2019(e)ko otsailaren 7(a), osteguna

BAGARA


gara elkartasuna bilaketarekin bat datozen irudiakBadira urte batzuk hamabostean behin zutabe hau idazten hasi nintzela. Kontalaritza ardatz, hamaika kontutxo argitara eman ditut. Hamaika buruhauste azaltzeko zertan den euskal kontalaritza, edo ipuintxo bat eskaintzen, edo boteprontoan ekarritako pasadizoren bat. Jende aurrean kontari aritzerakoan ez bezala, txoko honetatik publikoa imajinatu egin behar duzu; imajinatu behar duzu pertsona bat asteartean egunkaria erosten, kafe baten aurrean orriak pasatzen, tarteka geldialditxoa egiten, interesa piztu dion horretan eta, kulturako orrietara heltzerakoan, zutabea ikusirik, minutu pare bat hartzen irakurtzeko. Irakurle imajinarioa da zure buruan, jende aurreko emanaldietan ez bezala. Eta nahiko zenuke jakin zer etorri zaion burura amaitzean; jakin minik sortu ote zaion kontalaritzaren gainean, iritzirik ba ote duen, gogoetarako bidea hartu duen. Egunkari irakurlea ez dago zure aurrean; ordea egon badago, Marc Legasseren Ilargizaharreko Kontrabandisten moduan. Baina haiei bezala, inexistentziara kondenatu nahi dute irakurle hori, hamabostean behin idazten duzun zutabetxo horren irakurle, agian, kasualitatezkoa. Beharbada irakurle horrek ez daki Euskal Herri osoan, eta Estatu espainiarrean, ez dagoela beste egunkaririk halako lekurik, halako maiztasunarekin uzten dionik kontalaritzari. Ohartzen zara orduan zutabe bat baino gehiago dela hamabostean behineko espazio hori, ohartzen zara kontalaritzaren inexistentziaren kontrako espazioa ere badela. Eta, GARAri esker, bagara.

GARA egunkarian argitaratua

iruzkinik ez: