2010(e)ko urriaren 4(a), astelehena

Kontalaritza zer ote

Ipuin kontalaritzan dugun noiztenkako eztabaida da ea gurea antzerkia ote den edo beste zerbait. Izan ere, definizioen jendarte honetan ezinbestekoa da norbere jardunaren nondik norakoak ahalik eta zehatzen azaltzea. Literatur generoak, musika estiloak, antzerki ikuspegiak, dena sailkatzen da eta definitu. Behar al du, baina, sormenak halako sailkapen sukarrik? Sortzaileak behar al du? Nago gehiago dela merkatuaren arrazoia, hemen ere, gailentzen dena. Eta merkatua, kulturan ere, antolamendua behar du (nahiz eta azken boladan ikusi antolamendu hori sasikoa izan). Ipuin kontalaritza antzerkitik bereizteko kezka, kultur merkatu horretan izen propioaren beharrak bultzatu du hein handi batean. Kontalaritzaren nondik norakoak zertan diren azaldu beharra. Sormen ekintza berezkoa dela aldarrikatu. Hain ezberdinak ote dira ordea, antzerkia eta kontalaritza?

Badira liburuak ikasbideak direnak, etengabe beraiengana ekartzen zaituztenak zalantzak argitzen lagun. Dario Fo antzerkigile italiarrak “Mannuale Minimo dell’attore” idatzi. Antzerkizalearentzat ezinbesteko liburua. Liburuan barrena antzerkiaren oraingo eta aspaldiko kontuak haizatzen ditu. Horien artean, Kontrarreforma garaiko testu bat aipatzen du, Carlo Borromeo Kardinalaren laguntzailea zen Ottolellik esandakoa komikoei buruz: “(…)komikoek ez dituzte errepresentazio guztietan komedia berriaren hitz berberak esaten, aldioro asmatzen dute, muina ikasiz, atal txikietan eta une zehatzetan, ondoren modu inprobisatuan errezitatuz, modu librean, naturalean eta graziosoan trebatuz. Publikoan lortzen duten efektua sekulako parte hartzearena da, modu natural horrek grinak, emozioak, eragiten ditu, arrisku handikoak direnak zentzuen eta lizunkeriaren moralik gabeko festaren goresmena baitira, jokabide onekoen kontrakoak, jendartearen arau santuen oldartzeari deiak, behe jendearen artean nahasmen handia sortzen dituztenak”. Tira, ez dut uste tipo honen iritziz komedianteak eta kontalariak ama ezberdineko semeak izango zirenik. Hala ere, ipuin kontalaritza zertan den, nondik nora jotzen duen jakiteko modurik errazena kontalariak ikustea da, ezagutzea. Bertan ikus ahal izango dugu delako Ottolelli hark arrazoia ote zuen.


ARGIA aldizkarian argitaratutako artikulua

iruzkinik ez: