2016(e)ko maiatzaren 4(a), asteazkena

KALAKARI

         Errotek duten zur txikia da kalaka. Martxan dagoela kala-kala-kala egiten du etengabe errotak; kala-kala-kala amaigabean mintzatzen da errota. Kalaka da hitz jario agor ezina, albokoak ernegatu arte egiten ohi dena. Eta horrela aritzen direnak kalakariak ditugu. Kalakariak kupidarik ez du ondokoekin, bere kalaka belarria erasotu eta burmuina lehertzeraino sartzen zaio parean duenari. Errotako kala-kala-kala amaigabe horren pare. Errotako, ordea, badago gelditzerik, uraren jarioa eten eta akabo kalaka amaigabea. Nola eten, baina, hitz jarioa kalakariari? Badirudi munduko hiztegi guztiak dituela zur txiki horren lana hartzen duen mingain haragitsuak. Kalakariak arnasik hartzen ote duen zalantzak izaten dira; beharbada alboka jotzeko teknika erabiliko du, arnasa hartzen delarik ere jotzen dela. Kalakariak diren eta ez diren gai guztien gaineko iritzia du, pasadizorik bitxienak ezagutzen ditu. Kalakariaren ahotik hitzak ziztu harrigarrian irteten dira, abiadura errekorrak hautsiz. Kalakaria, kalanbriatsuaren eta kalapitariaren ezpal berekoa da; hirurak elkartuz gero kalamatika galanta sortuko dute dauden lekuan daudela.

         Kontalariaren arrisku handia da kalakari bihurtzea. Etengabeko hitz jarioan galduta kontatzearen arrazoia ahaztuz, kontaketaren itsasoan naufrago bihur daiteke. Norabidea erratuta, hitzen olatuen kulunkan zorabiatuz, ipuinek bere ontzi hondatua kolpatuko dute, eta azkenak hondora joko du. Zertarako kontatu jakin ezean kala-kala-kala ariko da kontalaria.

iruzkinik ez: