gelako gainontzeko guztiak mahairen bueltan. Bere burua eskaini
duen gaztea urduri samar sumatzen zaio, bizitzaren kezken aurrean jarri baita
erantzun bila. Ikaskideak kuxkuxero agertzen dira, baina barneko kezka
berdintsuak akuilatuak ere. Kartak agertu bezala, aurrean dudanari azaldutako
kezkaren gainean mintzatzen natzaio. Isiltasuna da nagusi eta boluntarioaren
aurpegia eta keinu sotilak gogoeten isla dira. Amaitutakoan, mahaitik altxa eta
gaztea pentsakor alde egin ohi du, azken galdera egin ondoren: “Baina hau, egia ala gezurra da?”.
Ipuinak kontatzea bizitzaren kezken
aurrean jartzea da, horiek ikusleari transmitituz, berak ere bere gogoetak egin
ditzan. Gezurra/egia binomioa abtsolutoaren aurrean jartzen gaitu, zuria ala
beltz, esker edo eskuin. Pertsona humanook abtsolutotik kanpo gaudenez, kezken
ontzia garenez, dikotomia horren aurrean erabaki beharra bizitza beraren lilura
oztopatuko du; bizitzaren magikotasuna aldendu. Eta ipuinek magikotasuna dute
ardatz, gogoeta, egia/gezurra bikotea bazterrean utzita, zalantzaren
bidezidorren edertasuna.
Tarot kartak aurrean dituen gazteari,
bizitzan aldaketak datozkiola eta horretan pertsona bat edo beste lagungarri
izango duela esateko, ez da, jakina, karta horien mintzoa interpretatzeko
ahalmen berezia behar, gazte izaeraren bizitzaren aurreko erronka ezagutu
baizik. Maite dugu, ordea, istorio baten liluraz entzutea. Kontalariak,
gezurtero kuadrila. Ala ez?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina