2010(e)ko irailaren 15(a), asteazkena

Kontalarien V Festa Bermion


Hemen da berriro Euskal Herriko Kontalarien Festa. Boskarrenez bilduko gara hainbat euskal kontalari euskal kontalaritza zertan den erakusteko. Eta horretarako bururatzen zaigun modurik onena geure lana nondik nora den eskaintzea da. Urtero herri ezberdina aukeratzen dugu hitzaren festa ospatzeko. aurten berriro Bizkaia aldera itzuli garelarik, Bermeora. Irailaren azken asteburuan, 25-26, kostaldeko herriaren zokoak ipuinez jantziko ditugu. Larunbatean arratsaldeko 8etan Klaustroan izango da helduentzako saioa; aurten helduentzako kontakizunari indarra eman nahi izan baitiogu, ipuinak entzutea haurren gauza bakarrik ez dela erakusteko. Bertan laupabost kontalarik, proposamen ezberdinen erakusketa egingo dute.
Igandean eguerdiko 11etan Udaleko Balkoitik emango zaio hasiera festari. Eta hortik aurrera txoko ezberdinetan topatuko du bertaratzen denak era guztietako ipuinik, arratsaldeko 3rak arte.
Kontalariekin batera hortxe izango dira ere Bermioko txistulariak, trikitilariak, irrintzilariak, dantzariak eta beste hainbeste herritar, herri osoaren festa izatea nahi baitugu. Asteburu ederra izango delarik zalantzarik ez. Proposamen liluragarria benetan, mundu guztiari luzatzen dioguna. Aukera ezin hobea Euskal Herrian ipuin kontalaritza nola dagoen eta zein eskaintzak egiten dituen. Gurean ipuinak zien ahozkotasunak izan duten, eta duten, garrantzia goraipatzeko ere bada festa hau, izan ere ipuinak, leiendak, istorioak, gure kulturaren parte handia izan baitira, euskal imajinario propio bat sortuz, munduko edozein kulturaren antza. Egun Euskal kontalaritza mugimendua Europan ematen den mugimenduaren partea da eta ikusi besterik ez dago hainbat euskal kontalarik gure mugetatik kanpo egiten dituzten saioak. Bermeoko festa urrats bat da mugimendu horren indartzean.
Bermeo euskal ipuinaren festa bihurtuko da, aurretik Getxo, Aramaio, Pasaia Donibane eta Etxalar izan ziren moduan. Aukera eder hau nork galdu?


iruzkinik ez: