2019(e)ko abuztuaren 13(a), asteartea

SORGIN HAIZEA

Lagun batek galdetu dit ea badakidan zer egin behar den sorgina izateko. Zer demontre ibiliko du buruan?, pentsatu dut. Sorgina izan nahiko du? Zertarako ordea? Macbethen ahotan Shakespearek jarritako hitzak datozkit burura Izan ala ez izan, hara hor galdera. Sorgina izan nahi eta akelarrerako bilerara joateko desioak zapuztuak izateak, barneko ezinegona ekar diezaioke edonori. Sorgin izatearen nahiak badu jendartean ezarritako balore murriztaileen kontrako jarrera utopikoa; eta utopiek aurrera egiteko balio dutela ikasi genuen. Bestalde, jakin badakigu sorginak ez direla, baina ez direnik ez dela esan behar. Sorginak pertsonaia fantastikoak direla eta irudimenean baino ez direla bizi, badakigu. Baina sorgin izatearen akusaziopean torturatuak eta akabatuak izan ziren emakumeek askatasun haize ufada ekartzen digute. Lagunari bere jakin mina asetzen laguntzea,
haize hori konpartitzea izango da akaso. Adi beraz.
Sorgin izateko eliza bati hiru buelta eman beharko dizkiozu; batailatua ez bazaude sorgina izango zara; beste sorgin baten arroparik hartu baduzu, bera bezalakoa bihurtuko zara, edo bere eskuetatik orratz ontzia jaso baduzu galtzagorriekin. Etsai Zaharra musukatu baduzu sorgin bihurtuko zara ere. Eta horiek guztiak bete ez badituzu, azken aukera baduzu oin batekin aitaren eginez gero, hau esaten duzun bitartean: Porla se, zalpate, funte fa, funte fi, txiri, biri, ekatsu, amen.  Akelarrerako prest bazaude, sasien gainetik, hodeien azpitik, sorgin haizeak eraman zaitzala, askatasunerantz.

Gara egunkarian argitaratua.

2019(e)ko maiatzaren 31(a), ostirala

MARIERRAUSKIN


Faxismoak ahoa zikina du eta inteligentzia zabortua. Ezjakintasunaren bultzatzaile eta umilkeriaren aldarrikatzaile. Faxismoa bota militar handi bat da, egun larruzko zapata dirdiratsuekin mozorrotua. Faxismoaren hitzak zimaurrez eginak dira, jendarte ilun, atzeratu eta zamatsua elika dadin. Eta Jorge Buixadéren ezpainak (edo espainiak esan beharko dugu?) gorotzez eginak dira. VOX alderdiko partaide honek, Marierrauskin ipuina aitzakia hartuz, feministak iraintzeak eta neskatxak printzesak ezin direla izan esateak, ez du zerikusirik ipuinarekin. Bere irainak faxismoarenak dira. Patriarkatuarenak. Bere zimaur hitzek marierrauskin guztiak iraintzen dituzte. Erresidentzietako grebalariak, hoteletan esplotatzen dituzten “kelliak”, zaintza lanetan dauden emakumeak, umilatuak direnak, bortxatuak, jazartuak… Printzesak izatearekin baino, emakume langile duinak izatearekin amestu eta borrokatzen dutenak; Buixadé eta antzekoen itzala eta oroimena erratzarekin desager araziko dituzten marierruskinak; haizearen askatasunean, sorginek hegan egiteko erabiltzen omen dituzten erratz berdinekin.  Buixadé faxista bat da. Faxista hitz larriz. Faxista goitik behera. Faxista besoa luzatzean eta patrikan gordetzean. Matxista da. Goitik behera, apoak eta arantzak ahotik jaurtitzen. Munduan diren marierrauskin guztien etsai deklaratua. Zenbat dira ordea, bere aho berorik gabe, hitz leun eta dotorez emakumeak sutondoko errautsetara igortzen dituztenak? Ipuin baten amaiera ere merezi ez duen jendea.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea.

2019(e)ko maiatzaren 10(a), ostirala

SORTZAILEAK

Azken aldian ezker eskuin agertzen ari dira sortzaileen gaineko iritziak eta ekimenak. Bazen garaia pentsatuko du askok, arrazoi osoz. Sortzaileak eta artistak kulturaren oinarri garrantzitsuenetakoak dira, euren lanik gabe ez baitago ezer, ez dago ez literaturarik, ez antzerkirik, ez arterik, ez musikarik. Kulturaren ekosistemaren barnean, ordea, sortzaileak eta artistak dira euren lana prekarietate izugarrienean garatzen dutenak. Ez dugu orain hitz egingo sormen lana garatu eta erakuts ahal izateko espazioen beharraz eta hauen baldintzen gainean. Ez gara mintzatuko kulturari, orokorrean eta sortzaileei bereziki, hedabideetan eskaintzen dieten espazioez. Ezta ere kultur programazio eta espazio publikoetan inexistentziara kondenatutakoak direnei buruz. Ez ditugu aipatuko diru zein bestelako laguntzak jasotzeko dauden zailtasun burokratikoak. Horiek guztiek, jakina, arrunt baldintzatzen dituzte sortzaile eta artisten lan ekoizpenak. Hainbeste baldintzatu ezen, uste baino gehiagotan, ez dira egiten nahi diren lanak, merkatuak agintzen dituenak baizik; sortzailearen sormen askatasuna ezbairik gabe baldintzatuz, sormen lanak merkantzia hutsa bihurtuz; kultur eskaintza aske, anitza eta kritikoa baldintzatuz; Herri batek beharko lukeen kultur kritiko, aurrerakoi eta berritzailea bazter bidera igorriz, .
Gai horiek guztiak aspalditik hitzetik hortzera dabiltza irteerarik gabeko bukle maltzurrean. Badago, baina, arlo bat gutxitan aipatzen dena, publikoki behintzat, eta oinarrizkoa iruditzen zaiguna. Sortzaile eta artisten lan prekarietatea arazo larria da kulturaren arloan, batez ere azken hamarkadetan, profesionalizazioaren nahia eta hautua aski zabaldu denean euskal sortzaile eta artisten artean. Lan artistikoak ezegonkortasuna, aldizkakotasuna eta heterogeneitate izugarria dauka beste lan esparruekin alderatuz gero. Zoritxarrez, gutxitan aipatu ohi da artisten eta sortzaileen langile izaera, euren lana, gustukoa dutenez, lan ordu gehienak ezkutuan geratzen direnez (prestaketak, ikerketak, entsaioak…) eta irudi mediatizatu bat erakutsi ohi denez, ez baita “benetako” lan gisa identifikatzen. Artista baten soldata ere definigaitza izan ohi da, gehienetan gainontzeko langileen, hilabeteko soldata ideiarekin zerikusi ez duena, edo lan orduak emanaldia irauten duen denbora horrekin identifikatzen dela soilik.  Irakurle batek ez du jakiten idazleak zenbat kobratuko duen liburua idazteagatik, ezta zenbat denbora eman duen idazteko. Liburua garesti iruditu zaionez usteko du idazlea urre artean bizi dela. Aktorea sari ezaguna jaso duenez, hedabideetan elkarrizketatu dutenez, usteko du antzezlan edo filma horretan bere lana gustukoa izan duenak sekulako bizimodua daramala. Izan ere, jendartera proiektatzen den artisten eta sortzaileen irudia ez da langile arrunt batena, pribilegiatuarena baizik. Are gehiago, ez da pentsatuko langilea denik, beste “zerbait” baizik. Errealitateak bestela dio.
Espainiako Gobernuaren datuen arabera Seguritate Sozialean 2018 urtean afiliatutako artistak 197.187 izan dira. Horietatik 70.445 gutxienez 20 eguneko jarduna izan dute; eta hauetatik euren lanagatik lan tarte horretan, %20k (14.089) bakarrik jaso dute hiru aldiz Gutxieneko Soldata Interprofesionalatik gorako soldata. Iturri berdinaren arabera kolektibo honen urteko aktibitaterik gabeko denbora zortzi hilabetekoa da. Ikusten denez prekarietatea ezaugarririk nabarmenena da sortzaile eta artisten jardunean. Espainiako interprete eta sortzaileen kudeaketa elkarteak (AISGE) bere aldetik ikerketa bat argitaratu zuen 2016. urtean, non azaltzen den Espainiako aktoreen artean %8,17 bakarrik bizi daitekeela bere lanetik, urtean 12.000 eurotik gora irabaziz. Datu kezkagarri gehiago ematen ditu. Lan egiten duten aktore eta dantzarien artean (%43), erdiak baino gehiagok ez ditu urtean 3.000 € irabazten. Deigarria da lan esparru honetan ere emakumeek gutxiago irabazten dutela, zailtasun gehiago dituztelarik lana aurkitzeko.
Hego Euskal Herriko sortzaile eta artistak egoera honen barnean sarturik ikus dezakegu beraien lan egoera prekarietateak eta pobreziak jota dagoela. Eta datu horietan euskaraz aritzen direnen egoera are zailagoa izan daitekeela pentsa dezakegu. Baina euskal sortzaile eta artistak bi estatu artean banatzen dira Frantzia eta Espainiako legediak ezberdinak izanik hauen arteko lan egoeran ere aldea dagoelarik. Frantziako Errepublikan babes handiagoa ematen zaie Intermitenteen legediaren bitartez. Honek esan nahi du euskal sortzaile batek lan egoera ezberdina izango duela mugaren alde batean edo bestean biziz gero.
Honek guztiak argi erakusten digu ezinbesteko dugula Euskal Artisten Estatutua, non euskal jendartean sortzaileen eta artisten garrantzi soziala aldarrikatzen den. Horrekin batera prekarietateari aurre egiteko hainbat neurri planteatu beharko lirateke, kulturaren sektore honen lan duina bideratuz. Euskaraz sortzen dutenek ere nolabaiteko hobariak eta errekonozimendua beharko lituzkete, jendartean ematen den hizkuntz egoera diglosikoa sorkuntzan ere oreka dadin. Estatutu horrek ere bere jarduna Euskal Herrian garatzen duen edozein sortzaile eta artistaren berdintasuna ziurtatu beharko luke Bidasoaren alde batean edo bestean bizilekua izanik ere. Eta, jakina, emakume sortzaileen diskriminazioa ezabatu beharko luke.

Euskal jendartearen zutabeetako bat beharko lukeen kultura sendo eta aurrerakoia ezin da garatu, sortzaile eta artisten lan prekarietatearen egoerari irtenbide duin eta justua eman gabe. Egoera honen konponbideak lagunduko luke jendarte justuagoa, kritikoagoa, berdinagoa eta ez kontsumista eraikitzen, balore ez merkantilistetan, berdintasunezkoetan eta aurrerakoietan oinarrituta.

2019(e)ko apirilaren 20(a), larunbata

KARAKA

Karaka hirira joateko mendira joan beharko dun. Ezin jakin zein ordea. Bertan hagoela jakinen dun mendi hori dela. Basotik barrena hoala sentituko dun hori dela lekua. Presarik gabe ibili, ingurua sentituz, sumatuz basoari darion indarra, arnastuz orbelaren lurrina, entzunez naturaren doinuak. Bidezidorrak ikusiko ditun han eta hemen, Karakara eramango hauena aukeratu beharko dun. Segur aski, lehenengoan kale egingo dun, eta bigarrenean; baina une batean jakinen dun hori dela. Jarraitu aurrera eta aurkituko dun harrizko ate bat, Karaka hiriko sarrera. Zabaldu dadin hitz magikoak ozen esan: Abrite Portas klis klas! Arrastaka zabalduko da. Barruratzean ilunak inguratuko hau. Atea itxi behar da. Zerrate Portas klis klas! Orduan, argitasuna egingo da eta hire aurrean Karaka hiria izango dun, harrizko hiri imajina ezina. Esnezko errekak zeharkatzen du alderik alde. Etxeak eta kaleak harrizkoak dira, harri lizunduak eta dirdiratsuak. Han eta hemen irudimenean bizi diren izakiak ikusiko ditun. Beraiekin mintzatzerakoan beti hitanoa erabili beharko dun; eta dendaren batean sartuz gero, sartu bezala irten beharko dun. Begi bakarreko erraldoiak; ahate oinak dituzten neska lerdenak; orratz ontzia bizilekua duten galtzagorriak... Dena da posible Karaka hirian.

Ipuinak kontatzerakoan bidezidor egokia aurkitu behar da, jakin gabe zein den. Irudimenaren atea zabaldu behar da, formula egokia erabiliz. Eta behin barruan egonda dena posible dela sinistu. Karaka atea zabaltzea, bizitzan barneratzea da.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2019(e)ko martxoaren 21(a), osteguna

CASAKATXAN

Amona etxe zahar batean bizi zen, pasillo luzea zuena. Pasilloaren amaieran gela txiki bat zegoen. Amonaren oroimenen gordelekua. Ane ez zen ausartzen haraino heltzen, leku iluna baitzen, eta beldur pixka bat ematen ziolako; baina urrutitik jakin minez begiratzen zuen gela txiki hura; zer gordeko ote zuen amonak bertan? Egun batean, argi ahul baten distira ikusi zuen atearen azpiko zirrikitutik ateratzen. Kuriositateak bultzatuta, kontu handiz gelaraino gerturatu zen. Atea dardarti zabaldu zuen eta hamaika trasteren itzalak ikusi zituen. Mahai txiki eta zahar baten gainean zegoen liburu zahar batetik zetorren argitasun magiko hark. Jakin minez, eta apur bat izututa, libururaino gerturatu eta azalean argituta zeuden hitzak irakurri zituen: Inongo Hiriak. Casakatxan. Liburua zabaldu eta irakurtzen hasi zen. Bat batean  liburuaren barnean zegoen. Casakatxanen merkatuan zegoen, inon diren merkantzia harrigarrien merkatuan. Ane liluraturik paseatzen da hiriko kale estuetatik barrena…

Ane Gebarak, kontalari gasteiztarrak azaldu zigun zer esan nahi du gasteiztarrentzat Casakatxanera joateak. Nonbait urrutira joatea da. Nondik ote zetorren halakorik jakin nahi izan zuen. Aspaldian, ba omen zegoen hirian apur bat aparte, denda bitxi bat, denetarik saltzen zuena, Katxanen denda. Katxan, denda bezala, tipo bitxia omen zen, alproja samarra. Garai hartan, amak haurra Casa Katxanera bidaltzen zuenean, urrutira bidaltzen omen zuen. Hortik adiera. Ipuinetako leku liluragarria. Inongo hiria.

GARAn argitaratutako zutabea.

2019(e)ko otsailaren 7(a), osteguna

BAGARA


gara elkartasuna bilaketarekin bat datozen irudiakBadira urte batzuk hamabostean behin zutabe hau idazten hasi nintzela. Kontalaritza ardatz, hamaika kontutxo argitara eman ditut. Hamaika buruhauste azaltzeko zertan den euskal kontalaritza, edo ipuintxo bat eskaintzen, edo boteprontoan ekarritako pasadizoren bat. Jende aurrean kontari aritzerakoan ez bezala, txoko honetatik publikoa imajinatu egin behar duzu; imajinatu behar duzu pertsona bat asteartean egunkaria erosten, kafe baten aurrean orriak pasatzen, tarteka geldialditxoa egiten, interesa piztu dion horretan eta, kulturako orrietara heltzerakoan, zutabea ikusirik, minutu pare bat hartzen irakurtzeko. Irakurle imajinarioa da zure buruan, jende aurreko emanaldietan ez bezala. Eta nahiko zenuke jakin zer etorri zaion burura amaitzean; jakin minik sortu ote zaion kontalaritzaren gainean, iritzirik ba ote duen, gogoetarako bidea hartu duen. Egunkari irakurlea ez dago zure aurrean; ordea egon badago, Marc Legasseren Ilargizaharreko Kontrabandisten moduan. Baina haiei bezala, inexistentziara kondenatu nahi dute irakurle hori, hamabostean behin idazten duzun zutabetxo horren irakurle, agian, kasualitatezkoa. Beharbada irakurle horrek ez daki Euskal Herri osoan, eta Estatu espainiarrean, ez dagoela beste egunkaririk halako lekurik, halako maiztasunarekin uzten dionik kontalaritzari. Ohartzen zara orduan zutabe bat baino gehiago dela hamabostean behineko espazio hori, ohartzen zara kontalaritzaren inexistentziaren kontrako espazioa ere badela. Eta, GARAri esker, bagara.

GARA egunkarian argitaratua

2019(e)ko urtarrilaren 28(a), astelehena

HITZ GALDUAK

Behin, kontalari batek hitz bat galdu zuen. Eta hitz arras garrantzitsua zen ipuina amaitzeko. Ez zen ohartu ipuina kontatzen hasi arte. Jendeak arretaz jarraitzen zuen bere kontakizuna, intrigaz, istorioa nola jarraituko zuen irrikaz. Kontalaria erabat sartuta kontakizunean, lurralde harrigarrien barrena bidaiatzen, pertsonaia fantastikoak entzulearen irudimenean ager arazten, abentura liluragarriak konpartitzen. Eta, bat batean, isildu egin zen. Begirada inongo basamortuaren ostertzari so. Gogoa labirinto isilean galdua. Hitz bat falta zitzaion. Hitz ezinbestekoa, istorioaren korapiloa askatuko zuen gakoa. Jakinduria guztiak bere baitan biltzen zuen hitza. Eta oroimenaren lanbroan galdua zen. Nora ihes egin ote zuen? Hasieran, publikoak pausa dramatikoa izango zelakoan zegoen, baina pausa luzatzen ari zela ikusirik, kontalariaren irudi izoztua ikustean, pixkanaka alde egiten hasi zen, bakoitzak bere buruan istorioa amaitzen saiatuz, elkarren artean aburuak egiten. Azkenean jende guztia joan eta kontalaria bakarrik jarraitu zuen gogoa galduta, hitza desagertua bilatzen lurralde ezezagunetan. Eta ipuina inexistentziara kondenatuta.

Nora doaz galdutako hitzak? Nork lapurtzen dizkigu? Agertuko al dira inoiz? Ez dira hitzak, besterik gabe, esaera egitura txikiak. Burmuinean kalanbre moduko bat eragiten du hitz bakoitzak, irudi baten bila abiatzen da, sentimendu bat eragin. Eta ahotik irtetean jasotzen duenaren barnean beste bidaia hasten da. Hitz galduetan bizi ote gara?

GARA egunkarian argitaratutakoa