viernes, 10 de mayo de 2019

SORTZAILEAK

Azken aldian ezker eskuin agertzen ari dira sortzaileen gaineko iritziak eta ekimenak. Bazen garaia pentsatuko du askok, arrazoi osoz. Sortzaileak eta artistak kulturaren oinarri garrantzitsuenetakoak dira, euren lanik gabe ez baitago ezer, ez dago ez literaturarik, ez antzerkirik, ez arterik, ez musikarik. Kulturaren ekosistemaren barnean, ordea, sortzaileak eta artistak dira euren lana prekarietate izugarrienean garatzen dutenak. Ez dugu orain hitz egingo sormen lana garatu eta erakuts ahal izateko espazioen beharraz eta hauen baldintzen gainean. Ez gara mintzatuko kulturari, orokorrean eta sortzaileei bereziki, hedabideetan eskaintzen dieten espazioez. Ezta ere kultur programazio eta espazio publikoetan inexistentziara kondenatutakoak direnei buruz. Ez ditugu aipatuko diru zein bestelako laguntzak jasotzeko dauden zailtasun burokratikoak. Horiek guztiek, jakina, arrunt baldintzatzen dituzte sortzaile eta artisten lan ekoizpenak. Hainbeste baldintzatu ezen, uste baino gehiagotan, ez dira egiten nahi diren lanak, merkatuak agintzen dituenak baizik; sortzailearen sormen askatasuna ezbairik gabe baldintzatuz, sormen lanak merkantzia hutsa bihurtuz; kultur eskaintza aske, anitza eta kritikoa baldintzatuz; Herri batek beharko lukeen kultur kritiko, aurrerakoi eta berritzailea bazter bidera igorriz, .
Gai horiek guztiak aspalditik hitzetik hortzera dabiltza irteerarik gabeko bukle maltzurrean. Badago, baina, arlo bat gutxitan aipatzen dena, publikoki behintzat, eta oinarrizkoa iruditzen zaiguna. Sortzaile eta artisten lan prekarietatea arazo larria da kulturaren arloan, batez ere azken hamarkadetan, profesionalizazioaren nahia eta hautua aski zabaldu denean euskal sortzaile eta artisten artean. Lan artistikoak ezegonkortasuna, aldizkakotasuna eta heterogeneitate izugarria dauka beste lan esparruekin alderatuz gero. Zoritxarrez, gutxitan aipatu ohi da artisten eta sortzaileen langile izaera, euren lana, gustukoa dutenez, lan ordu gehienak ezkutuan geratzen direnez (prestaketak, ikerketak, entsaioak…) eta irudi mediatizatu bat erakutsi ohi denez, ez baita “benetako” lan gisa identifikatzen. Artista baten soldata ere definigaitza izan ohi da, gehienetan gainontzeko langileen, hilabeteko soldata ideiarekin zerikusi ez duena, edo lan orduak emanaldia irauten duen denbora horrekin identifikatzen dela soilik.  Irakurle batek ez du jakiten idazleak zenbat kobratuko duen liburua idazteagatik, ezta zenbat denbora eman duen idazteko. Liburua garesti iruditu zaionez usteko du idazlea urre artean bizi dela. Aktorea sari ezaguna jaso duenez, hedabideetan elkarrizketatu dutenez, usteko du antzezlan edo filma horretan bere lana gustukoa izan duenak sekulako bizimodua daramala. Izan ere, jendartera proiektatzen den artisten eta sortzaileen irudia ez da langile arrunt batena, pribilegiatuarena baizik. Are gehiago, ez da pentsatuko langilea denik, beste “zerbait” baizik. Errealitateak bestela dio.
Espainiako Gobernuaren datuen arabera Seguritate Sozialean 2018 urtean afiliatutako artistak 197.187 izan dira. Horietatik 70.445 gutxienez 20 eguneko jarduna izan dute; eta hauetatik euren lanagatik lan tarte horretan, %20k (14.089) bakarrik jaso dute hiru aldiz Gutxieneko Soldata Interprofesionalatik gorako soldata. Iturri berdinaren arabera kolektibo honen urteko aktibitaterik gabeko denbora zortzi hilabetekoa da. Ikusten denez prekarietatea ezaugarririk nabarmenena da sortzaile eta artisten jardunean. Espainiako interprete eta sortzaileen kudeaketa elkarteak (AISGE) bere aldetik ikerketa bat argitaratu zuen 2016. urtean, non azaltzen den Espainiako aktoreen artean %8,17 bakarrik bizi daitekeela bere lanetik, urtean 12.000 eurotik gora irabaziz. Datu kezkagarri gehiago ematen ditu. Lan egiten duten aktore eta dantzarien artean (%43), erdiak baino gehiagok ez ditu urtean 3.000 € irabazten. Deigarria da lan esparru honetan ere emakumeek gutxiago irabazten dutela, zailtasun gehiago dituztelarik lana aurkitzeko.
Hego Euskal Herriko sortzaile eta artistak egoera honen barnean sarturik ikus dezakegu beraien lan egoera prekarietateak eta pobreziak jota dagoela. Eta datu horietan euskaraz aritzen direnen egoera are zailagoa izan daitekeela pentsa dezakegu. Baina euskal sortzaile eta artistak bi estatu artean banatzen dira Frantzia eta Espainiako legediak ezberdinak izanik hauen arteko lan egoeran ere aldea dagoelarik. Frantziako Errepublikan babes handiagoa ematen zaie Intermitenteen legediaren bitartez. Honek esan nahi du euskal sortzaile batek lan egoera ezberdina izango duela mugaren alde batean edo bestean biziz gero.
Honek guztiak argi erakusten digu ezinbesteko dugula Euskal Artisten Estatutua, non euskal jendartean sortzaileen eta artisten garrantzi soziala aldarrikatzen den. Horrekin batera prekarietateari aurre egiteko hainbat neurri planteatu beharko lirateke, kulturaren sektore honen lan duina bideratuz. Euskaraz sortzen dutenek ere nolabaiteko hobariak eta errekonozimendua beharko lituzkete, jendartean ematen den hizkuntz egoera diglosikoa sorkuntzan ere oreka dadin. Estatutu horrek ere bere jarduna Euskal Herrian garatzen duen edozein sortzaile eta artistaren berdintasuna ziurtatu beharko luke Bidasoaren alde batean edo bestean bizilekua izanik ere. Eta, jakina, emakume sortzaileen diskriminazioa ezabatu beharko luke.

Euskal jendartearen zutabeetako bat beharko lukeen kultura sendo eta aurrerakoia ezin da garatu, sortzaile eta artisten lan prekarietatearen egoerari irtenbide duin eta justua eman gabe. Egoera honen konponbideak lagunduko luke jendarte justuagoa, kritikoagoa, berdinagoa eta ez kontsumista eraikitzen, balore ez merkantilistetan, berdintasunezkoetan eta aurrerakoietan oinarrituta.

No hay comentarios: