2017(e)ko irailaren 7(a), osteguna

ASPERDURA

Kontaketa saio batera heldu gara. Ikuskaria hasi da, baina handik denbora puska batera, arreta handirik ez diogu jartzen kontalariari eta amaiera heltzeko zenbat denbora geldituko ote den pentsatzen hasiko gara. Asperduraren hastapenean gaude, txikia lehenengo, handiagoa denborak aurrera doan bezala. Orduan, eszenatokian gertatzen ari denari jaramon handirik egin gabe, beste zerbaitez hasiko gara pentsatzen. Edukazioagatik, edo nabarmen ez gelditzeagatik, ez dugu alde egingo. Eta denbora luze egingo zaigu, erlojuko orratzak berunezkoak balira. Beste batean, ordea, kontalariaren saioan erabat sartuta gaude, haren istorioetan bidaiatzen, eta ohartu garenerako amaitu da saioa, ziztuan pasa da. Bi kasuetan ordu bete inguruko iraupena izan dute saioek; zer dela eta, orduan, denboraren malgutasun hori? Beharbada hori konprenituko bagenu asperduraren kontra baliabide bat izango genukeen, denboraren izaera ez baita bakarra, anitza baizik. Kontatzerakoan denbora fantastiko batean murgiltzen gara, ohiko errealitatetik kanpokoa; publikoa denbora horretara ekartzen  jakiten dugun bitartean istorioan jarriko du arreta; aldiz, denbora fantastiko horretatik irtenez gero, errealitatera itzuliko da, bere arreta gunea beste zerbaitetara bideratuz; orduan asperdura etorriko zaio. Kontalariaren lana izango da denbora hori ahalik eta ongien kudeatzea, bere kontakizunean gertatzen ari dena ikuslearen ohiko denboratik at jartzea, erlojuaren orratzen abiadura ahaztuz; denbora berri bat asmatuz.

iruzkinik ez: