2011(e)ko otsailaren 20(a), igandea

Abrite portas, klis klas…!




Aita Joxe Arratibel beneditarra eta idazlea hil da Estibalitzen “Arbolan zegoen mutilak garbi-garbi entzuten zuen lapurrek zer esaten zuten. Leitzetik ateratzerakoan: Abrite portas, klis klas…!”. “Lapurren leizea” ipuinaren hasieran kontatzen da pasartea, Joxe Arratibelen ahotik eta eskutik “Kontu zaharrak” (Erein, 1995) liburuan jasota. Beharbada, inor gutxiri ez dio gauza handirik esango, baina Ali Baba eta berrogei lapurrak aipatzen baditugu, orduan gutxi izango da gutxi gora behera kontatzeko gai ez dena, argumentua besterik ez bada. Jakingo zuen Joxek Ali Babarena, baina berak beste hori kontatzen zuen. Bateren bat hasiko da konparazioak egiten edo lehenengo bertsioa zein ote hausnarka; ahozko narrazioan, baina, ez dago konparaziorik ezta, lasterketetan bezala, iritsiera postuen zerrenda. Ahozko tradizioa etengabe birsortzen da. Eta Joxe Arratibelek txikitan entzundakoak kontatu zizkigun, mundu liluragarri eta fantastiko baten oroimen bizia. Kontatu zigun “Txomin Ipurdi”, gaur egun haur askok ezagutzen dutena eta kontalari euskaldun frankoen errepertorioan dagoena. Ez zigun kontatu “El medio pollito” edo “ El Medio Pollé”.

Ataungo Sariarte baserrian, iluna heldutakoan eta mundua izaki beldurgarri eta harrigarriekin betetzen zen garaietan, etxearen babesean entzundako istorioak oroimenera atxiki zitzaizkion eta, berak azaldu bezala, paperera ekarri: “Azkenean aita Ixidro Bastarrika gartzelan sartu zutenean (Salbuespen Egoera eta Estibalitzen irakurri sermoi bat medio) hemen ezer egiteko gogorik gabe gelditu ginen, eta pixka bat burua arintzeko, orduan ekin nion kontu zaharrak idaztea. Hori 1974 inguruan zen”. Miel Anjel Elustondok Kontu Zaharrak edizio berriturako egindako elkarrizketan ipuinen kontaketa tradizionalaren gaineko informazio aski interesagarria eskaintzen digu. Ipuinak kontatzearen funtzio soziala zein humanoa argi ikusten da Arratibelen erantzunetan. Liburuko ipuinen idaztea bera, “burua arintzeko”, euren funtzio psikologikoaz ohartarazten gaitu ere. Joxe Arratibel ez zen biltzailea, ez ikerlaria, ez zuen bere burua idazle gisa hartzen ere; baina oroimen narratiboa zuen, mundu harrigarrien oroimena, belaunaldietan transmititutako ahozko narratiba baten gordelekua bazen. Edozein kulturatan garrantzi handiko altxorra dugu ahozko narrazioa, kultura horren partaide diren jendeen nolabaiteko kosmobisioa osatzen duena, identitate bilgune imajinarioak eraikitzen. Horregatik “Lapurren leizea” ez da “Ali baba eta berrogei lapurrak”, edo “Txomin ipurdi” “Txita erdia”. Eta, era berean, badira. Kultura bakoitzak berera ekarriko ditu kezka eta galdera humanoen azalpen narratiboak, bere errealitatetik ulertzeko, mundu globala mundu partikularretik ulertzeko. Joxe Arratibelek mundu zabal hori Ataungo baserri zokotik azaldu zuen bildutako kontu zaharretan eta guk, euskaldunok, bizi dugun eta gaituen mundu txikia ezagutzeko eskaintza bat jaso dugu, istorio liluragarriekin gozatzeaz gain.

Joxe Arratibel joan zaigu eta, Afrikan dioten bezala, liburutegi bat galdu dugu, ahozko narratiba tradizionalaren liburutegi bat. Pixkanaka kontu zaharren gordailuak diren horiek joaten ari zaizkigu, horien ipuin jakintzaren transmisioa eten ote den da zalantza gelditzen zaigularik. Behar besteko garrantzirik ematen ote diogu kontu zahar horiek, ez bakarrik gordetzea, baina isil ez daitezen? Edo, bestelako eredu narratiboak hartzen ditugu aintzat? Horien garrantzia gure kulturan, ere, ezagutaraztea ezinbestekoa zaigu; ez, ordea, aitzinaren mitifikazio edo goraipatze hutsagatik (askotan gurean egin ohi duguna), baizik tradizioa aurrerako mugimendu bezala ikusiz. Ipuin kontalaritza haurren mundura mugatzen dute maizegi, baloreen heziketara edo irakurketa sutatzeko, aldiz, gutxitan aipatu ohi da bere balorea imajinario kolektibo baten osaketan, munduaren berezko ikuskera baten eraikitzean edo ahozkotasunaren erreferente nagusienetako baten gisa.

Joxe Arratibel joan zaigu eta tamalgarriena da euskal kontalarien artean eta euskal kulturaren mugimenduan isilean igaro dela gertakaria. Geure buruari galdetu beharko genioke gure kultura garatu eta indartzearen alde apostua egiten dugunok ez ote ditugu oraindik hutsune nabarmenegiak.

Zerrate portas, klis klas…!


iruzkinik ez: