2016(e)ko urtarrilaren 16(a), larunbata

Erretorika

         “Guciak gaiac dira [gizonak]; baña asco izcunde eder edo elocuenciaren erreglaquin landu ta bruñituac bezala;, beste asco erregla gabe beti moldacaitzac gueratcen dira. (…) Argatic erretoricaren artea naturalezari laguntceco da; berezco izcundea bacoitzagan moldatceco ta poliquitceco da; itzac noiz era onetan, noiz bestean, noiz estutu edo guchitu, noiz lasaitu edo zabaldu, noiz goratu, noiz beratu, noiz luzatu, noiz laburtu erreglac dirade. Eusquerac berez itzquera añ bici, añ gozo, añ apañdu ta ederrac, nola beste lengoagec ditu. Baña oriec ondo daquizquiena nor da?”. Agustin Kardaberazek 1761ean argitaratu zuen Eusqueraren berri onac. Beste gogoeta eta ikasbide artean, erretorika klasikoari jarraituz, ohartarazten digu hizkera naturala ez dela nahikoa hizkuntza dotorea erabiltzeko, hizkuntza edertuko duen jakintza behar dela landu.

         Kontalaria jende aurrean ekiten dio bere jardunari, gorputza bezala hitza erabiliz. Hizkuntza du komunikatzeko tresna, istorioak edertzeko baliabidea. Hizkera traketsa erabilita ipuina trakestu egingo du. Kontalaria jende aurrean jartzerakoan hizkuntza eredu bat eskaintzen du eta hori ardura handia da, batez ere haurren aurrean delarik. Kontatzen dituen ipuinak maite baditu, soineko dotorearekin jantzi beharko ditu. “Au gauza ciertoa”.