2020(e)ko maiatzaren 10(a), igandea

ISILTASUNA

Isiltasunaren erreferentzia nagusiena, beharbada, kaia barrenian, uraren gainean dagoen ontzi txuri polita izango da. Lagunarteko eta herritar otorduetan kantatzen diogu; kantatzen diogu parrandan taberna zuloan. Isiltasunaren eta bakardadearen ikurra den ontzi txuri politari ozen eta elkarrekin kantatzen diogu. Xabier Letek ere haurrari isilik egotea eskatzen zion, munduak ez omen duelako malkoen beharrik. Antonio Maria Claretek idatzi eta Antonio Antiak itzulitako “Ceruraco bide zucena eta segurua” kristau liburuan emazteen obligazioen artean zazpigarrenean esaten da, “Ischiltzea aserre dagoenean [senarra], eta aserreac dirauen bitartean”. Isiltasunarekin egoera arras desberdinak adieraz daitezke: melankolia, samurtasuna, menpekotasuna. Kontalaritzan, esaterako, erritmoaren ezinbesteko osagarria da. Isiltasuna, esaten ez dena, entzuten ez dena, balio sendoa da komunikazio humanoan. Eta kontalariok isildu egin ginen bi egunez; beste 1000 lagun sortzailekin batera. Bagarela, eta izan nahi dugula ozen oihukatzeko.

Ordea, bada beste isiltasun klase bat. Ikusezintasunarena. Desagertzearena. Ezerezarena. Bi egunez isilik egotea erabaki oldarkorra izan zen; aitzitik, euskal telebistaren berrien saioetan, hiru ordu laurdenetatik, minutu bat kulturari eskaintzea, inexistentziara kondenatzea da. Agian aipatu Clareten lanean aipatzen diren Doncellen obligacioac aplikatzen ari dira: Naitasun limuriari, dantzai, comediai, etc, gorroto izatea. Amen Jesus.

iruzkinik ez: