2010(e)ko irailaren 16(a), osteguna

Laura gogoan


Jakizue, erle maiteok, ezer ez dela gehiago,
bil ezazue argizaria
bidea ilun ez dadin
beldurtu ez gaitezen bidean aurrera
argia behar baitugu.

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula,
ilargiaren distira ez baita nahikoa guretzat,
bila itzazue mendirik ederrenetako
lorerik usaintsuenak
liluragarrienak
zelai zabaletan hazten diren lili
koloretsuenak
argi alaia eta lurrintsua behar baitugu

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula,
ez itzazue ahaztu baina
kale zokoetan
porlanaren zirrikituetan
leku ilunetan
hazten diren lore umilak
nahi dugun argizaria
horien antza behar du ere
argia harroa izan ez dadin

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula
zuen laguntza ezinbestekoa zaigu
bihotza ilun ez dadin
elkar ikus gaitezen
zuek ere etxekoak zarete
horregatik zuengana etorri gara
laguntza eske
argitasuna izan dezagun.

iruzkinik ez: