2016(e)ko maiatzaren 18(a), asteazkena

BERRIKETI TABARRA

            Lagun artean berriketan pasa ohi dugu, kontu kontari, hitzaspertuan, txatxala-patxalan. Hontaz eta hartaz ematen dugu denbora txikiteoan, mendi bueltan, otorduetan. Hitza izaten dugu lagunarteko bidea. Hamaika gai gurutzatuko dira halakoetan, batetik bestera pasaz, batzuetan lasai, bestetan trumilka. Badira okasioneak, ordea, lasai egon nahi, eta norbait hasten zaizula auskalo zertaz mintzatzen. Hitzen soinua entzuten duzu, baina esanahiari kasu handirik egin gabe, besteak kupidarik gabe berbetan jarraitzen duen bitartean. Zure pentsamendua bere aldetik ari da, bidaiatzen ahalik eta urrutien. Halako batean, besteari begiratu eta barrutik atera zaizu: “Hau berriketi tabarra!” Berbalariak une batez atertu du hitz jasa. Ulertu ez duenaren aurpegi keinua egin du eta isilune labur baten ostean, berbaldiari eutsi dio.

            Kontalaria jende aurrean ari da istorio bat beste baten ondotik heltzen. Ez da konturatu baina bada denbora puska bat ikusleen begiradak airean galdurik daudela, pentsamenduak biraka, beste lekurantz. Hala ere kontalariak berean jarraitzen du, hitzak kateatzen, kate luzea eta astuna osatuz. Berben soinuak marmarra dira aurrean dituen belarrietan. Batzuk erlojuak begiratzen ari dira, saiheska. Beste batzuek, eskua eramaten dute aho zabalera, disimuluan. Eta kontalariak, keinu horiei guztiei jaramonik egin gabe jarraitzen du bere ele murmurioarekin. Ez du ulertu kontaketa joan etorriko ekintza dela, elkar trukatzea. Ez du ulertu ez dela berriketi tabarra.

iruzkinik ez: