2008(e)ko maiatzaren 13(a), asteartea

Bota ditzagun antzoki zaharren horma zaharrak


Eskolan, Maiatza ama birjinaren hilabetea zela irakatsi ziguten, eta halaxe ibiltzen ginen kantari “con flores a Maria”. Geroxeago gure maiatzek bestelako kantuak ekartzen zituzten gogora, eta loreak barrikadak altxatzeko harriak bilakatu ziren. Eta orain bizi garen ospakizunen jendarte honetan, mundua aldatu nahi izan zuen maiatza hura ekartzen dugu gogora. “Izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa” hormetan idazten omen zen orduan, orain dela berrogei urte; gaur egun berriz, Erreala mailaz igoko ote denaren zalantza azaltzen duela pentsatuko du bateon batek. Eta 68ko Maiatza aitona-amona aurrerakoien batallitak bezala baino ez dira agertuko. Eta izango dira (eta badira) Armani trajean babesturik, kotxeak kalean nola gurutzatzen diren azalduko duenik, gaztetan halakoak egiten baitziren, orduan.
Baina barrikadaz gain, mobilizazio gogoangarriez gain, lelo irudimentsuez gain, ba ote zegoen beste ezer? Gure zutabe honetako ohiko gaiari helduta, antzerkiari alegia, zer gertatzen ari ote zen orduan antzerkian? Gogoratuko al dira nonbait orduko antzerki batallitak? Izan ere, beste arlo askotan bezala, garai hartako mugimenduek antzerkian sekulako eragina izan zuten, orduan izan baitzen antzerki independentea bezala ezagututako mugimendua martxan jarri zenekoa, gure artean behintzat. Antzerkiaren joera berriak, ez bakarrik molde artistikoetan, baina batez ere antzerki taldeen antolamenduetan azaltzen ziren. Hego Euskal Herrian antzerki talde berriak hasi ziren sortzen, lotura handiak, eta askotan zuzenak, orain dela berrogei urte pil-pilean jartzen ari zen jendartean zeuden mugimendu sozial eta politikoekin. Euskaldunen artean aipatzekoa da Donostiako Jarrai taldeak antzerkia euskaraz egiteko moldeekin ekarri zuen erabateko aldaketa; ezin saihestuz, jakina, orduko bestelako kultur mugimenduekin harreman estua. Gabriel Aresti izan zen idazketa dramatikoari zegokionez, poesian bezala, joera modernoak erakusten saiatu zena, Jarrai taldearekin elkar lan adoretsua erakutsiz. Oiartzungo Intxixu taldeak ere laster helduko zion antzerkigintza euskaldunari joera berriak ekarri nahi horri. Eta jakina, eztabaida publikoak ez ziren falta izan, gogoetak, bide ezberdinen aldeko apustuak, proposamen berriak. Gazteleraz ere ez zen makala sortzen hasi zen giroa, antzerki talde berriak sortuz eta antzerkigintzan gure mugaz gaindi ematen ari ziren joera berri horiek gurean ere isla zitezen. Ordukoak dira Akelarre, Cómicos de la Legua-Kilikilariak, Orain edo Geroa, batzuk aipatzearren. Bai euskaraz zein gazteleraz antzerkigintzak leku garrantzitsua hartu zuen Euskal Herriko kultur mugimenduaren barruan.
Orain maiatza honetan, barrikaden postalak ekartzen ditugu gogora. Orain agintzen dabiltzan askok, agintearen kontra nola errebelatzen ziren gogoratuko dute enpresari eta banku nagusiekin bazkaltzen. Antzerkiarekin ordea, nor gogoratuko da? Nork ekarriko ditu gogora antzerkigintzan ematen ziren eztabaidak? Ez orduko garaien haien nostalgian itotzeko, baizik, oraingo autokonplazentzian edo desesperazioan ez erortzeko. Edo “con flores a Maria…” hasi beharko dugu kantatzen berriro?

iruzkinik ez: