2019(e)ko maiatzaren 31(a), ostirala

MARIERRAUSKIN


Faxismoak ahoa zikina du eta inteligentzia zabortua. Ezjakintasunaren bultzatzaile eta umilkeriaren aldarrikatzaile. Faxismoa bota militar handi bat da, egun larruzko zapata dirdiratsuekin mozorrotua. Faxismoaren hitzak zimaurrez eginak dira, jendarte ilun, atzeratu eta zamatsua elika dadin. Eta Jorge Buixadéren ezpainak (edo espainiak esan beharko dugu?) gorotzez eginak dira. VOX alderdiko partaide honek, Marierrauskin ipuina aitzakia hartuz, feministak iraintzeak eta neskatxak printzesak ezin direla izan esateak, ez du zerikusirik ipuinarekin. Bere irainak faxismoarenak dira. Patriarkatuarenak. Bere zimaur hitzek marierrauskin guztiak iraintzen dituzte. Erresidentzietako grebalariak, hoteletan esplotatzen dituzten “kelliak”, zaintza lanetan dauden emakumeak, umilatuak direnak, bortxatuak, jazartuak… Printzesak izatearekin baino, emakume langile duinak izatearekin amestu eta borrokatzen dutenak; Buixadé eta antzekoen itzala eta oroimena erratzarekin desager araziko dituzten marierruskinak; haizearen askatasunean, sorginek hegan egiteko erabiltzen omen dituzten erratz berdinekin.  Buixadé faxista bat da. Faxista hitz larriz. Faxista goitik behera. Faxista besoa luzatzean eta patrikan gordetzean. Matxista da. Goitik behera, apoak eta arantzak ahotik jaurtitzen. Munduan diren marierrauskin guztien etsai deklaratua. Zenbat dira ordea, bere aho berorik gabe, hitz leun eta dotorez emakumeak sutondoko errautsetara igortzen dituztenak? Ipuin baten amaiera ere merezi ez duen jendea.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea.

iruzkinik ez: