2020(e)ko abuztuaren 2(a), igandea

OINATZAK


            Bermeora heldu omen zen San Joan Bataiatzailea. Pilatosek Etxea omen zuen herrian eta bertan moztu zioten burua San Joani. Hori dio kontu zaharrak. Arene auzoko emakume batek zioen, burua mozterakoan , oiloei gertatu bezala jazo zitzaiola santuari, alegia, jauzika hasi zela. Hiru jauzietan Gaztelugatxeko baselizara heldu zelarik, bertan haren burua gordetzen delarik. Jauzi horien lekuko San joanen oinatzak gordetzen dira Bermeotik Gaztelugatxera. Anton Erkorekak biltzen du istorio hau “Leyendas, cuentos y Supersticiones. Etnografia de Bermeo 3” liburuan. 
Gaztelugatxera arima penatuak  badoaz ere; eta bidea gauez eginez gero bateren batekin topo egiteko aukera izango duzu. Hori gertatuz gero, ez duzu agurtu behar. Zalantzarik izanez gero aurretik doana ona edo gaiztoa den, hauxe galdetu behar zaio: Parte onekoa edo parte txarrekoa zara? Eta harekin bidea eginez gero, defuntuak beti aurretik joan behar du, “ostentxian seuk erum bisu lepun San Juanerarte”.
            Gaztelugatxeko kultur paisaiaren osagarriak dira hauek. Kultur ondare immateriala. Izan ere, lekuak ez dira bakarrik ikusten direnarekin osatzen, entzuten denarekin ere, herritarren oroimen fantastiko eta magikoarekin. Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxe babes bereziko kultura ondasuna izendatu du, tartean bertako ipuinak eta istorioak. Tamalez, turismo eredu suntsitzailea bultzatu ondoren etorri da. Parte onekoak edo parte txarrekoak diren galdetu beharko genieke. Bitartean zaindu ditzagun harrizko oinatzak, gure kulturaren oinatzak.

2 iruzkin:

ttikiya erabiltzaileak esan du...

Nik parte onekoa izan nuen, gonbidatu zidaten bezain laster: bai esan nuela, eta han joan nintzela lagunarekin, oraindik masifikatua ez zegoen Gaztelugatxera. Eskerrak gonbidapena onartu nuela, bestela, orain hain gertu bizi naizen honetan, ezin izaten baitut joan.
Erantzun hau aitzakiatzat hartu dut honako albiste hau bidaltzeko:
https://www.berria.eus/paperekoa/1886/025/001/2020-08-11/ipuin-harrigarri-eta-dantzagarrienak.htm
Ezagutu nuen nik, kale kantoian ipuinak eta berriketaldi ederrak eskaintzen zituen gizon hura, eta askotan gogoratzen naiz berataz. Artikulu honetan gogoratu naiz, kantoiko gizon honek esaten zidala maiz: "kanta hau nik idatzi nuen, eta behin baino gehiagotan esan didate erregistratzeko, aberats egingo naizela". Baina kale kantoiko gure gizon honek, ez zuen nahi aberastu diruarekin, baizik eta ipuinekin. Ipuinak jaso eta ipuinak eskaintzen dizkiguzu oraindik ere, inongo txanpon trukerik gabe.
Mila esker, Joxemai, zure ipuin bakoitzarengatik eta mila esker zure berriketaldi bakoitzarengatik. Berriketaldiaz gozatzen dakien gutxi geratzen diren honetan.
Eskumiñak eta besarkada haundi bat Gaztelugatxe ondoko herri kresaltsutik.

carrere erabiltzaileak esan du...

Sorpresa eta tsegina halakoak jasotzean (eta pixkat lotsagorritzeko ere). BArkatu berandu erantzutea kontu hauekin iaioegia ez bainaiz eta oraintxe ikusi komentarioa. Mila esker. Eta ez, oraindik ez dut lortu aberastea.