2016(e)ko maiatzaren 2(a), astelehena

BERRITSU

            Etengabeko hizketaldian dagoen haurrari deitu ohi zaio berritsua, modu samurrean, sinpatikoan. Grazia egiten digu haur txiki bat etengabeko jarioan entzutea. Ordea, hizkuntzaren munduan murgildu eta esan behar horrek irribarretik gogaitzera ere eraman gaitzake, noiz isilduko ote den ezin jakin. Helduetan ordea, etengabeko kontatze horrek ez du hain irudi sinpatikoa. Berritsua kuxkuxeroa ere izan baitaiteke, bost axola zaizkigun gauzetan belarria berotzen diguna, kiskaltzeraino batzutan. Berritsua berriak etengabe ematen dizkiguna genuke, hamaika pasadizoen kazetari hizlaria. Hitza hitzetik hortzera darabilen goi mailako kirolaria. Berritsua punk kontzierto burrunbatsuaren erdian hartaz eta hontaz ariko da burrunbadari muzin eginez. Irakaslea gelan isilarazten saiatu arren hortz artean jarraituko du haur berritsua bere marmarra. Berritsua hizkuntzaren gimnasta da, berri emaileen elitea, filologoen heldu ezineko gailurra, uraren murmurioaren konpetentzia, aspirinen salmentaren igo arazlea.

            Kontalariok ez ote gara berritsuen intelektualak? Behin baino gehiagotan kontaketa saio batera joandako norbaitek galdetu ohi du, harrituta, nola egon gaitezke ordu t’erdiz isildu gabe hizketan. Lagun artean entrenatuta, erantzun ohi dut batzutan, txantxetan. Kontalariok ahozkotasunaren artearen berritsuak izango gara beharbada. Dena dela, lanketa handia eskatzen du modu artistikoan kontaketaren atzaparretan publikoa harrapatzea, berritsukerietan ibili gabe berritsutasunean aritzeko.

iruzkinik ez: