2010(e)ko irailaren 27(a), astelehena

Kontalarien Festaren biharamuna


Eguraldia mehatxuan zebilen arren ederto pasa zen Bermeon bosgarren Euskal kontalarien Festa. Larunbatean euria, sirimiria eta haizea bazebilen ere, Klaustroaren aterpean eman genituen ipuinak. Aurten ipuinak helduentzat ere badirela aldarrikatu nahi izan genuen, eta primerako erantzuna izan genuen. Lehenengo olatua ederki hartu genuen. Euskal Herritik kanpoko gonbidatua ere izan genuen. Alberto Sebastian
kantabriarrak istorio bat eskaini zigun, nonbait Pasaia Donibaneko festan primeran pasa eta berriro bisitatu nahi izan gintuen. Datorren urtetan ez litzateke ideia txarra kontalari gonbidatuaren figura jartzea, kanpoko kontalari lagunak euren istorioak eskaini diezaguten, eta konpainia batez ere.
Igandean eguzkia ageri zen tarteka, hodei ilunak dena dela mehatxuka ibili ziren goiz osoan, baina ez ziren ausartu festa ederra zapuzten. Bermeoko txistulari eta irrintzilariekin hasi genuen eguna eta handik aurrera txoko ezberdinetan euskal kontalariok geure ipuinak barreiatu genituen. Ipuinen kontsultorioan eta Ipuinen orakuluan norbanakoentzat ziren ipuinak oparitzen ziren. Eta igandea izanik ezin txikiteoa utzi, txakolina errege; beraz ipuin poteoa ere izan zen, txistulariak alaiturik. Eta amaitzeko bazkari polita parte hartutakoen artean. Bermeotarrek egindako harrera eskertzea baino ez zaigu
geratzen, ipuinak ez baitira ezer entzun nahi duenik ez bada. Izan ere Festaren helburuetako bat ipuin kontalaritzaren mundua aireatzea baita, eta hainbat proposamen ezberdin daudela, kontalari bakoitzeko bat. Kaleetan, herri baten txoko ezberdinetan kontuak topatzea gure kaleei galtzen ari diren bizitza apur bat ematea baino ez
da. Kaleak, plazak, kantoiak imajinatu egin behar diraere, imajinarioaren sortzaile eta
suspertzaile izan behar dute. Eta herritarrak ipuin horren parte bihurtu.
Sorginen ipuinetan bezala, sasi guztien gainetik , eta laino guztien azpitik, aurtengo festa antolatu izan genuen. Izan ere, goraipatu ohi da ipuinen garrantzia kulturaren lurralde zabalean; gero ordea, trabak eta zailtasunak ez dira gutxi. Baliabide gutxi, hedabide askoren "ahaztura", ezezagutza. Baina bosgarren aldiz ospatutako ipuinaren festa hau, aldi oro, erakutsi du ipuingintza bizirik dirauela, proposamen interesgarriekin, jendearen arreta izaten dutenak. Agian, trabarik handiena, ipuin kontalaritzaren gainean dagoen ezezagutza izango da, batez ere helduen arloan. Pausoka, pauso txikiak, erakusten ari gara ipuin kontaketak bere lekua duela Euskal Herriko kultur bizitzan. Datorren urtean Araba aldera joko dugu, seigarren urtez euskaldun guztiak gonbidatuz, une batez sikiera, ipuinekin asteburu bat pasatzera.













iruzkinik ez: