2017(e)ko abuztuaren 28(a), astelehena

TRAGANARRUA

Itsasoa zakar ari da. Haizeak gogor. Zerua iluntzen. Eta belaontzia olatuetan dantzan. Ekaitza badator. Mariñelak itsas zabalean galduak, lehorretik urrun. Badira asteak etxetik irten zirela munduaren bestaldera abiatzeko. Bada lehenengo aldiz bidaia egiten duen gaztea, ikarak hartua. Enbata handitzen ari da, eta, beste lagunak bezala, etxearen goxoa du gogoan. Onik aterako ote? Gogora etorri zaio txikitatik entzundako istorio beldurgarriak. Itsasoan hamaika munstro bizi dira, pizti izugarriak, baina denetan beldurgarriena Traganarrua. Bat batean agertzen da, abisatu gabe, eta itsasotik zeruraino igoz, inoiz ikusitako suge erraldoienaren itxura hartuta, dena irensten du. Untziak eta mariñelak. Orro ikaragarria egiten omen du batzuetan, bestetan ixil-ixilik ikusten omen da altxatzen; eta orduan, ez dago ihes egiterik. Istorio hauek guztiak etortzen zaizkio gogora mariñel gazteari, olatu gero eta erraldoiagoen artean balantzaka dabiltzan bitartean; eta otoitz egiten du Traganarrua ager ez dadin. Orduan ikusi du; kareletik gertu. Urak gorantz, zurrunbilo azkarra. Mariñel gazteak ikusi du,Traganarrua itsasotik irteten…

Badira hitzak bere baitan dakartenak mundu fantastiko bat. Esatearekin irudimena pizten dutenak, kontakizunari bidea emanez. Traganarrua, itsasoan gertatu ohi den  fenomeno meteorologikoa da. Ikusgarria. Uretik zerurantz altxatzen den zirimola liluragarria; ikusi duenak inoiz ahantziko ez duena. Irudimen humanoari esker fenomeno fantastikoa bihurtzen dena.

iruzkinik ez: