lunes, 29 de noviembre de 2010

Raoui


“Kontuz, kutxa hori zabaltzen baduzu ez diozu inoiz imajinatzeari utziko”. Ezkutuko istorioak. Ahmed Zusra

Souad Massi kantari argeliarrak kantatzen du “Has zaitez “bazen behin”/ eskaini ametsak./ Has zaitez “bazen behin”./ Gutako bakoitzak badu istorio bat bihotzaren sakonean”. “Raoui” kanta da, “Kontalaria”. Kantariak kontalari bati eskatzen dio ipuin bat konta dezan, haur denboretara eraman gaitzan, ipuinetan galtzeko. Eta haur denbora oroimenaren denbora da, istorioen denbora. Heldutakoan istorio horietara joko dugu, gure oroimena bizirik iraun araziz, berkontatze horretan gu geu ere bizirik jarraituko dugulakoan. Argeliako basamortuko hondarretan zenbat istorio eta misterio gordeko ote dira? “Mintza zaitez paradisuaz eta infernuaz/, inoiz hegan egin gabeko txoriaz./ Emaiguzu bizitzaren zergatia”


Amazonia oihanean barrena ibiltzen bazara zaratak, animalia harrigarriak imajinatuko dituzu. Mombe’uha-k, kontalariak, kontatzen du. Paraguay ibaitik behera ur gezetako izurdea dabil. Brasildik dator bere kolore arrosaz urak tindatzen. Boto arrosa da; ibaiko izurdea. Gau festan agertuko da, pertsona bihurturik, dotore, ezpata gerritik zintzilik; bere begirada liluragarri horri ezingo dio inork muzinik egin… Goizaldearekin uretan barrena desagertuko da. Oroimenean geratuko da kontakizun hau, aspaldian entzun duenaren gogoan. Oroimenak, ibaiko boto beltzak bezala, Tucuxi-k, unerik itogarrienetan salbatu egingo baitu.

Mongoliako estepa amaigabeetan zaldi trosten oihartzuna, Ekuadorreko kitxuaren doinua, Errumaniako janariaren goxoa. Zenbat oroimen ez ote dira sartuko mundua zeharkatuko duen maleta baten barnean. Hura zabaltzerakoan, oroimenak uholde baten antzera zabalduko dira entzun nahi duenaren gogora. Eta uholde horretan oroimen berriak sortuko dira, beste maleta batzuk, beste bidaiak, eta berriro beste kontakizunak, eta munduari bira emango dioten hamaika kontakizun aspaldikoak. Eta gero tangoa entzuten da: “Vivir, con el alma aferrada a un dulce recuerdo,que lloro otra vez”. Zer balio dute ordea oroimenek besteei eskaini ezean? Zer balio du munduaren beste aldera abiatzea hutsik badaramagu ekipaia? Zer dugu eskaintzeko eta zer jasotzeko? Bizitza bidaia luzea dela diote, baina bidaiak hustu egin ditugu. Bidaiatzea kontsumo ekintza bihurtu dugu. Mundua ezagutzea, kotxe berria, edo telebista aurreratuena, edo konputagailu arinena edukitzea bezala da, bidaiatzea. Ezinbestekoa modernitatean egoteko, aurreratua izateko. Nola izan egungo pertsona, bidaiatua izan gabe? Bidaiatu behar dugu, edonora, azkar, berehala. Mundua korritu behar dugu, eta ez dugu astirik zoko guztiak ezagutzeko, argazki guztiak egiteko, hondartza guztietan bainatzeko, mendi guztiak igotzeko, basamortu guztiak lasterka pasatzeko. Presa dugu bidaiatzeko. Eta maletak daramazkigu jakin gabe zer daramagun barruan, eta zer ekarriko dugu bueltan, baina maleta ederrak ditugu. Zer oroimen aterako ditugu gure maletetatik? Zer izango dugu kontatzeko mundu hain zoragarri, liluragarri eta bidaiagarri horren gainean?

Behar dugu besteak entzun; kontatzekoa dutena entzun, patxadaz. Urrutiko lurraldeetakoen berri ezagutu. Mundua lurralde liluragarria da, gure irudimenean zabaltzen dena. Bidaiatzerakoan maleta bete ilusio izan ohi dugu. Ilusio horiek, han, urrutian, distantzia imajinario horretan, partekatu nahiko ditugu, eta itzultzean beste ilusioekin beterik ekarri fardela. Ikasi dugunarekin, eskaini digutenarekin. Eta han, urrutian, orain gure oroimenean dirauen lurralde hartan, utzi dugunarekin gure oroimen imajinario osatuko dute. Eta kontatuko dute. Eta kontatuko dugu. Eta mundu imajinario anitzak sortuko dira, etengabe bidaiatzen dabiltzanak. Gure baitan besterik ez bada. Zergatik orduan ixten dizkiegu ateak? Zergatik kanporatzen ditugu? Zergatik ekipaiarik gabeko bidaietara kondenatzen ditugu? Zergatik euren bidaiak migrazioak dira eta gureak abenturak? Zergatik mugarik gabeko mundua aldarrikatzen dugu, gure etxean hesiak altxatuz? Zeren beldur gara? Agian beldurra ematen digu euren maletak zabaltzerakoan geure imajinazioa txikitan irudikatutako lurralde harrigarri eta misteriotsuetan bidaiatzea. Askatasunez bidaiatzen genuen aspaldiko garai haiek.

Konta zuri kontatu bezala,/ez gehitu, ez kendu./Kontuz, oroimen bat dago./Konta ezazu, gure errealitatea ahaztu arazi./Gal gaitezen “bazen behin” horretan

No hay comentarios: